Ibai Maruri Bilbao
Hasieratik sortu zuen haserrea Plentziako portua berrantolatzeko proiektuak, eta lanak bukatuta ere ez dira baretu. Portu barruan itsasontziarentzako leku barik geratu diren ontzi jabe batzuk epaitegietara jo dute. Eusko Jaurlaritzaren mendekoa den EKP Euskadiko Kirol Portuak erakunde publikoak kudeatzen du kaia, hark egin du obra, eta amarralekuak esleitu ditu. Ontzi jabeek 80 helegitetik gora ipini dizkiote EKPk egindako banaketari, baina erantzunik jaso ez eta auzibidea hastea erabaki dute.
Iazko maiatzean, EKPk ofizial egin zituen pantalan berrietako 204 plaza berrien emakidak, eta ehunka pertsona kanpoan geratu ziren. Proa Plentziako portuko ontzi jabeen elkarteko kide dira haietako asko. Javi Onzain Proako buruak esan du elkarte modura ez dutela auzian parte hartuko, kideetako batzuei amarralekua egokitu zaielako eta beste batzuk barik geratu direlako. “Lehengo batean bazkide batek esan zidan elkarte moduan joan beharko genukeela auzitara. Hura kanpoan geratu da. Galdetu nion amarralekua lortu izan balu auzitara jotzea ondo ikusiko lukeen. Ez zitzaion gustatu. Ezin dugu auzitara jo dutenekin bat egin, amarralekua egokitu zaienek euren kontra gaudela pentsa dezaketelako”. Hala ere, adierazi du elkartekoek uste dutela EKPk ez duela “behar den bezala” egin amarralekuen zozketa.
Onzainek azaldu duenez, EKPk orain arte egin dituen zozketetan itsasontzien luzera eta zabalera hartu izan du kontuan; batez ere, luzera. “Esaten zuten: ‘Bost metro luze diren hainbeste itsasontzi sartuko dira, sei metro diren hainbeste, zazpiko hainbeste…’. Eta horien artean egiten zuten zozketa”. Ondoren, ontzien zabalera ezberdinek sortzen zituzten desorekak hutsik utzitako pantalanekin doitzen zituzten. Oraingoan, ordea, bestelakoa izan da irizpidea. “Uraren gainazala ahalik eta gehien optimizatzeko zer itsasontzi neurri behar dituzten kalkulatu dute”, dio Onzainek. “Euren premiak betetzen dituzten itsasontziak aukeratu dituzte, eta gainontzekoak kanpoan geratu dira. Euren kalkuluen arabera behar izan duten zabalera baino handiagoa duten itsasontziak luzera handiagoa dutenen taldera pasatu dituzte”. Orain arteko eredua “bidezkoagoa” dela iruditzen zaio Proa elkarteari. “Zozketa eredu berri honetan sartzeko aukerarik izan ez duten itsasontziak ere badaude, eta hori ez da zuzena. Denek izan beharko lukete aukera hori, nahiz eta gero zozketan leku gabe geratu; behintzat, parte hartu”.
Onzainek esan du bere garaian EKPrekin berba egin zutela, zozketa eredua aldatzeko eskatuz. “Erantzun ziguten jendeak protesta egiten zuela, eredu hartan batzuek egiaz betetzen zuten urazala baino gehiago ordaintzen zutelako. Guk uste dugu inork ez dela kexatuko horregatik”.
Itsasadarrera begira
Onzainek hasierako proiektua ekarri du gogora. Lehen asmoen arabera, itsasadarrean ere pantalanak jarriko zituen EKPk. Izan ere, portuko leku falta kontu zaharra da, eta egun barruan baino itsasontzi gehiago daude itsasadarrean lotuta. Hainbat protestaren ondoren, itsasadarreko proiektua bertan behera utzi, eta soilik portua egokitu zuten. Onzainek gogoratu du itsasadarreko pantalanetan 600 amarraleku sortuko zirela, eta, horiek egin balira, egun portuan lekurik lortu ez dutenek amarralekua izango luketela kanpoan. Pribatizazioa eta ingurumenean eragin zezakeen kaltea izan ziren aurkakoen argudio nagusiak. Edozelan ere, itsasontziek itsasadarrean jarraitzen dute.