Sorginola gaztetxeko kideek negoziaziorako deia egin dute

Sorginola gaztetxeko kideek negoziaziorako deia egin dute

J. West Larrañaga.

2021eko udan jakin zuten Durangoko Sorginolako kideek gaztetxea eta ondoko fundizioaren lursaila Eusko Jaurlaritzaren Sprilur enpresa publikoak erosi zituela. Iragan urtarrilean, berriz, maiatzean botako dutela. Durangoko Maristak ikastetxearekin egin zuten akordioa Durangaldeko Mankomunitateak eta Eusko Jaurlaritzak, azken horrek lursailak erosteko, deskontaminazioa egiteko eta ikastetxeari saltzeko. Bertan eraikiko dute eskola berria.

2015ean okupatu zuten herriko gazte batzuek Fundifes fundizioaren bulegoen eraikina, eta sei urte baino gehiago egin dituzte lekua biziberritzen. Gaztetxeak salatu du inork ez diela inoiz ere ofizialki abisurik eman. “Prentsan ikusi genuen lurrak saldu zirela, baina inork ez zigun abisurik eman, nahiz eta oso argi dagoen lursail horietan gaztetxe bat dagoela”, azaldu du Oneka Etxegibel kideak. Haren arabera, prentsan erakutsitako argazkian, fundizioa erakutsi nahi izan zuten, gaztetxea “ezkutatuz”, estaliz zeozer dagoela “bizirik, lanean eta mugimenduan”.

Gazteek uste dute espekulazioa dela operazioaren arrazoia. “Erakunde publiko batek erosi ditu lur horiek, dirutza utziko du deskontaminazioan, eta uste dugu merke salduko diela, dirua galduz”. Gainera, Maristak ikastetxeak adierazi izan du proiektua bideragarria izateko Durangoko Udalak erdigunean daukan egoitza birkalifikatu beharko liekeela, etxebizitzak egiteko.

Berba egiteko asmoa

Sorginolako kideek azpimarratu dute ez direla eskatzen ari operazioa gelditzeko. Haien arabera, gaztetxea bera ez, baina inguruko lantegiak egoera txarrean daude. “Errealistak” direla adierazi du Martin Loizate kideak: “Jakitun gara Durangok ezin duela eremu bat eduki jausten ari dena, baina gaztetxea bota behar duenari exijitzen diogu alternatiba bat eskaintzeko”. Negoziatzeko prest daudela azaldu dute, eta inoiz ez dutela esan ez direla irtengo hortik.

Durangoko EAJk udalari eskatu dio kontuan izateko Sorginolako gazteak, eta udalaren gune bat gaitzeko haientzat. Hori esan izana “deigarria” egin zaiela esan du Loizatek, EAJk 40 urtez gobernatu izan duelako Durango, eta Sorginola okupatu aurretik udalari gaztetxe bat eskatu ziotenean ez zutelako erantzunik jaso. “Proiektu txukun bat aurkeztu genion udalari, kontzentrazioak egin genituen udaletxearen aurrean, eta ez genuen erantzunik jaso”. Loizateren aburuz, Eusko Jaurlaritzan eta Durangaldeko Mankomunitatean agintean daudenez gero, EAJri ere badagokio alternatiba bat eskaintzea. “Ondo dago udalari exijitzea, eta guk ere exijitzen diogu, nahiz eta ez den erantzulea. Durangoko problematika bat da, eta udalak erantzun bat eman behar du”.

Etorkizuneko gaztetxeak oraingoaren ezaugarriak izatea eskatu dute gazteek. Sei urteotan lan handia egin dute eraikina eraberritzen eta proiektua aurrera eroaten, baina gaztetxea eraistea ez da amaiera. “Sei urte hauek ez dira galdu diren urte batzuk. Erakutsi dugu gaztetxe bat egon daitekeela Durangon, behar hori dagoela, eta orain negoziatu dezakeguna gaur egungo ezaugarrien araberakoa izan beharko dela”, esan du Loizatek.

Etxegibelen berbetan, lan asko egin dute urteotan, “baina asko jaso ere bai”. Ikasteko eta jendea ezagutzeko balio izan die, baita ikusteko ere jendeak “hutsaren truke” egiten duela lan. Edonola, fruituak agerikoak dira, kide bien ustez. Gaztetxean hasi ziren literaturarekin lotutako Ateneo proiektua eta Berbaz aldizkaria, eta ibilbide propioa ari dira garatzen orain. Hainbat musika talde sortu dira eraikinaren entseatzeko lokalean.

Gazteek negoziazioa lehenetsi dute, baina esan dute erakundeek alternatibarik ematen ez badiete ez dutela okupazioa baztertzen.