Ai ama

Karrotxoak eguzkitan, txupeteak lurrera erortzen ni albotik pasatutakoan, familiak zebrabidea gurutzatzen, eta ni autoan zain. Ezagunen tripa puztuak, «ene, horiek ere bai?»; baloi guztiak nire oinetara, «ei, pasa!». Sare sozialetan, bonbardaketa: CUPeko Anna Gabriel zaintzaren inguruan; Klitto-n ama izateaz damutu diren emakumeak; mundu osoa Porrotxekin argazkietan —nola iristen da gizon hori hainbeste lekutara?—; dona óvulos, tú puedes ayudarme a ser madre; Clearblue, creo que voy a llorar. Norbaitek amatasunaren inguruan hausnartu dezadan nahi badu, esan dezala argi!
Beranduago kudeatu beharreko gaitzat —gai, ez gaitz— hartu izan dut beti, geroago ezagutu, kritikatu edo alternatibak bilatu beharreko zerbait. Oraingoz, amatasunarekin izandako kontaktu bakarra predictorrak erantzun bat eman bitarteko minutu agoniko hori izan da, edo bikote harreman bat hasi eta segituan gure ume hipotetikoak irudikatzen ditudan unea, gero harremana moztu eta inoiz eman ez nien bizitza betirako ukatzen diedan arte. Berez, asperdura sorrarazten dit guraso berriak ikuste hutsak —ez dut friboloa izan nahi—, benetan, sekulakoa, baina ernaldu gabeko pertsonen aurpegiak irudikatzeko dudan ohitura horrek argi uzten du balantzak zein aldetarako joera duen: errazagoa da amatasuna imajinatzea amatasun eza baino. Ama ez direnen irudia askoz ahulagoa eta negatiboagoa da gure baitan.
Ama Naturak nire gogoeta goiztiarren berri jakingo balu bezala, kafe baten bueltan elkartu nau aste honetan bi ertz interesgarrirekin, eta oharkabean atera da gaia: batetik, amatasuna izugarrizko debozioz eta zoriontasunez bizi duen emakume bat; bestetik, bere inguruko guztiek bai, baina berak haurrik izan ez duen emakume bat. Aitziber Garmendia bezala sentitu naiz bat-batean, Batek daki saioan. Jule Goikoetxeak esandakoak errepikatuz saiatu naiz adituarenak egiten.
–Baina zergatik nahi ditugu gure haurrak izan? Gureak direlako maite ditugu, propietate pribatu bat izango balira bezala. Pentsa zenbat ume dauden guraso beharrean…
–Ba nik instintu baten gisa sentitu nuen, guztiz animalia sentitu nintzen. Ume bat nahi nuen, ume bat nahi nuen… eta segituan geratu nintzen haurdun.
–Bai, emakume batzuek haurrak nahi izateaz gain, sentitzen dute haurdun egoteko behar hori, sabela haztea, botaka egitea, estriak, erditzea bera… gauza zoragarri horiek guztiak.
–Niri haurra lehen aldiz besoetara eman zidatenean, beste bat nahi izan nuen segituan…
–Ba ni izorratzen nauena da nire adinean ez zaituztela serio hartzen haurrik ez baldin baduzu, zure arazoak aski arazo ez balira bezala. «Klaro, baina zuk ez daukazu umerik». Ba nahi baduzu emazkidazu zure umeak, eta nik emango dizkizut nire arazoak, ea nola konpontzen zaren.
Elkarrizketa amaitu bezain pronto erabaki dut existitzen ez den jendea abortatzen jarraituko dudala, oraingoz. Amatasunak eta amatasunik ezak asko aldatu beharko dute, oraindik, ni konbentzitu nahi banaute.