Natalia Salazar Orbe
Pozez betetako garaia da, sinestezina”. Usansolo Herria (UH) plataformako kide Monika Menaren berbak dira. Usansolo udalerri gisa eratzeko eguna gero eta gertuago ikusten dute oraingoz Galdakaoko auzoa den eremuko bizilagun askok eta askok. “40 urte baino gehiago daramatzagu desanexio prozesuan”, gogoratu du Menak. Orain, Galdakaoko Udalak gehiengo osoz onartu du Galdakao eta Usansolo bereizita bi herriek izango dituzten ezaugarri guztiak zehazten dituen memoria —Batzorde Mistoak egin du—. Usansolotarrei desanexioaz galdeketa egitea ere onartu dute. Beraz, bi pauso besterik ez dira geratzen Usansolo herri bihurtzeko: galdeketa egitea —ez da derrigorrezkoa, baina egin egingo dute— eta Bizkaiko Batzar Nagusiek usansolotarren erabakia errespetatzea eta desanexioa onartzea.
Galdakaoko Udalak joan den astean onartu zituen memoria eta galdeketa. EH Bilduren —sei ordezkari—, Auzoak taldearen —hiru ordezkari—, Usansolo Herriaren —bi— eta Elkarrekin Podemoseko ordezkari bakarraren hamabi botoekin atera ziren aurrera erabakiok. EAJko sei zinegotziak abstenitu egin ziren, eta kontra bozkatu zuten PSE-EEren biek eta atxiki gabeko zinegotziak.
Prozesuak bulkada handia izan zuen duela hilabete. Galdakaoko eta Usansoloko sei ordezkarik eta Bizkaiko Foru Aldundiko bi teknikarik osatutako Batzorde Mistoak elkarrengandik bereizita bi herriek izango lituzketen ezaugarri, zerbitzu eta baldintzei buruzko memoria osatu zuten, eta aldundira bidali zuten. Abenduan izan zuten diputazioaren erantzuna: lanari baimena eman zioten. “Aldundiak errepasatu behar zituen baldintza tekniko guztiak. [9/2012] Foru arauaren arabera, edozein arazo ikusten bazuen, desestimatu egin zezakeen”, azaldu du Menak. Ez du horrelakorik egin. Prozesua jarraitzeko oniritzia eman du. Beraz, Usansolo Herriakoek argi daukate bereizte prozesuak ez duela atzera bueltarik.
Datorren martxoaren bukaera aldera, usansolotarrek desanexioa nahi duten erabakitzeko galdeketa egingo dute. “Foru arauak esaten du gura izanez gero galdeketa legal bat egiteko aukera dagoela. Guretzat garrantzitsua da egitea”, esan du Menak. “Ezinbesteko” pausotzat jo du, “herritarren hitza eta erabakia prozesuarekin batera joateko”.
UHko kideak esan du galdeketaren emaitzak errespetatuko dituztela. Batzar Nagusiek ere beste horrenbeste egitea beste aukerarik ez dute aurreikusten: “Herritarrok argi erabakitzen badugu udalerri izan nahi dugula, ez dugu espero inposaketarik eta diktadurarik ezetza emateko. Kontrako argudiorik ez badago —ez teknikorik, ez herritarren aldetik—, nortzuk dira haiek ezetza emateko?”. Borondate politikoa espero dute UHkoek Batzar Nagusiek izango duten azkeneko erabakian.
EAJren argudioak
EAJko zinegotzi Fernando Izagirrek bestelako iritzia agertu zuen joan den asteko osoko bilkuran. Espainiako Gobernuaren Erregimen Lokaleko 13.2 legeari aipamen egin zion, esateko desanexioak horma batekin egingo duela topo. Lege horren arabera, eremu bat segregatu ahal izateko gutxienez 5.000 biztanle izan behar ditu. Horregatik, Izagirreren ustez, “Usansolok baldintza guztiak betetzen dituenean, nahi duena izango da. Ordura arte, herritarrei itxaropen faltsuak sortzea besterik ez da”. Antzera mintzatu ziren atxiki gabeko zinegotzia eta PSEko ordezkariak ere.
EH Bilduko hautetsi Asier Egirak esan zuen Espainiako lege horren gainetik Foru araua defendatu behar dela. Monika Menak ere ez du ikusten oztoporik. Batetik, 2021eko urtarrileko erroldaren arabera, Usansolon 4.520 biztanle zenbatu zituztelako. Gainera, memoriak aurreikusten du desanexioa egiteko orduan balitekeela Usansoloren populazioa handiagoa izatea. Kontuan hartu dute zenbat etxebizitza ari diren eraikitzen eta zenbatek daukaten bizigarritasun baimena. “100 biztanleko gorabeheragatik ez dugu uste ezetzak lekurik daukanik”.
Dena den, UHko kideak gogora ekarri du Bizkaiko Foruak arautzen dituela desanexio prozesuak. “Indarrean daukagun eta bete behar dugun legea Bizkaiko Forua da. Eta lege horrek esaten du 2.500 herritar izan behar dituela segregatu nahi duen eremu batek”. Borondate politikoa eskatu du. “Prozesua bakarrik geraraziko luke borondate politikorik ezak; beste oztopo, gezur eta inposaketa batek”. Hala ere, ez dute halakorik espero.
Herri izateko nahia
Usansolo desanexionatzeko eskaerak oinarri historikoa dauka. Menak azaldu du udaletxeak sortu aurretik “Usansolo administratiboki eta politikoki Arratiako herri nagusia” zela. “Gero udalak sortu zirenean, guk elizaterik ez genuenez, ez ginen eratu herri gisa. Baina lehenago udalerri izan ginen”.
Dena den, egunerokorako ere premiazko deritzote herri bihurtzeari. “Galdakaotik lau kilometrora gaude. Distantzia horrek ezjakintasuna sortzen du herriaren inguruan. Galdakaok ez ditu ezagutzen gure beharrizanak”. Herri bihurtzeak zerbitzuak jasotzeko orduan ere mesede egingo diela uste du: “Gaur egun, auzo izanik, auzo trataera daukagu Eusko Jaurlaritzak ematen dituen zerbitzuetan”; pediatrarena, kasurako. “Dena izango dira onurak”, ondorioztatu du.