Javi West Larrañaga
Barakaldoko Berri Otxoak eta Argitan elkarteek protestara deitu dute herriko emakume baten eta haren seme-alaben etxegabetzea salatzeko. Indarkeria matxistaren biktima da andrea, eta haren lau seme-alabetako hiru, adin txikikoak. Eusko Jaurlaritzaren menpeko Alokabideren etxebizitza batean bizi dira, baina erakunde publikoak kaleratzea agindu du, eta auzitegiak jakinarazi du urtarrilaren 31n egingo dutela, 09:15ean.
Hainbat gorabehera bizi izan ditu emakumeak etxebizitzarekin. Iazko martxoan jaso zuen etxegabetze agindua lehendabizi, baina, azkenean, Alokabidek atzeratu egin zuen. Hala ere, maiatzean, ihes egin behar izan zuen etxetik indarkeria matxistagatik. Denbora batez emakumeentzako babesleku batean egon eta gero, administrazioak alternatibarik eskaini ez zionez, lehengo etxera itzultzea erabaki zuen. Orain, Alokabidek berriz agindu du kaleratzea, Berri Otxoak-eko Sheila Fernandezen arabera. Alokabideren aurrean egin zuten protesta joan den astean, eta udalaren atarian herenegun. Biei eskatu diete arazoa konpontzeko.
Argitan talde feministak eta Berri Otxoak bazterkeriaren kontrako plataformak salatu dute emakumeak baliabide ekonomiko gutxi dauzkala, badaukala zaurgarritasun egoera frogatzen duen txosten bat, eta udaleko zerbitzuek egina dela. “Udalak badaki nolakoa den emakume honen egoera”, esan du Fernandezek. Horrez gain, gogorarazi du emakumearen erasotzaileak oraindik indarrean daukala biktimarekiko urruntze agindua.
Amaia Egañaren ostekoak
Herriko talde bien iritziz, Eusko Jaurlaritza eta Barakaldoko Udala ez dira legea betetzen ari. Amaia Egaña barakaldarraren suizidioa izan du aipagai Fernandezek. Bere burua leihotik behera bota zuen Egañak, Barakaldon, 2012. urtean, etxea kendu behar zion epaile segizioa atarian zegoela. 53 urte zeuzkan, eta senarrarekin eta 21 urteko semearekin bizi zen. Haren heriotzak eragin handia izan zuen gizartean. Hurrengo astean Kutxabankek eta Espainiako Banku Elkarteak —Bankia, ING, BBVA eta Santander biltzen dituena— jakinarazi zuten kaleratzeak bertan behera utziko zituztela “muturreko” kasuetan.
Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak, Eudel Euskal Udalen Elkarteak eta Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak etxegabetzeen aurkako protokolo bat onartu zuten 2013an, eta 2019an berritu. Pandemian, Espainiako Gobernuak agindu zuen zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak ezingo zirela etxetik kaleratu, eta neurria 2022ko otsailaren 22ra arte luzatu zuen azkenengoz iragan urrian.
Alde horietatik konpromisoak eta protokoloak egon arren, Barakaldon astean lau etxegabetze daudela salatu dute Argitan eta Berri Otxoak taldeek. “Ikusten ari garena da [protokolo] hori gezur hutsa dela”, adierazi du Fernandezek. “Babesten duen legedia egon badago, baina ez dago borondate politikorik legedi hori betetzeko”.
Ekintzaileek jakinarazi dute datorren astelehenean, etxegabetzearen egunean, familiaren etxebizitzaren atarian egingo dutela elkarretaratzea. Fernandezen esanetan, badaukate itxaropena oraindik, eta “azken kartutxoa” erabiliko dute, “erantzunen bat” jasotzeko asmoarekin. “Argi daukagu elkarretaratzeak egiten ez baditugu eta ez badugu arazo hau moduren batean ikusarazten erakundeek eta administrazioak paso egiten dutela”, salatu du. “Protesta eta salaketa dira daukagun baliabide bakarra”.
Berri Otxoak-eko kideak gogorarazi du halako beste kasu batzuetan administrazioak baliabideak eskaintzen dituela prozesuaren amaieran. “Saiatzen dira azken ordura arte itxaroten, ikusteko ea emakumeak bere kabuz alternatibaren bat lortzen duen”, azaldu du.
Astelehenean jakingo dute ea protestak fruiturik ematen duen. Berri Otxoak eta Argitan taldeek azpimarratu dute, dena den, ez dutela nahi behin-behineko petatxu bat, luzera begirako konponbide bat baizik. “Behin-behineko baliabideak ondo daude momentu jakin baterako, baina emakume honek behin betiko etxebizitza behar du”, adierazi du Fernandezek.