A. Igartua Aristondo
Trikimailuak eta magiaren historiako kontakizunak txirikordatuta ondu du Cancamisa Teatro konpainiako kide Imanol Ituiñok (Bilbo, 1989) El mago en la botella ikuskizuna. Antzerki baliabideetara ere jo du, magiaren harridura ez ezik, bestelako elementu batzuk ere gehitzeko lanari. Bilboko Fundicion aretoan izango da emanaldia, etzi, 19:00etan.
Nola sortu duzu ikuskizuna?
Ni magoa naiz, eta asko gustatzen zaizkit magiaren historia eta pasarte bitxiak. Ikuskizun horretan, magia egiten dut, baina istorio horiekin apainduta. Alde antzeztua ere badauka: gehien gustatzen zaizkidan istorioak aukeratu, eta trikimailuen artean kontatzen ditut. Nahasketa bat da.
Antzerkiaren zer elementuz baliatu zara, zehazki?
Trikimailu magiko bat asmatzean, edo publikoaren aurrean planteatzean, helburua beti da harritzea. Magiak ez bazaitu harritzen, ez da magia. Eta antzerkiak ez du zertan harritu. Nire ikuskizunean, batzuetan magiaren aldea indartzen dut, hau da, harridura bilatzen dut, nolabait; beste batzuetan, harridura bilatu beharrean, bilatzen ditut figura estetiko bat edo kontatzeko era bat.
Adibidez?
Badago trikimailu bat ez dena irteten bukaeran, nahita. Gainera, publikoari esaten zaio: “Hau gaizki irtengo da”. Ez da magia gertatzen, baina, antzerkigintzaren ikuspegitik, zentzua du, kontatzen dudalako istorio bat non mago bat hil zen porrot egin zuenean. Publikoa ez da harritzen, baina logika dauka kontakizunaren barnean.
Adin guztientzat da.
Egia da edozeinek ikus dezakeela, baina ez da umeentzako ikuskizun bat. Batzuetan, magia hitza entzutean, pentsatzen dugu umeentzat dela. Ume batek ikus dezake? Bai; ez dut hitz itsusirik esaten, ez naiz biluzten…, baina ez da umeentzako zerbait. Adin guztietarako da, baina benetan: helduentzat, gazteentzat… 8-10 urtetik gorakoek ere ikus dezakete, arazorik gabe.
Halako publiko zabal batentzat izateak baldintzatzen du lanaren sorkuntza? Heldu batek eta 8-10 urteko ume batek ez dituztelako gauzak berdin ikusten…
Ziur nago ez dutela gauza bera gogoratuko, eta ez dutela berdin disfrutatuko, ume bati interesatzen zaiona ez delako heldu bati interesatzen zaion hori. Baina saiatzen naiz batzuetan publiko batentzat aritzen, eta besteetan, beste batentzat. Denek goza dezaten, bakoitzak bere moduan.
Parte hartzeak ere badauka indarra.
Askotan, magoak oso bakarrik sentitzen gara agertokian, eta sarritan behar izaten dugu publikoaren laguntza. Oraingoan ere hala izango da. Neurri guztiak hartuta, baina ahal dugun heinean behintzat, harreman hori mantenduko dugu.
Hartu-eman horrek zure jarduna aberasten du, oro har?
Bai, dudarik gabe. Publikoak ikusi behar du kartak ez daudela prestatuta edo markatuta, edo kutxak ez daukala hondo bikoitza. Esango nuke magian ia ezinbestekoa dela publikoaren parte hartzea.
Fundicionekoek jaialdia antolatu dute, besteak beste, uste dutelako ilusionismoa desagertuta dagoela egitarau arruntetan. Zuk nola ikusten duzu egoera?
Lehen esan dudana diot berriz: badirudi magia umeentzako gauza bat dela, eta nik ez dut uste horrela denik. Eskertzekoa da Fundicion aretoak —non normalean dantza, antzerki garaikidea eta, orokorrean, gauza “ez-komertzialak” programatzen diren, kakotx artean esanda— magiari tartea egitea, magia badelako popularragoa. Askotan, magia ez dugu imajinatzen antzerkiaren eta dantzaren parean; ez dakit zergatik dagoen joera hori, baina nik uste dut primeran egon daitekeela besteekin batera.