Tradizioari eutsi diotenak

Tradizioari eutsi diotenak

N. S. O.

Negu luzean lozorroan egon den hartza haitzulotik ateratzear da, lurraren emankortasunak ekarriko dizkion jakien bila. Janaria urri den garaian indarrak gordetzen egon da, geldi-geldi, energiarik ez gastatzeko. Animalia haitzulotik ateratzen den garaiarekin batera loratzen dira inauteriak ere. Tradizioari eustea lortu duten horietako askotan hartza bera izaten da protagonista. Beste herri batzuetan bestelako ohiturak izan dituzte; eta askotan, eutsi egin diete antzinako ospakizun ereduei.

ABANTO

Meatzaldeko Harrigorria dantza taldeak meategietako aratuste tradizionala berreskuratu zuen Abanton, aspaldi. Inausketak egiteko garaian murgiltzen da herria garai horretan. Mozorrotutako herritarrek intsektuak irudikatzen dituzte. Etxez etxe ateratzen dira goizez, janari eske. Antzezpen horren bidez irudikatzen dute intsektuek jaso dutela dagokien ordainsaria. Beraz, udako beroaldietan ezin izango dute jada jasoa duten ordainsariaren eskean itzuli. Besteak beste, meatzariei kalte egiten zien Bizkarbaltza izeneko pertsonaia atera dute kalera azken urteetan. Hartza edota sorginak ere ateratzen dira, beste batzuekin batera.

MARKINA-XEMEIN

Hartzaren ibilaldia eta Zaragi dantza dira Markina-Xemeingo inauterietako ekitaldi nagusiak. Zerutxu taldeko dantzariek zaragi dantza egiten dute domeka goizetan, herriko hainbat lekutan. Beste alde batetik, hartza eta haren laguntzailea ateratzen dira. Hartza ikusleak beldurrarazten ibiltzen da. 2020an lehenengoz atera ziren dantzara Zerutxu dantza taldeko dantzari emakumezkoak zaragi dantzan. Ordura arte, gizonek baino ez zuten egiten dantza hori.

MUNDAKA

Goizean zuriz eta iluntzean beltzez janzten dituzte Mundakako kaleak atorrek eta lamiek. Gizonak atorra eta praka zuriak jantzita ateratzen dira. Samatik behera besoak ere estaltzen dizkieten azpiko gona zuria janzten dute. Buruan zapi gorria eta burkoaren azala dituztela aritzen dira kalejiran, aratusteekin lotutako kantuak abesten.

Elezahar baten arabera, Anton Erreka kondea mozkortuta iritsi zen etxera. Emaztearen haserrealditik ihes egiteko presarekin, konturatu gabe, haren azpiko gona jantzita atera omen zen kalera. Herritarrek kondearen jarrera imitatu zuten, eta erromeria luzea egin zuten.

Iluntzean, lamiek hartzen diete lekukoa atorrei. Aurpegi zuriek eta kolore bereko ileordeek kontrastea egiten dute haien soineko beltzekin. Haiek ere kantuan ateratzen dira, eta inauterietako dantzak ere egiten dituzte kalejiran zein plaza nagusian. Zantzoka eta saltoka aritzen dira batean eta bestean.

TRAPAGARAN

Trapagaranen 1936ko gerraren aurretik egiten zuten Carrascoliendas izeneko kalejira egiten dute. Ikertu dutenaren arabera, 1920. urtera arte ospatzen zituzten Carrascoliendas direlakoak. Urte hartatik aurrera, ohitura ahulduz joan zen. Geroago, frankismoak debekatu egin zuen. Herriko gaztetxeak eta dantza taldeak berreskuratu zituzten inauteri haiek.

Inauterietako eguenean ateratzen ziren herritarrak kalera, janari eske, etxez etxe, eskuan oilar bat zeramatela. Oilar beltzari buruzko kantuak abesten zituzten. Horrez gain, garai hartako arazo politikoak edo auzoko aferak ere izaten zituzten aztergai kantu haiek. Gaur egun, zapatuz ateratzen dira. Eta kantuan ez ezik, dantzan ere egiten dute.