Natalia Salazar Orbe
Labayru fundazioak, Bilboko Udalarekin elkarlanean, gazteen artean egoera informaletan euskara sustatzeko podcastak osatu ditu. Nerabeek izan ditzaketen egoerak eta haiei interesa sor diezaieketenak jaso dituzte, Peru eta Sharif izeneko gazteen arteko elkarrizketen bidez. Bideo podcastak egin dituzte oraingoan; orain arte sei audio podcast zituzten. Denera 24 osatuko dituzte: hamabi audio podcast eta beste horrenbeste bideo podcast.
“Batez ere, egoera informaletan euskarazko elkarrizketak sortzeko helburuagaz sortu zen egitasmo hau”. Hala azaldu du Ziortza Artabe Etxebarria Labayru fundazioko langileak. Fundazioak eskaintzen dituen euskara eskoletara gazte askok jotzen dute, eta euskararen erabilerari lotutako arazoa identifikatu zuten. “Konturatu ginen belaunaldi berriek ez daukatela lehen zegoen euskararekiko lotura. Haientzat euskara eskolako hizkuntza bihurtu da. Eskolatik kanpo ez dute erabiltzen. Gazteen artean, egoera informaletan ez da euskarazko elkarrizketarik sortzen”. Beharrizan horri erantzuteko sortu zituzten podcastak.
Gainera, gazte askok euskara gutxi hitz egiten dutenez, erabileran hutsak egiten dituzte. Horregatik egituratu dituzte podcastok bi ataletan. Lehenengoan, Peru eta Sharif ageri dira berbetan. Bigarrenean, elkarrizketetan erabilitako egituren gaineko azalpenak ematen dituzte. “Esamolde edo egitura berezia duen esaldiren bat hartzen dugu, eta azalpen bat ematen dugu horren erabileraren gainean. Asmoa da euskara jatorra zuzen eta egoki erabiltzeko ohartxo batzuk ematea”.
Hori guztia, gazteentzako erakargarriak izan daitezkeen gaiak baliatuta egin dute. Iaz ikasketak, parranda, maitasun harremanak edota gazteen eta gurasoen arteko harremanak izan zituzten berbagai. Aurten “gai potenteak” iragarri dituzte: “Immigrazioa, ingurumena, irudia eta estereotipoak — gazteen artean irudiak garrantzi handia du—, edota bikotekideen arteko jazarpena”.
Sare sozialen bidez zabalduko dituzte podcastak. Euskaltegietara ere bideratuko dituzte. Youtuben eta Ebox plataforman ikusgai daude batzuk jada.