Javi West Larrañaga
Irratiarekin bizia eman didazue. Ni legez bakarrik daudenei, edadekoei, etxetik irteten ez garenoi… konpainia handia egin diguzue. Ez dakizue zelako falta egingo diguzuen”. Berba gozo horiekin agurtu zituen Antoni entzuleak Ibon eta Maitane Itsuki Irratiko esatariak joan den martitzenean, uhinak itzali aurretik. Diru arazoak tarteko, bukatu da irratiaren ibilbidea, 37 urteren ostean. Etxebarria eta Bastarretxea dira bi haien izen-abizenak, baina herriko irratizaleek izenez ezagutzen dituzte. Goiza erabili zuten esatari biek entzuleei agur esateko. 50 bat lagunek deitu zieten “agur” esateko, eta Whatsapp bidez audio mezuak bidali zizkieten. Bizkaiko Hitza estudioan izan da haiekin.
Ia bizi erdia eskaini dio Bastarretxeak irratiari. Ikasketak amaitu, curriculuma bidali, eta ia segituan hasi zen lanean han. Bizi erdia baino gehiago Etxebarriak. 16 urterekin hasi zen programa bat egiten, eta, ordutik, bertan ibili da gora eta behera, bermeotarren goizak girotzen eta albisteak kontatzen. “Nik 16 urte egin ditut irratian, eta Ibonek 16 urte dauzkanetik daroa hemen”, azaldu du Bastarretxeak.
Mezu politekin agurtu ahal izan dituzte uhinak biek, eta entzuleek argi esan diete irratiak hutsunea utziko duela herrian. Celiak esan die triste dagoela: “Goizetan ezingo dut jakin zer jantzi, zuk eguraldia zein den ez badidazu esaten, Ibon”. Yolandak, “agur” bat barik, “gero arte” bat dela. Milak “goibeltasun handiarekin” deitu du: “Neure goizetako lagunak izan zarete”. Mari Carmenek “dolore handiarekin” esan die agur. Amaiak dio itxierak eragiten dion tristurarekin ez duela ohetik ateratzeko gogorik ere: “Zer egingo dut orain? Nik ez dut beste irratirik nahi. Radio Nervión eta horiek ez zaizkit gustatzen. Onenak izan zarete; nik beti ohetik irten eta segituan isiotu dut irratia”.
1985ean hasi zuen ibilbidea Itsuki Irratiak, Bermeon lehenengoz Ibilaldia egin zen egun berean. Ordutik, herriko kontuak jorratu ditu: albisteak eman dituzte, jendea elkarrizketatu, eta tertuliak egin herritarrekin, Bermeoko gauzei buruz. Zorion agurrak helarazteko eta abestiak eskatzeko tartea ere eskaini diete herrikoei. Jende askorekin izan dute tratua Etxebarriak eta Bastarretxeak azken hamarkadetan. “Batzuek egunero deitzen dute. Beste batzuek kalean esaten digute lotsatiegiak direla deitzeko, baina entzuten gaituztela”, komentatu dute. Bastarretxeak adierazi du telefonoa hartu eta gai direla ahotsagatik entzuleak ezagutzeko, eta horren froga da amaierako saioa. “Egunon”, dio ahots batek, eta Etxebarriak, “Egunon, Aurora”, segituan. Ahots asko ezagutzen dituzte, baina aurpegiak, gutxiago. Egunero deitu izan duten horietako asko ez dakite nor diren kalean.
Diru sarrerak jaitsiz
Ez da ohikoa irratitik norbere prekaritateaz berba egitea bertako langileek, baina bi esatariek naturaltasunez esan dute langabezian egongo direla. Egoera ekonomikoak itota utzi behar izan dituzte mikrofonoak. Udalak diru laguntza handitu arren, urtetik urtera gero eta diru gutxiago sartu zaie publizitatetik. Saiatu ziren bazkide kanpaina baten bidez aurrera egiten, baina ez da nahikoa izan irratiaren sostengua bermatzeko. Bastarretxearen ustez, enpresen galerek eragin dute publizitatearen beherakada. Adierazi dute diru sarrerak txikiagoak izanda ez dutela baliabiderik izan beharrezkoak ziren berrikuntzak egiteko materialari dagokionez. “Ate asko” jo dituztela esan du Etxebarriak, baina ez dute irratia salbatzea lortu. Analogia batekin azaldu du azken agurrean: “Itsasontziak gero eta zulo gehiago izan ditu. Ura ateratzen ibili gara, baina zulo handiak izan dira, eta azkenean hondora joaten utzi behar izan diogu, eta gu salbatu”.
Azken egunak, gogorrak
Heriotza iragarritako baten kronika zen, eta, hala ere, edo agian horregatik, gogorrak egin zaizkie azken aste biak, itxiera entzuleei jakinarazi zietenetik. “Historiako despedidarik luzeena” izan da Etxebarriarentzat: “Joan den astea oso luzea egin zitzaidan, eta azken bi egunak gehiegi izan dira buruarentzat”. Esatari biek diotenez, loa galdu eta buruari buelta asko eman dizkiote azken astean. Bastarretxearentzat ere luzea izan da: “Guretzat errazagoa litzateke irratia amatatzea eta listo, baina une hau pasatzea eta despeditzea… Merezi dute entzuleek ere”.
Ez dakite etorkizunean zer gertatuko den. Etxebarriak azaldu du oraindik ez dutela estudioa desegingo, “badaezpada”: “Hemendik hil batzuetara hasiko gara gauzak gordetzen eta kutxetan sartzen”. Entzule askok errepikatu dute “gero arte” bat dela, eta ez “agur” bat. Etxebarriak berak ere ideia hori erabili du amaierako agurrean: “Badaezpada, ez dugu atea giltzarekin itxiko, eta, zeozer badago, etorriko gara”.
Itsukia arrain bat da, antzina Bermeon asko jaten zena. Ohiturak aldatu ziren, eta orain ez da jaten. Agian, egunen batean berriro jango da herrian. Eta entzun, uhinetan.