Taxiak, auzoa eta erdigunea lotzeko konponbide legez

Taxiak, auzoa eta erdigunea lotzeko konponbide legez

Olatz Enzunza Mallona

Auzoetan zein landa eremuetan bizi diren askok zailtasunak izaten dituzte, sarritan, herrigunean dagoen medikuaren kontsultara jaisteko, udal ikastaroetan parte hartzeko, parranda baten ondoren etxera itzultzeko edota banketxera joateko. Autoaren beharrizana nabaria izaten da eremu horietan. Baina zer gertatzen da gidatu ezin dutenekin, autoa tailerrean dutenekin, edo, besterik gabe, gidabaimenik ez daukatenekin? Bizilagun horien egoerari konponbidea emate aldera, auzoetako taxi zerbitzua jarri dute martxan Bizkaiko zenbait udalerritan. Tartean, Arrigorriaga, Ispaster, Bermeo eta Iurreta. Herritarrei beren etxeen eta herrigunearen arteko joan-etorriak “modu arinean, jasangarrian eta merkean” eskaintzea da zerbitzuaren asmoa, eta astelehenetik zapatura bitartean egoten da erabilgarri.

Herriaren arabera, zehaztapen jakin batzuk edo beste batzuk ditu zerbitzuak. Izan ere, udalerri batzuetatik besteetara aldatuz doaz zerbitzua erabili ahal izateko baldintzak eta arauak.

ARRIGORRIAGA

Urte berriarekin batera abiatu dute auzoetako taxi zerbitzua Arrigorriagan. Izatez, joan den urte hasierako osoko bilkuran onartu zen proposamena, baina orain arte ezin izan dute abian jarri, Idoia Molina Auzo, Hirigintza eta Etxebizitza zinegotziaren hitzetan: “Zerbitzu honek lurralde orekaren eta mugikortasun jasangarriaren alde egiten du, zerbitzu arin, merke eta iraunkorra eskainiz”. Bizkaia mailan ezaguna bada ere, Arrigorriagako udalerrian “berrikuntza lez” hartu dute proposamena.

Astelehenetik barikura 07:30etik 20:00etara egongo da erabilgarri, eta zapatuetan, 09:00etatik 14:00ak arte: “Abuztu osoan eta jaiegunetan ez da zerbitzurik eskainiko”. Horrez gainera, “derrigorra” izango da taxi zerbitzua bezperan eskatzea, “19:00ak baino lehen”.

Bonuak hamarnaka erosi behar direla azaldu du zinegotziak, eta horietako bakoitzeko 20 euro ordainduko ditu erabiltzaileak: “Urtean, gehienez, 120 bonu eskatu ahal izango dira, eta taxi gidariek udaletxean jasoko dute bidaien zenbatekoa”.

Udalerrian erroldatuta egoteaz gainera, bestelako baldintza batzuk ere bete beharko dira auzoetako taxi zerbitzua erabili ahal izateko. Besteak beste, 65 urtetik gorakoa izatea, gutxienez %33ko ezintasuna izatea, edo mugikortasuna aldi baterako murriztuta izatea.

ISPASTER

Ispasterren, berriz, joan den irailean jarri zuten martxan auzoetako taxi zerbitzua. Komunikazio arazoak dituzten herritarrei mugikortasuna erraztea da helburua, Garbiñe Saenz de Buruaga Ispasterko alkatearen arabera: “Taxi zerbitzua jartzeko beharrizana ez zen horren nabarmena, baina mugikortasun arazoei irtenbidea emateko asmoz abiatu genuen”.

Hain zuzen, 2017an hasi ziren proiektuari bueltaka, Euskadi Lagunkoia proiektuaren baitan, eta bertatik jaso zuten herritarren proposamena: “Diagnosi bat egin ondoren, hiru talde eragile sortu ziren, eta horietako bat zen erdigunera jaisteko arazoa”. Auzoetatik herrigunera jaisteaz gainera, medikuaren kontsultategira, botikara edota ikastaroetara joateko ere erabil daiteke zerbitzua, baita Lekeitiora joateko ere. “Betiere, zerbitzu hori udalerrian ez badago”.

Hala ere, zerbitzua ezingo du edonork erabili. Baldintza gisa, Ispasterren erroldatutako 65 urtetik gorako herritarra izan behar da. “Baina badaude salbuespenak”, dio alkateak. Gidabaimenik edo kotxe propiorik ez izatea izan daiteke eskaera egiteko baldintzetako bat. Horrez gainera, medikuak egindako ziurtagiri bidez ere erabili ahal izango da taxi zerbitzua, 65 urtetik beherakoa izan arren.

Astelehenetik barikura bitarte, 07:30etik iluntzeko zortzietara erabili ahal izango da zerbitzua, eta zapatuetan, berriz, goizeko bederatzietatik arratsaldeko ordu bietara. Bidaia bakoitzeko bi euro ordaindu beharko ditu erabiltzaileak. Hala ere, Goierrin bizi diren herritarrek euro bakarra ordaindu beharko dute bidaia bakoitzeko: “Auzo horietatik ez da garraio publikorik igarotzen, eta auzoetako taxia da topatu diogun konponbide bakarra”.

Erabiltzaile izan nahi duen horrek udaletxera joan beharko du eskaera egitera, eta bertan jasoko du txartela. Momentuz, ez dute herritarren eskaerarik jaso, baina aurrerantzean zerbitzua erabiltzera animatzeko deia luzatu du Saenz de Buruaga alkateak: “Pena da erabiltzaile aktiborik ez egotea, baina ea pixkanaka martxa hartuz doan”.

Arrigorriagako auzo taxi

BERMEO

Bermeoren kasuan, lehenago ekin zioten auzoetako taxi zerbitzua eskaintzeari: 2015eko apirilean, hain zuzen ere. Aritz Abaroa alkatearen arabera, erdigunearen eta auzoen arteko irisgarritasuna hobetzea da proiektuaren helburu nagusia: “Hala, herritarren bizi kalitatea hobetzeko ere balio izan du taxi zerbitzuak, zalantza barik”. Hainbat auzo daude programan sartuta. Besteak beste, Agirre, Almika, Arane, Arronategi, Artika, Demiku, Gibelortzaga (San Pelaio), Kurtzio (Sarren), Mañu, San Andres eta San Migel. Betiere, beste garraiobide bat erabiltzeko aukerarik ez dutenean.

Erabiltzaileek taxiarekin eskainiko den zerbitzuaren %35 baino ez dute ordaindu behar izaten, eta gainerakoa udalaren esku geratzen da. Hala, erdigunetik lau kilometrora edo gutxiagora dauden auzoen kasuan 2,45 euro ordaindu beharko ditu erabiltzaile bakoitzak, eta lau kilometro baino urrunago daudenen kasuan, 3,85 euro. Hala ere, “funtsezkoa” izango da zerbitzua eskatu nahi duenak txartela eskuratzea, Bermeoko Berh@z bulegoan.

Astelehenetik ostiralera bitarte, 08:00etatik 20:30era dago erabilgarri; eta larunbatean, berriz, 08:00etatik 14:00etara. Ordutegi horrez gainera, gaueko zerbitzua ere eskaintzen dute Bermeon, salbuespen gisa. “Gauez zerbitzua nahi duen erabiltzaileak larrialdi kasu bat dela justifikatu beharko du ezinbestean”.

Udalerriko zazpi taxilarik eskaintzen dute auzoetako taxi zerbitzua, eta, kasu guztietan, gomendagarria izaten da zerbitzua “aurrez” erreserbatzea, “taxilariak ere prest egon daitezen”, Abaroa alkateak dioenez.

IURRETA

Herriguneko zerbitzuak landa eremuetara “hurbiltzeko” asmoz sortu zuten auzoetako taxi zerbitzua Iurretan, 2009an. Durangaldean aitzindari izan ziren, eta, gerora, eskualdeko beste hainbat udalerritan ere jarri zuten martxan zerbitzua. Besteak beste, Elorrion, Zornotzan eta Izurtzan. Iñaki Totorikaguena Iurretako alkatearen arabera, “premia baten ondorioz” sortu zen ideia: “Erdiguneko zerbitzuak baserri zein landa guneetara gerturatu nahi genituen; izan ere, gune horietan bizi diren herritarrek zentrora etortzeko eragozpenak zituztela ikusi genuen”. Era berean, ibilgailuen “erabilera arrazionala” ere sustatu nahi izan zuten zerbitzuaren bitartez.

Astelehenetik zapatura bitarte eskaintzen da auzo-taxi zerbitzua udalerrian. Aste barruan, 07:30etik 20:00etara bitarte, eta zapatuetan, berriz, 09:00etatik 14:00etara arte. Erabiltzaileek euro bi ordaintzen dituzte bidaia bakoitzeko, eta baldintza bakarra bete behar dute: Iurretan erroldatuta egotea.

Zerbitzua erabiltzen jarraitu nahi izanez gero, urtarrilean zehar berritu beharko dute txartela erabiltzaileek. Izan ere, otsailaren 1etik aurrera, Iurretako Udalak emandako txartel berria erakutsi beharko zaio taxi gidariari.

Oro har taxi zerbitzuak herritarren artean “arrakasta” duela nabarmendu du Totorikaguena alkateak, eta hala jarraituz gero urte luzez iraungo duela uste du: “Herrian dagoeneko finkatuta dago zerbitzua, eta auzoetako jende askok erabiltzen du”. Joan den urtean, kasurako, 180 txartel inguru eskatu zituzten herritarrek, eta hilero 200 bidaia inguru egin direla kontatu du alkateak.