Ondarea edonon topatzea

Ondarea edonon topatzea

Amaia Igartua Aristondo

Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dituen hamar museo, areto eta enklabeentzat, 2021a publikoak berreskuratzeko urtea izan zen. Helburu hori lortu zutenez, beste urrats bat egiteko asmoa dute aurten: egitaraua indartzea, Asier Madarieta Bizkaikoa erakundeko zuzendariaren arabera —foru museo eta aretoen kudeaketaz arduratzen da Bizkaikoa—. 2022ko programazioa aurkeztu zuen joan den ostegunean Lorea Bilbao Kultura foru diputatuarekin batera Bilboko Rekalde aretoan. Guztira, 200 jarduera baino gehiago egingo dituzte.

Askotariko ekintzak antolatuko dituzte: zehazki, 31 erakusketa, 40 bisita gidatu, 28 eskola ikastaro, familientzako 50 ikastaro, hamabost hitzaldi, hamalau ondare ibilbide, 75 erakustaldi eta sei dastatze egin, eta hiru lan argitaratuko dituzte. Halaber, MusEkintza jaialdiaren bigarren aldia egingo dute, eta Ondarearen Europako Jardunaldiak hartuko dituzte. Museoetako jarduerez gain, ibilbide historikoak ere eskainiko dituzte, hala nola Urdaibain, Bizkaiko zin bidean eta burdinoletan. Edonola ere, jarduera gehiago joango dira gehitzen datozen hilabeteetan.

ARKEOLOGI MUSEOA (BILBO)

Hadriano enperadore erromatarrak Britania probintzian (oraingo Erresuma Batuan) eraikitako harresiaren xehetasunak ezagutu ahal izango dira Bilbon, Arkeologi Museoan, otsailaren 8tik maiatzaren 19ra bitarte. 1930etik egindako indusketa eta aurkikuntza arkeologikoen bilduma erakutsiko da, baita objektu batzuen erreplikak ere. Ekainaren 22tik 2023ko urtarrilaren 15era arte, Euskal Herriko gazteluen eta gotorlekuen inguruko erakusketa hartuko du museoak. Duela mila urteko gazteluetako piezak eta objektuak erakutsiko dituzte, gazteluen askotariko funtzioen erakusle, helburu militarrak ez ezik, politikoak, sozialak eta ekonomikoak ere izan baitzituzten. Halaber, erakusketaren katalogoa ere argitaratuko dute.

Bisita asko daude aurreikusita, haietako batzuk tematikoak: esaterako, Bizkaiko emakume arkeologoen ingurukoan parte hartu ahal izango da martxoaren 7tik 13ra, eta kontserbazio laborategia bisitatu, azaroaren 11n, Zientzia Astearen barruan. Museotik kanpoko ibilaldiak ere egingo dituzte: uztailaren 1ean, trikuharriak bisitatuko dituzte, baita Guardian (Araba) dauden bi aztarnategi ere —La Hoya eta Barbacana—.

ARRANTZALEEN MUSEOA (BERMEO)

Abuztuan eta ekainean Izaro uhartearen eta hango frantziskotarren komentuaren historia izango du hizpide Bermeoko Arrantzaleen Museoko erakusketa batek: Izaro. Data beretan, Fede Merinoren argazki bilduma ikusi ahal izango da: Kresala: Bermeo 1974-1976. Herriko bizitzaren xehetasunak ematen ditu, eta, batez ere, arrantzari erreparatzen dio. Bisita gidatuak ere eskainiko dituzte: esaterako, Itsas bataioa, Gaztelugatxe ibilbidean, Bermeoko jaietako ohituren berri emango dute museoan bertan eta, ondoren, udalerriko itsasertza igaroz Gaztelugatxeraino eramango ditu bisitariak Hegaluze itsasontziak. Atuna bisita gidatu tematikoan, arrain horren arrantzaz, tratamenduaz eta prestaketaz mintzatuko dira.

EL POBALEKO BURDINOLA (MUSKIZ)

Aurtengo inoiz baino ibilbide gehiago antolatuko dituzte Muskizko El Pobaleko burdinolan. Bizkaiko burdinaren historiaren leku garrantzitsuak bisitatu ahal izango dira. Lehen aldiz, Sopuertako Olabarrietako fanderiara egingo dute irteera: XVIII. mendeko aurrerapen teknologikoa eta burdinola instalaziorik tradizionalenak berritzeko ahalegina izan zen. Halaber, Markina-Xemeingo Oxillain eta Etxebarriko Ansotegi bisitatuko dira, besteak beste.

Museo barruan ere antolatuko dituzte ekintzak. Hala nola hainbat ikastaro izango dira, eta aldi baterako bi erakusketa: San Juliango grafito historikoak. Muskiz portutar eta benakeroa, apiriletik abuztura; eta Denboraren seinaleak. Burdinaz forjatutako haize orratzak, irailetik abendura. Hitzaldiak ere hartuko ditu burdinolak: Erroman aditua den Ana Martinez arkeologoaren Bizkaia, burdinazko mendia, martxoan; eta Jesus Muñiz historialariaren Bizkaiko burdineria artistikoak. Funtzionaltasuna eta edertasuna irailean, esaterako.

EUSKAL HERRIA MUSEOA (GERNIKA-LUMO)

Martxoaren 31tik 2023ko urtarrilera bitartean, Mairin Mitchell idazlearen bizitza eta obra izango dituzte hizpide Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan, Mairin Mitchell. Euskaldunen kronikari irlandarra erakusketan. Euskal kulturarekin harreman estua izan zuen Mitchellek, batez ere itsasoari lotutakoarekin, eta sarritan egon zen Bermeon, Gernika-Lumon, Getarian, Zumaian eta Tolosan (Gipuzkoa). Hala nola Acurioren odisea (Bizkaiko Merkataritza-Itsasketako Kapitainen elkartea, 2020) abentura liburua argitaratu zuen, non Elkanoren mundu birako gorabeherak kontatzen baititu.

LA ENCARTADA FABRIKA-MUSEOA (BALMASEDA)

Balmasedako La Encartada fabrika museoan makinak nola funtzionatzen duten ikusi ahalko da bisita gidatuetan. Makineria berriki berriztatu dute, eta, orobat, prozesu horren berri ere emango dute. Esaterako, Jacquar ehungailua nola erabiltzen den erakutsiko dute, eta irun tradizionalaren eta lantegi mekanikoaren erakustaldiak ere egingo dituzte. Halaber, aldi baterako erakusketak hartuko ditu museoak: irailetik aurrera, herriko eskola eta ikastetxeen bilakaera azalduko du Atzoko eskola: Enkarterri eta Balmaseda bildumak, XVIII. mendearen amaieratik XX. mendearen erdialdera arte. Eta bi lan argitaratuko dituzte: Historiak Ehuntzen-Cadagua ibarreko ehungintzako emakume langileen testigantzak eta La Encartada-Fabrika Museoari buruzko ehun galdera, hain zuzen.

MUÑATONES GAZTELUA (MUSKIZ)

Muskizen XIV. eta XV. mendeen artean eraikitako Muñatones gaztelua barrutik ikusteko aukera egongo da aurten ere: ekainetik irailerako, igande goizero lau bisita gidatu antolatuko dituzte. Bisita bereziak ere izango dira: adibidez, apiriletik urrira bitartean Harri bitxia. Errotarriak, hauspoak eta harresiak ibilbidea egiteko aukera egongo da, non ondarea eta geologia gainbegiratuko baitira gaztelura eta El Pobalera egindako ibilbide bateratuan. Uztaileko igande batean, Muñatonesko intrigak bisita antzeztuan parte hartu ahal izango da, Alabazan taldeko aktoreek antzeztutako eta Juan Manuel Gonzalez Cembellin historialariak zuzendutako ikuskizuna.

SANTIMAMIÑE (KORTEZUBI)

Kortezubiko Santimamiñe haitzuloko atondorako sarbideak hobetzeko asmoa dute aurten, bisita murgilarazleagoa izan dadin. Urtero legez, bisita gidatuak antolatuko dituzte multzo arkeologikoa erakusteko, eta haitzuloaren atarira sartuko dira, hor bizi izan baitzen jendea duela 15.000 urte. Ondoren, ibilbide birtualari ekingo diote behealdeko ermitan, haitzuloko galeria sakonetan dauden egitura geologikoei eta pinturei erreparatzeko.

2016an ehun urte bete ziren Santimamiñe aurkitu zutenetik, eta ordutik ekitaldi bereziak antolatzen dituzte uztailaren 23rako, urtero. Aurten, Historiaurreko soinuetan oinarritutako kontzertu bat egingo dute.

TXAKOLINGUNEA (BAKIO)

Besteak beste, dastatze komentatuak egingo dituzte Bakioko Txakolingunean. Martxoaren 19a, San Jose Eguna, data garrantzitsua da herrian, bertako txakolin uzta berria aurkezten delako, eta, ondorioz, ardoak dastatu eta uztartu egingo dira sommelierren aholku eta azalpenei jarraituta. Maiatzaren 18an, Museoen Nazioarteko egunean, hainbat jatorritako ardoak dastatuko dira, eta Uribe eskualdeko ekoizpena izango da protagonista azaroan, Uribeko Jardunaldi Gastronomikoetan. Gabonetako dastatzea egingo dute urte bukaeran.

Dastatzeez gain, aldi baterako erakusketez ere gozatu ahal izango da Txakolingunean. Ekainaren 26ra arte, Biribilak mendietan. Seles-Kortak-Saroiak bildumak hiru hitz horiekin ezagututako mendi eremuen jatorria, erabilerak eta garapen historikoa izango ditu hizpide: barruti forma duten guneak dira, erdigunean duten harri handi batetik abiatuta trazatutakoak.

ONDARE ARETOA (BILBO)

BBK Mendi Film jaialdiaren harira, Bilboko Ondare aretoan Rock the Mountain erakusketa dago ikusgai hurrengo zapatura bitarte. Turingo (Italia) Mendiaren Museoak ekoitzitako bilduma da, eta mendia agertzen duten disko azalek eta posterrek osatzen dute. Bilboko Jesuitak Indautxu ikastetxeak ehun urte beteko ditu 2022an, eta, ondorioz, haren irudi eta marrazki historikoekin ondutako erakusketa ere ikusi ahal izango da. Bestalde, Europako Akuarela Konfederazioaren Sinposioa dela eta, Europako akuarelen erakusketa taxutuko du Euskal Akuarelarien Elkarteak. Erakusketez aparte, urte osorako topaketak antolatuko dituzte artistekin eta erakusketekin zerikusia duten eragileekin.

REKALDE ARETOA (BILBO)

Ertibil Bizkaia erakusketa ibiltariaren 40. aldiko pieza irabazleak hartuko ditu Bilboko Rekalde aretoak uztailetik urrira arte, baita Barriek beka programan aukeratutakoenak ere. Bestalde, dagoeneko ikus daiteke Idoia Montonen Zazpi leihoak pintura bilduma, otsailaren 27ra arte. Martxotik uztailera, Manuel Quintana Marteloren Containers pieza sorta egongo da: edukiontziak izaki eskultoriko bezala lantzen ditu, baina bada hirietako natura hila ere. Urritik 2023ko otsailera arte, Eduardo Sourrouillek lanak hartuko ditu: haren lanek hausnartuko dute maitasunaz eta maitasun ezaz, barregarri geratzeaz, sexualitateaz eta borroka sozial eta indibidualaz.