Ibai Maruri Bilbao
Nafarroako, Gipuzkoako eta Arabako nekazarien, abeltzainen eta lehen sektoreko beste langileen ondoren, Bizkaikoek ekin diote protestari. Joan den barikuan, Bilboko Arriaga plazan elkartu ziren, behi, traktore eta guzti, batez ere, Espainiako Elikagaien Katearen Legea indarrean sar dadila eskatzeko. Azken urteetako kostuen hazkundea bizkortu egin zen iaz, pentsuen, ongarrien, argindarraren eta erregaien prezioek izan duten gorakada itzelaren ondoren. Salatu dute beren produktuengatik ordaintzen dietena sarritan ekoizpen kostuak baino gutxiago izaten dela. Bereziki, abeltzaintzan igarri dute hori, okelaren eta esnearen ekoizpenean. Batez beste, %30 inguru hazi dira kostuak azken urtean.
EHNE Bizkaia sindikatuko Unai Arangurenek zehaztu duenez, esne litro bat ekoiztearen kostua 40-42 zentimotan dago orain, eta, Bizkaian, banatzaileek, batez beste, 37-38 zentimo ordaintzen dute. “Justu momentu honetan igo da zentralek ordaintzen duen prezioa apur bat, agian egiten ari garen mobilizazioengatik, baina salmenta prezioa kostua baino gutxiago izaten da normalean”. Azaldu du zulo hori, neurri batean, Europako Batasunetik datozen laguntzekin orekatzen ahalegintzen direla, baina, kasu askotan, ekoizleek lursailak, behiak edo makinak saldu behar izan dituzte galerei aurre egiteko.
Zer da Elikadura Katearen Legea?
Espainiako Diputatuen Kongresuak joan den abenduan onartu zuen Elikadura Katearen Lege berria. Haren arabera, kate horretan parte hartzen duten eragileek ezingo diote inoiz aurreko katebegiari ekoiztea kostatu zaiona baino gutxiago ordaindu erosten dion produktuagatik. Adibidez, esnearen kasuan, industriak ezingo dio baserritarrari esne litroagatik arestian aipatu diren 40 edo 42 zentimo baino gutxiago ordaindu, hori kostatu zaiolako baserritarrari litro hori ekoiztea. “Ez da batere onargarria kontsumitzaileak ordaintzen duen azken prezioaren %90 banatzaileei dagokien partea izatea, eta soilik %10, ekoizleari dagokiona”, txarretsi du Arangurenek.
Lege horrek estatuko erkidegoetan prezioen behatokiak sortzea ere aurreikusten du. Izan ere, Enba sindikatuko Leire Ayalak ohartarazi duenez, esne litroa ekoiztea ez da berdin kostatzen Bizkaian edo Burgosen (Gaztela eta Leon, Espainia). Behatoki horien ardura izango da, besteak beste, ekoizleari behar beste ordaintzen zaiola ikuskatzea. Bizkaiko baserritarrek Eusko Jaurlaritzari eskatzen diote behatoki hori martxan jar dezala berehala. Ayalak esan du behatokian ekoizle elkarteak eta sindikatuak ere egon behar direla: “Ezinbestekoa da denok parte hartzea prezioak finkatzeko orduan; bestela, industriak jarraituko du zehazten”.
Zer egin dezakete ekoizleek?
Prezioen inguruko kontrol handiagoa izateko aukeretako bat salmenta zuzena da. Esne ekoizpenean dihardutenen artean ere badira horren adibideak Bizkaian. Era horretan, bitartekarien irabaziak azken preziotik kentzea ere lortzen dute. Beste bat ekoizleek eurek banaketa kooperatibak sortzea da. Bizkaian, Karrantza da esne ekoizle gehien duen ingurua. 2009an, haraneko 30 bat ekoizlek Bizkaia Esnea kooperatiba sortu zuten, eraldaketa eta banaketa industriak ez dietelako ekoizpen kostuei aurre egiteko beste ordaintzen. Gerora, Euskal Herria Esnea eta beste kooperatiba batzuk ere sortu dituzte. Bizkaia Esneako Bitxor Hernandezen esanetan, beste abeltzainekin alderatuz gaur egun kooperatibako kide diren ekoizleen egoera “ez da hain txarra”, zuzenean merkaturatzen dutelako. “Horrek ez du esan nahi egoera ez denik estua. Abeltzaintza kostuak asko igo dira, pentsuenak eta energiarenak. Eta merkatuan ezin dituzu egun batetik bestera prezioak igo. Marka mantendu behar da. Abeltzainek hori igartzen dute”.
Oraintxe bertan kooperatibako kide diren 30 abeltzainek 39 zentimo jasotzen dituzte esne litro bakoitzeko. Ozta-ozta gerturatzen da arestian aipatutako 40-42 zentimotako ekoizpen kostuetara. Hernandezek esan du kooperatibari ere %10 hazi zaizkiola kostuak, kartoia, ontziak, garraioa eta argindarra “asko” garestitu direlako. Aitortu du eurek ere zailtasunak izaten dituztela supermerkatuekin esnearen prezioa negoziatzean: “Nire ustez, ez da negoziazio orekatua, haiek guk baino askoz indar handiagoa dutelako”. Edozelan ere, oro har, lortzen dute eurei ekoiztea kostatu zaiena baino gehixeago ordaintzea litroa.
Bizkaiko ganaduzainek badute beste trabarik?
Herrialde historikoak ez du hiltegirik. 2012an zarratu zen Erralde, Berrizen. Harrezkero, Karrantzako udal hiltegia baino ez dago zabalik, baina haraneko abeltzainei baino ez die ematen zerbitzua. Beraz, Bizkaiko gainontzeko abeltzainek inguruko lurraldeetara jo behar izaten dute. Asko Laudiokora (Araba) joan izan dira, baina iazko udan zarratu zuten hura ere. Gipuzkoara jo beste aukerarik ez dute orain. Ayalak esan du horrek asko garestitzen diela kostua. Batez beste, ustiategitik 30 kilometrora dagoen hiltegi batera joan beharrean, ehun kilometrora dagoen batera joan behar dute. Horregatik, abeltzain askok sei edo zazpi hilabeteko txahalak kanpora saltzen dituzte, han gizendu eta hil ditzaten. Beraz, Bizkaian hazitako ganadua azkenean kanpoan kontsumitzeko arriskua dago. Ayalak esan du diputazioari behin eta berriz eskatu diotela hiltegi bat Bizkairako.
Zer nekazaritza politika dago Bizkaian?
Arangurenen ustetan, “estrategia falta” da. Hala ere, esan du diru laguntzen sistemak nekazaritza intentsiboa sustatzen dutela. EHNE Bizkaiak eta Enbak, ordea, betiko baserrietako nekazaritza eredua bultzatzea gura dute. “Bizkaian, diru laguntzak izaten dira bolumenaren arabera: zenbat eta hektarea gehiago, laguntza gehiago. Europako joera ere hori da”, salatu du. Eredu horrek gero eta baserritar gutxiago egotea ekarri duela esan dute biek. “Belaunaldi berriak behar dira. Esaten dute hainbeste gaztek hartzen dutela parte haien programetan. Baina gero gazte horiek ikusten dute martxan ipini dutena ez dela errentagarria, eta guregana jotzen dute zer beste alternatiba dituzten galdezka”, esan du Arangurenek. Ekoizten dutena merkaturatzeko aukerak falta zaizkiela adierazi du Ayalak.
Ikusgaitasuna galduz joan direla ere salatu du Enbako kideak. Bizkaiko Foru Aldundian, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila arduratzen da nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza politikez. Eusko Jaurlaritzan, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila; energia, industria edota ingurumen politikekin batera daude lehen sektoreari dagozkionak. “Gurea den sail bat behar dugu, garai batean bezala. Gure premiek eta beharrek lehentasuna galdu dute beste batzuen mesedetan”, dio Ayalak. Azpimarratu du beren sektorea “ezinbestekoa” dela gizartearentzat.
Zein da sektorearen bilakaera?
Arangurenen esanetan, lehen sektoreak eredu “jasangarrirantz” egin behar du jauzi, eta erakunde publikoek aldaketa hori lagundu behar lukete. “Autonomia handiagoa behar dugu baserrietan. Orain dena erosten dugu kanpoan: pentsua, ongarriak… Eta dibertsifikazioa ere behar da. Horrekin irabaziko dugu autonomia, eta hori bultzatu beharko lukete politika publikoek”. Adibide bat ipini du, zer egin daitekeen: esan du Euskal Herriko eskoletako jangela gehienetan kanpoko produktuak kontsumitzen direla; “zergatik ezin ditugu gure produktuak kontsumitu? Hori egiteak bultzada handia emango lioke gure sektoreari. Esaten digute Europak ez duela baimentzen, baina ez da egia: Europan leku askotan egiten da-eta hori. Horrelako bultzadekin azkarrago iritsiko ginateke nekazaritza jasangarrira”.
Ustiategia martxan jartzen duten gazte gehienek, gero eta gehiago, nekazaritza jasangarri eta ekologikoaren aldeko hautua egiten dute, Arangurenen hitzetan. Diru laguntzez gain, prestakuntza ere behar dutela ohartarazi du. Edozelan ere, dagoeneko eredu aldaketa bat dagoela iruditzen zaio: “Azken urteetan eztanda bat egon da otzarekin, zuzeneko salmentarekin”. Abeltzaintzan, berriz, ustiategiak gero eta intentsiboagoak direla esan du; batik bat, behiekin lan egiten dutenen artean. “Behiak pentsu asko behar du; gero eta gehiago, esne gehiago produzitzeko. Belardietan ere ongarri asko botatzen dute. Horrek gastuak asko handitzea dakar. Eta ez dago dibertsifikaziorik: esnea ekoizten duzu, eta ez duzu besterik”, azaldu du Arangurenek.
Hala ere, badago aldaketaren adibiderik abeltzaintzan ere. Ayalak berak behi okela ekoizten du. Elorrion eta Ziortza-Bolibarren du ganadua: betizuak eta piriniotar arrazakoak hazten ditu. “Nik modu ekologikoan ekoizten dut. Ez ditugu beste ekoizleek dituzten arazo berak, guk ez dugulako halako mendekotasunik pentsuekiko. Guk ere badugu kanpoko okelaren lehia, ekologikoaren kasuan Galiziatik eta Asturiastik [Espainia] etortzen delako, baina zuzeneko salmenta asko egiten dugu. Intentsibokoek kanpoko lehia handiagoa dute”.
Arangurenek uste du abeltzaintza ustiategi txikien aldeko apustua egin behar dela. Esan du Bizkaian badaudela ereduak. Kepa Etxanoren kasua aipatu du: hamabi behi ditu, eta “soldata duina lortzeko beste irabazten du”; jogurtak ekoizten ditu, salmenta zuzena egiten du… “Abeltzain guztiek ezin dute eredu horretarako trantsizioa egin, baina lortu beharko genuke eskualde bakoitzean gutxienez horrelako pare bat ustiategi izatea”.
Bizkaian badago makroustiategirik?
Ezetz erantzun dute biek. “Euskal Herrian, Bizkaia da nekazaritza eta abeltzaintza industrial gutxien duen herrialdea”, adierazi du Arangurenek. Beste herrialdeetan hasi direla nabarmendu du: Caparrosoko ganadutegia (Nafarroa) eta Araban tomate hidroponiko industriala ekoizteko egin nahi duten makrohaztegia aipatu ditu. “Zeri esaten diogu makroustiategi eta zeri ez? Non dago muga? Guretzat horiek badira. Lauzpabost hektareako fabrika bat, non tomateak ez diren lurrean ekoizten: hori ez da ez bertokoa, ez sasoikoa, ez jasangarria”. Ayalak eman du datua: Bizkaian esne behien ustiategi erraldoi bat jartzeak herrialdean dauden 80 bat ustiategi txiki desagertzea ekarriko luke. Edozelan ere, ez dute espero horrelakorik martxan jartzea, Bizkaiko orografia ez delako aproposa makroustiategientzako, eta hemen topatuko ez luketen lur merkea bilatzen dutelako.
Gizarteak zer egin dezake?
Gaur egungo elikadura sistema globalizatuta dagoela ohartarazi du Arangurenek. Ekoizleak sistema berri bat eraikitzeko lanean dabiltzala esan du, baina horretan gizarteak ere baduela ardura, ez soilik nekazariek: “Kontsumitzaileak ohartu behar dira supermerkatura joan eta esnea oso merke ikusten dutenean, horren atzean badagoela jasangarria ez den eredu bat. Kontzientzia hartu, eta horrelakorik ez dute erosi behar; kalitatezko produktuaren alde egin behar dute”. Kontsumoa “tresna politikoa” ere badela azpimarratu du: “Kontsumitzen den moduaren arabera, eredu bat edo beste sustatzen da”.