Mujika eskolak kantaldia egingo du liburuak lortzeko

Bilboko Zazpikaleetako Mujika eskola publikoko liburutegiak euskal liburuak behar ditu. Hori horrela, bertako ikasle, irakasle eta gurasoek Agate Deunako koplak kantatuko dituzte gaur, kalejira batean, liburutegia hornitzeko obrak lortzeko helburuarekin. Bilboko Plaza Barritik abiatuko dira, 18:00etan.

Kantaldian dirua bilduko dute euskarazko liburuak erosteko. Halaber, erabilitako liburuak ere jasoko dituzte: 0 eta 12 urte bitarteko haurrentzako istorioak behar dituzte, egoera onean daudenak. Edonola ere, ekimenak otsailean zehar jarraituko du. Hilabete honetan, Bilboko Bira kultur elkartean jasoko dituzte Mujika eskolarentzako liburuak.