“Oraindik badago zer egin, baina bizi-kalitatea izugarri hobetu da”

Abantoko udaletxea Gallarta auzoan dago kokatuta, Meatzaldearen erdi-erdian. Manu Tejada bertoko alkateak ez du zalantza izpirik ere: “Ikuspegi ederra dago balkoitik”. Herriaren zati handi bat, Trianoko mendiak eta, urrutian, eskualde osoa ikusten ditu. Meatzaritzak bere arrastoa utzi du, bai fisikoa, bai historikoa. Hor dago Concha II meatzea. Hor daude auzoak ere, banaturik, presaka eraikita. “Meatze ustiapenaren adibide garbia eta gogorra dugu hemen. Garai bateko Gallarta herria desagerrarazi egin zuten, meategiei lekua uzteko, auzokideak beste lekuetara eramanez”, gogoratu du Tejadak.

Orain bederatzi urte, alkatetzara heldu zenean, gabezia itzelak topatu zituen Tejadak. “Duela 30 urte bezalaxe zeuden, eta konponketa lanari ekin genion: ur zikinen sarea, espaloiak eraiki, argiztapen sistema ezarri… Oraindik badaude gauza batzuk egiteko, baina bizi-kalitatea izugarri hobetu da”, ziurtatu du.

Orain, baina, alkatearen kezka nagusienetariko bat lanik eza da. El Campillon, herrian dagoen industrialdean, adibidez, ugari dira jada ateak itxi dituzten enpresak. Herritarren %18,5 langabezian egonda, enplegua sortzeko neurriak hartzen hasiak dira. Enpresa eta enplegu plana abian dute, “enpresek sortzen baitute enplegua”. Hala ere, Tejadak uste du udal gobernuek eskas dituztela arazo honi aurre egiteko aukerak: “Mundu osoko krisi batean gaude, eta, gainera, diru sarrerak ere alde guztietatik ari dira murrizten”.

Horrek aurtengo aurrekontuetan %10eko murrizketa ekarri du. Soilketa, batez ere, inbertsioetan nabaritu da. Enplegu eta gizarte zerbitzuetan, berriz, gastua apurtxo bat igo da. “Behar garai hauetan, herritarrentzako gutxieneko zerbitzuak bermatu nahi izan ditugu”, azaldu du alkateak.

Gehiengo osoa duenez, aurreko neurri guztiak hartzeko, inolako arazorik ez du izan Udal Gobernuak. Dena dela, adierazi du “harreman zuzena” duela gainontzeko taldeekin. Gainera, nabarmendu du ekonomia jarduera motelagoa izateak udalean lan gutxiago egotea dakarrela.

Arazoak arazo, Tejadak ziurtatu du pozik egoteko arrazoiak ere badaudela. Azken urteetan kultura arloan aurrerapauso izugarriak lortu direlakoan dago. Batetik, elkarteak ugaritu dira; bestetik, auzokideen parte hartzeak nabarmen egin du gora. “XIX. mendean, meatzeetan lan egitera jendea asko etorri zen kanpotik. Seme-alaba txikiak zituzten, eta, orain, orduko gazte askoren seme-alabak hemen jaiotako lehen belaunaldia dira. Nik uste dut horrek berton sustraiak sendotzeko beharra ekarri zuela. Erreferentzia bat izateko. Eta, hortaz, guztiak lotzen gaituen iraganeko meatzeen kultura berreskuratzeari buru-belarri ekin genion”. Ekin eta egin. Hor daude Sanfuentes auzoko erromeria, Burdin Jaia, euskal ezkontza, Sagarraren Eguna… urte gutxian herrian ez ezik eskualdean ere guztiz errotu direnak.

Bide horretan herritarren izaera ere garrantzi handikoa izan dela azpimarratu du. Haren aburuz, meatzaritza garaietako bizimodu gogorrak, orduan jasandako gabeziek, auzokideekiko elkarlanaren mesedeak erakutsi zizkien. “Pertsonen izaeran nabaria da. Parte hartzaileak, konprometituak… horrek guztiak herriaren batasuna ekarri du”.

Hala ere, herrikoak baino gehiago, auzoetakoak dira abantoarrak. Tejadak dio Sanfuentes, Gallarta eta Las Carreras idiosinkrasia bereziko auzoak direla. Baina hori, txarrerako izan beharrean, onerako dela ziurtatu du. “Norgehiagoka sano bat dago haien artean, herriaren bizitza kulturala ikaragarri aberasten duena”, azaldu du.

Jai batzorde irekiak

Horrek jaietan ere badu bere eragina. Hortaz, herritarren eta elkarteen parte hartze zuzena lortzen saiatzen da. Gallartan izan ezik, gainontzeko auzoetan jai batzorde irekiak daude. “Guretzat lan handiagoa da, baina emaitza hobea lortzen dugu, auzokideen parte hartzea ziurtatzen baita”. Egun hauetan, adibidez, Las Carreras auzoko jaiak dira.

Festak ere euskara gizarteratzeko erabiltzen duten bidea dira. Gazteria euskalduna bada ere, herrian ez dago ohiturarik euskaraz egiteko. Hortaz, hainbat egitasmo martxan jarri ditu udalak. Besteak beste, AEKrekin elkarlanean, Berbalagun egitasmoa antolatu dute, baita udal diru laguntzak eman ere euskara ikasteko. “Euskal astea ere ospatzen dugu maiatzean, bertsolariak ekartzen dira, umeentzako ekitaldiak egin…”, gogoratu du Tejadak.

Abantoko alkateak agerian utzi nahi izan du gazteria ere gogoan duela. Hurrengo urterako, herriko gazte guztientzako lokalak eskaini ahal izatea du helburuetariko bat. Dagoeneko, gazteen iritziak jasotzen hasi dira. Lokal bat eskuratzeko, baldintza bakarra ezarriko die: herrian parte hartzea.