I. Maruri Bilbao
Ura agentziak uriolen kalteak gutxitzeko asmoz ondu duen plan berriak 48,5 milioi euro inbertituko ditu Bizkaian. Egindako kalkuluen arabera, uholdeen aurkako defentsa lanetan inbertitutako euro bakoitzeko 1,9 euro saihesten dira uholdeek eragindako arazoak konpontzeko lanetan.
Ibaizabalen arroa
Galdakaon, Ibaizabalen ibilgu-ohea, batez beste 2,5 metro jaitsiko da, eta ibilgua zabalduko dute. Edukiera handitze aldera, ur baxuen kanal hori Mercadilloko zubiaren inguruan desbideratuko dute, eta zubia leheneratu egingo dute. Basaurin, Bengoetxeko presa txikia kenduko dute; Formikako fabrika zaharra eraitsiko dute.
Abadiñon, Ibaizabal ibaian eta haren ibaiadarrean, Sarria ibaian, egingo dituzte lanak. Trañapadura poligonoaren hasieran dagoen presa txikitik hasi eta ibaian gora trenbidearen azpitik igaro arte ahalmen hidraulikoa handituko dute, ibilguan dauden bi presa txiki eraitsiz. Era berean, sekzio hidraulikoa handitu egingo dute.
Durangon eta Iurretan, naturan oinarritutako irtenbideen bidez, ibaiaren eskuinaldetik ibilguarekiko paraleloan doan ubide bat egingo dute, saihesbidearen zubitik Frai Juan de Zumarragako zubiraino. Bi presa txiki ere eraitsiko dituzte, eta ibilgu zabalera Landako kiroldegiaren ezkerraldera zabalduko dute.
Cadaguaren arroa
Zallako Aranguren auzoan, Cadagua ibaia zeharkatzen duen trenbideko zubietako bat aldatuko dute, eta beste bat kendu egingo da. Bestalde, ibaian dauden ur harguneen presa txiki baten maila jaitsiko dute, hondoan dauden deposituak kenduko dituzte, eta hustubidearen sekzioa handituko dute tarte osoan. Paper fabrikako presa txikitik gora, bi uholde ibar sortuko dituzte, ertz bakoitzean bana, eta ibaiertzeko landaredia kontserbatuko dute.
Sodupen, Gallartako zubitik ibaian behera metro batzuetara dagoen Conchitako presa txikia eraitsiko dute, eta haren ordez ur-lasterraren fluxuari oztoporik jartzen ez dion beste bat jarriko dute. Ezkerreko ertzean babesa sendotuko dute, FEVEren geltokiko aparkalekuaren parean.
Balmasedan, Muza zubitik behera, bi presa txiki eraitsiko dituzte, bata Favio lantegien ondoan, eta bestea, geltokiko zubitik gora. Halaber, San Lorentzo presa txikia beheratuko dute. Osasun zentroaren parean dagoen pasabidea aldatuko dute. Trameinsa enpresaren parean dagoen presa txikia ere eraitsiko dute. Bestalde, eskuineko ertza egokituko dute.
Butroeren arroa
Mungian, Butroe ibaiaren ibilgua egokituko dute, sekzio hidraulikoa zabalduz BI-631 errepidearen azpiko pasabidearen inguruan. Bestalde, Butroe ibaiaren eskuineko ertzean dauden bi eraikin eraitsiko dituzte, Lauaxeta Olerkari kalean, ertzak eta jabari publiko hidraulikoaren eremua handituz. Zubia ere handiagoa egingo dute.
Bilboko itsasadarra
Bilboko itsasadarrean, Galindo ibaian, Ibaizabalekin bat egin aurreko tartean egingo dituzte lanak: ibilguaren edukiera handituko dute, sekzio hidraulikoa handituko dute, eta ertza zatiren batean egonkortuko dute. Halaber, luzetarako babesak jarriko dituzte A-8ko bidearen azpiko pasagunearen inguruan.
Granada errekan, egungo estaldurak kendu eta aire zabaleko ibilgu bat eratuko dute, gainean bi pasabide berrirekin. Hainbat industria azpiegitura eta pasabide bat eraitsiko dituzte, eta bi zubi eta pasabide bat ordezkatuko dituzte.
Erandion, itsasadarreko errepidean doan eta uraldiei eusteko gai izango den ertzeko babes bat eraikiko dute.
Okaren arroa
2011ko lanei jarraituko dituzte Okaren arroan, Busturiako Axpe auzotik igarotzen den Amunategi errekaren ibilgua ehun bat metroan egokituz. Egun estalita dago, eta estaldura kenduko diote, Errotatxoko zubiaren ondoan dagoen bidea gurutzatzeko ezinbesteko tartean izan ezik, eta ibilguaren trazadura aldatuko dute. Oraingo sekzio estaliaren ordez, ahalmen hidrauliko handiagoko aire zabaleko sekzio bat jarriko dute.