Bizkaiko etxeetan aisialdirako, janaria prestatzeko eta janzteko balio duten gauza erabilgarri asko daude. Jendeak aspertu edo modaz pasatutakoan horietako asko zakarretara botatzeko joera handia dauka. Ohitura horri aurre egiteko eta birziklatzea sustatzeko asmoz, Koopera gizarte sareak Koopera Reusing Center izeneko pabiloia ireki du Mungian.
Eraikinak etxeko tresna txikiak, liburuak, oinetakoak, arropak eta jostailuak jaso eta berriz erabiltzeko prestatuko dituzte. Produktuak lurraldean zehar jarrita dauden edukiontzi zurietan bilduko dira, eta ez orain arte arroparako egokitua zeuden berdeetan. Baina Koopera Reusing Center berezia egiten duena birziklatze automatikoa da. Izan ere, ordenagailuko programa baten ahotsaren bidez sailkatuko dituzte elementuak.
Edukiontzietan bildutako produktuak jaso, garbitu eta berriz erabiltzeko moduan jartzeko helburua du enpresak. Txukundu eta egokitu ondoren, Rezikleta bigarren eskuko tresnak saltzen dituen dendara edo Txile eta Errumaniara eramango dituzte. Berriz erabiltzeko eran ez daudenak, berriz, sailkatu egingo dituzte, dagokion industriak eros ditzan. Apurtuta dauden prakak, mahuka falta duten jertseak eta antzekoak kotoi edo trapu enpresa bati eskainiko dizkiote.
Orain arte Bizkaian zeuden birziklatzeko planta guztiak kontuan hartuta, 1.778 tona hondakin berriz erabiltzeko eran jartzen ziren. Mungiakoarekin kopuru hori bikoiztea espero da; hau da, 3.3000 tona izango dira. Pabiloia eraikitzeko, sei milioi euro inbertitu dira, eta Koopera enpresak Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz jarri du martxan.