A. Igartua Aristondo
Folka askotarikoa dela esaten eta islatzen du Folk al dok taldeak: Euskal Herriko herri kantak beste herri batzuetakoekin uztartuko dituzte biharko kontzertuan, Getxoko Andres Isasi musika eskolako auditoriumean, eta hamabost musika tresna inguruz baliatuko dira doinuok helarazteko, Ander Trabudua (Erandio, 1989) kideak azaldu duenez. Gentzane Fernandez, Eneko Benito, Iker Alvarez eta Ieltxu Jimenez musikariekin batera ariko da.
Noiz eta nola sortu zen taldea?
Kideok aspaldi ezagutzen dugu elkar, lagunak gara, musikara dedikatzen gara, eta hainbat proiektutan egin dugu lan, batzuetan bostok batera, besteetan binaka… Berez, Folk al dok taldea joan den urtean sortu zen, kontzertua egiteko. Neguko Bidaiako antolatzaileek esan zidaten folk kontzertu bat egin nahi zutela eta ea inor ezagutzen nuen. Eta batu egin ginen.
Baduzue bostok, oro har, folkarekiko interesa.
Esparru desberdinetan aritu gara, baina gure musika tresnak tradizionalak dira, batez ere; badaukagu lotura estua. Baina denetarik egin dugu: musika tradizionala, punka, heavya… Musika gustatzen zaigu, eta egiten dugu nahi eta ahal duguna, ematen diguten aukeren arabera.
Neguko Bidaia zikloan egingo duzuen kontzertuaren harira, hausnarketa egin duzue folkaren inguruan, ahalegindu zarete zehazten zer den?
Ez gara zehazten saiatu, baina musikari moduan egin dugu hausnarketa hori. Azkenean, taldearen izena galdera da, entzuleari botatzen dioguna: zer da folka? Oso berba handia da, oso kontzeptu zabala, ikuspuntu asko egon daitezke: batzuetan lotu izan da musika tradizionalarekin; oraintsu, musika zeltikoarekin ere bai… Guk ez dugu definitzen zer den folka, entzuleari uzten diogu horretaz hausnartzeko aukera.
Nolakoa izango da biharko emanaldia?
Bertoko musika tradizionaleko pieza batzuk joko ditugu, baita modernoagoren bat ere. Saiatu gara bertoko herriko musikan erabili izan diren erritmo gehienak integratzen, eta beste herrialde batzuetako piezak ere joko ditugu. Gehienak ezagunak dira, eta herri musikan oinarritutako sormen berriko abesti batzuk ere joko ditugu, Ikerrek [Alvarez] egindakoak.
Bukatutakoan, elkarrizketa egongo da entzuleen eta zuen artean. Horren lagunduko du folkaren inguruan galdetzen. Zuen lana aberastuko du?
Bai. Gainera, taldekide batzuk ohituagoak gaude halako kontzertuak egiten, edo didaktikoak, umeentzakoak… Interesgarria da. Guk galdera moduan botako dugu ea folka zer den, eta, agian, baten batek argitu dezake zeozer; bakoitzak bere pentsaera eta ikuskera du.
(Goian, Folk al dok? taldeko kideen argazki bat. Eskuinetik bigarrena da Ander Trabudua)