Zergak ordaintzeko orduan iruzur egiteko jardueretan parte hartu duten zantzua daukaten enpresei IFZ Identifikazio Fiskaleko Zenbakia kendu die Bizkaiko Foru Aldundiak. Lehenengoz hartu du neurri hori. IFZ kendu dieten enpresek ezin izango dute egin inongo operazio ekonomikorik.
Hain zuzen, enpresa bati ezar dakiokeen neurririk zorrotzena dela jakinarazi du aldundiak. Oraingoz, zazpi enpresari ezarriko diete erabaki hori, aldundiak emandako datuen arabera.
Horietako bat Ipar Euskal Herrian erositako ibilgailuak Bizkaian salduta iruzur egin duen enpresa bat da. Aste honetan bertan jakinarazi du Ogasun Sailak antolatutako konplot bat atzeman duela, 267 bizkaitarri iruzur egin diena. 2004 eta 2011 artean, 1,2 milioi euroko iruzurra egin dute, ibilgailuen BEZa eta matrikulazio zerga ez ordainduta.
Hain zuzen, maila ertain eta altuko autoen salerosketa kudeatzen zuen talde horrek. Bizkaian lortzen zituzten bezeroak, eta bitartekari lanak egiten zituzten bezero horien Ipar Euskal Herriko kontzesionarioen artean. Erosleek BEZa Bizkaian ordaindu behar zuten, kontzesionarioek zerga hori ezarri gabe saltzen baitzituzten autook.
Ibilgailuak matrikulatzeko orduan, ordea, ez zuten aurkezten jatorrizko faktura, existitzen ez ziren Bizkaiko sozietateen faktura faltsuak baizik. Faktura horietan, autoen prezioa txikiagoa zela ageri zen, eta erosketa Espainian egindakoa zela.