Teknologia, ikasteko lagun

Teknologia, ikasteko lagun

Ibai Maruri Bilbao

Maroko hego-ekialdeko eskualdeetan eskolara joateari uzten dioten umeen zenbatekoa oso handia da. “Herrialdeko eskualde produktiboetatik urrun daude. Ez dute industriarik. Lehen sektoretik bizi dira. Umeek ikusten dute ikasteak ez diela etorkizunik berbatzen, eta ez dute eskolara joan nahi, iruditzen zaielako ez dela erabilgarria. Ahal dutenean, Maroko iparraldera jotzen dute lan bila, edo Europara”, azaldu du Barakaldoko Agharas elkarteko presidente Ridouane Chakouchek. Arazo horri konponbidea bilatzen laguntzeko proiektu bat ipini dute martxan Bilboko Elkartenet elkartekoekin batera: Mugarik gabeko ikasgelak du izena. Ume horiei ikasketa prozesua erakargarriago bihurtzeko ordenagailuak emango dizkiete.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ordenagailu eramangarri txikiak eman dizkie elkartekoei, eskoletan erabili diren baina dagoeneko erabiltzen ez diren ordenagailuak. “Garbigunera bidaltzekoak ziren, eta guk beste bizitza bat emango diegu programa honi esker”. Elkartenetekoek formateatu egin dituzte, eta Txikilinux izeneko sistema operatiboa instalatu diete. Aste Santuan 8-10 laguneko boluntario taldea Marokoko Malleb ingurura joango da, ordenagailu horiekin hamabi informatika gela sortzera. Bide batez, boluntario horiek amazig herriaren kultura, nortasuna eta bizitzeko bertatik bertara ezagutzea ere bada bidaiaren asmoa. Chakouchek esan du Euskal Herriaren eta amazig herriaren arteko zubia izan nahi dutela Agharaseko kideek, bi herrien arteko loturak sendotzeko.

Bertako gobernuz kanpoko erakunde, elkarte eta ikasleen guraso elkarteekin elkarlanean dabiltza proiektua garatu ahal izateko. Izan ere, ezinbesteko jo du elkarlan hori. “Iazko urrian joan ginen dagoeneko prest genituen ordenagailu gutxi batzuekin. Denbora batez probatu zitzaten utzi genizkien. Elkarte bakoitzak hogei bat egunez erabili ditu, eta gero hurrengoari utzi dizkio”, azaldu du Agharas elkarteko presidenteak. Esan du probatu dutenak “oso pozik” daudela, eta uste dutela proiektuak emaitza onak eman ditzakeela.

Ahal duten neurrian, ordenagailuak ikastetxeetan beren beregi horretarako atondutako geletan jarriko dituzte. Baina, horretarako aukerarik ez dagoen tokietan, proiektuan bidelagun dituzten tokian tokiko elkarteen egoitzetan egongo dira. Nahi lukete Marokoko Hezkuntza arduradunen lankidetza lortu; hasteko, aduana kontuekin laguntzeko, eta, gero, posible den ikastetxe guztietan horrelako gela bat egongo dela bermatzeko.

Agharas

5 eta 15 urte arteko umeentzat izango dira ordenagailu horiek. Berez, euskaraz eta gaztelaniaz erabiltzeko prestatuta egon dira. Haiek frantsesez eta arabieraz erabiltzeko egokitu dituzte. “Aplikazioetan jolas modukoak dituzte. Haiek uste dute olgetan ari direla, eta badabiltza, baina bide batez ikasi ere egiten dute; adibidez, Informatika edo Matematika”. Espero dute modu horretan umeak ohartzea ikastea dibertigarria ere izan daitekeela. “Umeek eskolara joatean jarrai dezaten lagun dezake: ondo pasatzen badute ikasten duten bitartean, ez diote joateari utziko”.

Une honetan ez dute ordenagailu gehiagorik behar, martxan ipiniko dituzten informatika geletarako behar beste dituztelako. Hala ere, laguntza ekonomikoa behar dutela esan du, ordenagailuak Marokora eramateko. Lagundu gura duenak proiektuaren webgunean du horretako bidea.

Tokian tokiko lana

Agharas elkarteak orain arte Euskal Herrian egin du lan, gizarteratzen lagunduz. Esaterako, etxegabe etorkinentzako pisu bat du Barakaldon. Tarteka egin izan dituzte lankidetzak kanpoan. Baina Marokon bertan martxan jarri duten lehen proiektua da, eta Chakouchek esan du ilusioz beteta daudela. “Garrantzitsua iruditzen zaigu han ere lan egitea. Esaterako, zona hau da bakarrik datozen adingabe migratzaile gehienen sorlekua. Ondo dago hona datozenean behar duten arreta guztia ematea. Baina lortzen badugu euren etxean behar duten etorkizuna bermatzea, ez dituzte euren buruak arriskuan jarri beharko horrelako migrazio prozesuetan”. Besteak beste, Agharas eta Elkartenet mugikortasunari lotutako beste proiektu bat martxan jartzeko lanean dabiltza. Horretarako, Medicus Mundiren laguntza izango dute.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, jo webgune honetara: Aulasinfronteras.org