Ibai Maruri Bilbao
Joan den udazkenak uriolak eragin zituen bukaera aldera Euskal Herriko eskualde gehienetan. Azaroko azken egunetan eta abenduaren bigarren astean gogotik egin zuen euria, eta Bizkaiko hainbat ibaik gainezka egin zuten. Hala ere, Ura Uraren Euskal Agentziako Lan Hidraulikoen arduradun Aitziber Urkijoren esanetan, eurek aurreko urteetan egindako lanei esker, kalteak ez ziren izan gerta zitezkeen bestekoak. “Ezohiko euriteak izan ziren, aspaldi ikusi gabekoak. Baina ibaietan egin diren egokitze lanek lagundu dute kalteak txikiagoak izaten. Ikusi dugu eraginkorrak izan direla egin ditugun obrak”.
Besteak beste, 2015 eta 2021 artean indarrean egon den planaren barruan, Zallako Mimetiz auzoan, Ibaizabal ibaian Galdakaon eta Basaurin, eta Getxoko Gobela ibaian ibili dira beharrean. “Ibaizabalen asko nabaritu da. Basaurin, lanak egin aurretik egoten ziren uholde handiak kendu dira. Toki batzuetan ibaiak gainezka egin zuen iaz, baina oso baxu dauden toki txiki batzuk dira, eta konponbidea jartzea oso zaila da. Oro har, kalteak oso txikiak izan dira aurretik egoten zirenekin alderatuta. Galdakaon ere, nahiz eta gure lanak bukatu gabe egon, hasi gara zubia aldatzen, uraren ibilguaren gaitasuna ere asko handitu da, eta nabaritu dute hobekuntza Zuhatzu auzoan”. Getxon eta Zallan, beste horrenbeste gertatu dela esan du.
Urak egindako kalkuluen arabera, Bizkaian 55.000 herritar bizi dira euriteetan urpean geratzeko arriskua duten lekuetan. Kopuru hori %16 txikitu nahi dute 2027. urterako. Horretarako, uriolen aurkako kudeaketa plan berria onartu du agentziak. Aldi berean, uriolek eragiten dituzten kalte ekonomikoak ia %40 apaltzen lagunduko dute lan horiek.
Urkijok esan du toki batzuetan uriolak eragoztea ezinezkoa dela, orain arte egin den lurraren erabilera “ezegokia” izan delako; “masiboa”: “Ibaien ondoan jarri ditugu etxeak eta lantegiak. Emaria hazten denean, urak inguruko lurrak hartzen ditu, eta azpiegitura horiek urpean geratzen dira. Hori ikasita, aurrera begira eraikinak urpean gera daitezkeen ibaien inguruko lurretatik kanpo eraiki beharko ditugu; ez dago beste konponbiderik”.
Bizkaian egingo dituzten lanek helburu bi izango dituzte: “Ibaiek dituzten oztopoak kendu, eta, ahal den neurrian, lekua egin ibaiei. Posible bada, okupatu gabe daude lekuak zabaldu eta ibaiari euriteetan hazteko lekua utzi; edo, bestela, ingurua eraikita badago, ahal den neurrian handitu ibilgua”. Urkijok esan du leku batzuetan oso zaila dutela ibaiari leku gehiago ematea; Basauri aipatu du, adibidez, Ibaizabalen ertz-ertzean eraikita dagoelako.
Hala ere, Basaurin egoera asko hobetu dela nabarmendu du hainbatetan. Aitortu duenez, gehiago egiteko aukera bakarra eraikinak eraistea da, baina hori baztertu egin dute. “Ekonomikoki eta sozialki erabaki gogorra litzateke”. Hala ere, Mungian ez dute beste konponbiderik topatu. “Herrigunean dagoen zubiaren begi oso bat baino gehiago etxebizitza eraikin batekin tapatu zen aspaldi. Uholde arriskua murrizteko zubia handitzea beste aukerarik ez dago, eta hori egiteko modu bakarra etxebizitzak kentzea da. Salbuespena da; ahalegintzen gara beste alternatiba batzuk topatzen, nahiz eta ez izan hain eraginkorrak. Jendearentzat oso traumatikoa da”.
Obrak zehaztu aurretik, Urako teknikariek Bizkaian uriola arriskurik handiena duten tokiak identifikatu dituzte. “Zer lan behar dituzten, kalte gehien zerk eragotziko lukeen eta horrelako aldagaiak aztertzen ditugu, kostu eta onuren arteko orekari eutsiz”. Klima aldaketa ere kontuan izan dute; etorkizuneko euriteak non izan daitezkeen.
Azkeneko euriteetan Alonsotegin eta Muxikan ere uriolak izan dira. Muxikan, 2018tik hona hainbatetan sartu da ura etxeetara. Baina plan honek ez du lanik aurreikusi bi inguru horietan. Urkijok azaldu du arriskurik handiena duten lekuak zehazteko ez dituztela soilik azken uriolak begiratu; ikuspegi estatistikoa erabili dutela. Horrez gainera, obrek ahalik eta onurarik handiena eragin nahi dute; beraz, jende gehienari eragingo diotenak lehenetsi dituzte orain egiteko. “Bizkaian dauden puntu larrienetan egingo dugu lan plan honekin”.
Ibai zikinik ez
Galdakao izan da azken urteetan Bizkaian egon den leku arriskutsu nagusietakoa, eta espero dute urtebete barru hango lanak bukatuta egongo direla. Abadiñoko, Arangurengo eta Mungiako proiektuekin dabiltza orain. Gero etorriko dira hurrengoak. Lehen bietan naturaren jokabidea kopiatuko dute, lan artifizialen bidez: meandro edo uholdeak zabaltzeko guneak sortuko dituzte, ibaiak osasuntsuago egoteko.
Udazkeneko urioletan, ibaien egoeraz kexatu ziren hainbat bizilagun kaltetu; “zikin” zeudela esan zuten, erakundeek ez dituztela behar bezala garbitzen. Urkijok ukatu egin du garbiketa arazorik dela. “Ibaiak ez daude zikin. Landaredia ez da zikinkeria. Ibaietako ekosistemaren parte dira. Ibaia zikin egotea hiri hondakin solidoak egotea da”. Urioletan enbor zati handiak uretan ikustea ohikoa dela esan du. “Zuhaitz bat erori eta urari oztopo egiten badio, hori bada arazoa”. Are gehiago, uholdeetan lagungarri dira arbolak: ur emariari indarra eta uraren abiadura gutxitzen diotela esan du, eta horrek kalteak txikiagoak izaten laguntzen du.