Natalia Salazar Orbe
Gerediaga Durangaldeko ondarearen ikerketa, zaintza eta zabalkundea bultzatzen duen elkarte bat da. Hiru helburu horiek bete ahal izateko, ezinbestekotzat jo dute belaunaldi berriek ere helburu horiek bere egitea. Bide horretan laguntzeko, Durangaldeko Ikerlari Berrien Saria antolatu dute. “Horretarako, belaunaldi berriei pasio edo gogo hori transmititu behar diegu”, esan du Aingeru Mimentza Gerediaga elkarteko zuzendaritzako kide eta proiektuaren sustatzaileak.
Hain zuzen, Durangaldeko ondarea, historia, kultura eta gizartea zaindu, ikertu eta hedatzeko zaletasuna bultzatu nahi dute eskualdeko gazteen artean. Horretarako, ikerketa eta dibulgazio lanak sustatuko dituzte. 16 eta 30 urte arteko gazteentzat da lehiaketa, hiru kategoriatan bereizita.
Helburu nagusia hori da: katea ez dadila eten, eta gazteengan ikerketa, ezagutza eta dibulgaziorako hazia ereitea. Mimentzak argi dauka: “Transmisiorik barik, ez dago etorkizunik. Guretzat garrantzitsua da Gerediagak dituen baliabide, bitarteko eta ezagutza horiek guztiak gazteengana pasatzea. Eta, aldi berean, gazteak Gerediagara hurbiltzea”.
Bestalde, “Durangaldeko gazteek eta ikerlariek izan dezaketen potentziala eskualdean geratzea” ere nahi dute. “Durangaldean, ikasle askok Gizarte Zientziak, Turismoa, Historia eta halakoak ikasten dituzte, baina gero unibertsitaterako, instituturako edo beste arlo batzuetarako egiten dituzten lanak beti izaten dira Durangaldetik kanpo geratzen diren gaien inguruan”. Gazteok euren lan ildoak Durangaldean bertan garatzeko aukera izan dezaten nahi dute. “Gazteen artean egon daitekeen potentziala Durangaldean geratzea eta garatzea da beste helburua”.
Denetariko jakintza arloak
Ikerketa gaiak edo arloak Durangaldean kokatuta egon behar du. Lehiakideek edozein jakintza arlotako ikerketa, sormen edo dibulgazio lana aurkez dezakete: historia, gizartea, kultura, hizkuntza, ekonomia, ondarea, lurraldea, turismoa eta musika, besteak beste.
Parte hartuko duten lehiakideek apirilaren 6ra arteko epea izango dute lanak aurkezteko. Epaimahaia hiru kidek osatuko dute: Iruri Altzerreka Martinez Zuzenbide ikasleak; Helene Sanchez Zelaia Bioteknologiako gradudunak, eta Liher Larrañaga Gabiria Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi duen gazteak. Lehiaketan saria jasoko duten lanak apirilaren 30ean egingo den Ikerlari Gazteen Topaketan aurkeztuko dituzte.
Deialdia ahalik eta gehien zabaldu dute. Durangaldeko ikastetxeekin eta Lanbide Heziketako zentroekin eta unibertsitateetako irakasle eta dekanotzetako arduradunekin berba egin dute horretarako. “Uste dugu gazteenen artean izango duela arrakasta handiena. Adinak gora egin ahala, parte hartzea seguruenik baxuagoa izango da. Hala ere, seguruenik lanek askoz ere sakontasun handiagoa izango dute”, azaldu du Gerediagako kideak.
Lehiaketa martxan jarri duten lehenengo urtea da. “Esperimentu gisa hartu dugu”, adierazi du Mimentzak. “Ondo funtzionatzen badu, aurrerantzean ere egiten jarraituko dugu”.