Javi West Larrañaga
Ez dugu uste luze gabe gure eskaerak betetzea lortuko dugunik, baina etxeko sofatik ez dugu inoiz lortuko”. Begoña Zorrozua pentsiodunaren esaldi horretan dago urteotako mobilizazioen erroa. Denbora asko daroate Euskal Herriko pentsiodunek kaleetan aldarrika, eta, oraingoz, ez dute amore emateko asmorik. Eskakizunak ez dira askorik aldatu hasieratik hona, baina beste batzuk gehitu dituzte denborak eta egoerak bultzatuta, “erakundeen eginkizunen arabera”. Borroka hori erakusten du Getxoko Abian kultur elkarteak prestatu duen argazki erakusketak —hilaren bukaera arte dago ikusgai—. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak manifestatzera deitu du bihar, Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta zenbait herritan, pentsiodunen manifestazio jendetsuen laugarren urtemugan.
Irudiek argi adierazten dute pandemia garaiko argazkiak direla, protagonistek maskarak ipinita baitauzkate. Aurpegi erdia estalita izan arren, igar dakieke esperantza begiradan. Ecuador Etxearenak, Baskale elkartearenak eta Oneka plataformarenak dira argazkiak, eta Klaus Armbruster da egileetako bat. Dioenez, militantziatik asko dauka haren argazkilaritzak, eta hainbat hausnarketa egin ditu egungo irudien iraupen laburraz: “Jende askok ateratzen ditu argazkiak gaur egun, baina ez dira ikusten. Nire asmoa ez da argazkiak ateratzea bakarrik, baizik eta haiekin zerbait egitea”. Arrazoi horregatik, irudiak sareetan banatzen ditu, eta erakusketak antolatu. Armbrusterrentzat, argazkiak “mezuak” transmititzeko modu bat dira: “Komunikazioa sortu nahi nuen argazkietako protagonisten eta ikusleen artean. Erakusketa hau da emaitza”.
Borroka, duintasunagatik
Begoña Zorrozua eta Jose Mari Unzueta Getxoko pentsiodunen arabera, Espainiako Gobernuak Mariano Rajoy presidentearen agintaldian indarrean jarritako urteroko %0,25eko igoerak piztu zuen borroka. “Duintasunaren aldetik” min handia egin zuela adierazi du Zorrozuak, eta “kamuflatutako murrizketak” izan ziren, haren arabera, bizitzaren kostua nabarmen gehiago igo baitzen. Pentsiodunek ordutik daramate astelehenetan biltzen, hirietan eta herrietan, eta, zenbait garaipen lortu badituzte ere, oraindik ez dira bete eskaera nagusiak.
Bidean eraginkorragoak izatea lortu dutela azaldu dute Zorrozuak eta Unzuetak. Herriz herri antolatu dituzte taldeak, eta horien arteko sare bat eratu. Ekonomialariak eta abokatuak daude haien artean. “Oso jende ona”, Unzuetaren aburuz. Batzordeak sortu dituzte lanak banatzeko. Esaterako, Argudio Batzordeak pentsiodunei eragiten dieten arauen analisia egiten du, eta kideei helarazi. Urte hauetan eraginkorragoak izatea lortu badute ere, ez dute ukatu pandemiak gogor jo dituenik. Ezagutzen zituzten kide batzuk galdu dituzte urteotan. Unzuetak uste du mugimenduak bolada batean behera egin arren orain gorantz doazela berriz ere.
1.080 euroko gutxieneko pentsioa izan da azkeneko urteotan gehien nabarmendu den eskaera, baina, horri lotuta, Espainiako Estatuko lanbide arteko gutxieneko soldata 1.200 eurora igotzea eskatzen dute oraindik ere. Horrez gain, pentsio sistema publikoaren pribatizazioaren aurka egitea izan da haien eskaeretako bat.
Hasierako ardatz horiekin lotuta, azkenaldian beste batzuek garrantzia hartu dutela azaldu du Zorrozuak: “Gero eta indar handiagoa hartzen ari dira alargunen gaia eta sexu arrakalaren eta arrakala digitalaren afera, esaterako”.
Zorrozua Oneka Euskal Herriko Emakume Pentsionisten plataformako kide da. 2018an sortu zuten plataforma, erretiroa hartutako andreen arazoak ikusgai egiteko. Emakumeen eta gizonen pentsioen arteko arrakala amaitzeko neurriak eskatu dituzte ordutik. Izan ere, Hego Euskal Herrian, 2017an emakumezkoen batez besteko pentsioa 825 eurokoa izan zen; gizonezkoena, berriz, 1.434 eurokoa. Euren burua aurkezten ari dira oraindik, herriz gerri. “Astiro gabiltza, baina nahiago dortoka bezala ibili eta ez erbiaren moduan”. Zorrozuak adierazi du gune mistoetan emakumeen rola aldatzea ere lortu dutela. Unzuetak bat egin du harekin: “Bileretan, emakumeren bat hizketan ari bada eta norbaitek eteten badu, gizonek ere erantzuten dute: ‘Ei, bera ari da hizketan'”.
Andre askok mugimenduan parte hartzeko zailtasun handiagoak dauzkatela azaldu dute biek. Zorrozuaren berbetan, haiek dira etxera lehenago joan behar dutenak janaria prestatzera, edo neba-arrebak eta gurasoak zaindu behar dituztenak: “Zaintzaren kultura hezurretaraino sartuta dago oraindik”.
Zorrozuaren eta Unzuetaren ustez, pentsio txikietan ere arreta jarri behar da. Izan ere, gutxienekoa kobratzen duten batzuk ez dira ausartzen jendaurrean esatera eta haien arazoa aurkeztera. “Lotsa handia” ematen diela erantsi du Zorrozuak: “Ez dute esan nahi 400 euro irabazten dituztela. Uste dute seme-alabek ez dutela nahi esatea”. Gutxi kobratze horrek, Zorrozuaren arabera, arazo ekonomikoak eragiteaz gain, galarazi egiten die pentsiodun moduan militatzea. Irteerak egitean bazkaria antolatzen bada, askotan ez dira joaten. Elkarretaratzearen osteko kafea ordaindu ezinak ere lotsa ematen die.
Aro berrien zailtasunak
Erakundeei bakarrik ez, beste sektore batzuei ere egin dizkiete kritikak. Bankuek arreta pertsonala desagerrarazi nahi dutela iritzita, bulegoetara jo, eta zuzendariei kexa gutunak helarazi dizkiete. “Guk leihatilako arreta eskatzen dugu”, esan du Unzuetak.
Zorrozuak uste du gai materialetan ez ezik pentsiodunen irudian ere aldaketa eragin dutela. “Garai batean, edadetua zinen, erretiroa hartzen zenuen, eta ez zinen existitzen”. Orain jende nagusia “ikusaraztea” lortu dutela deritzo, eta “presio politikoa” egiteko gai direla. “Ez bagina kalera atera, orain ez litzateke ezertxo ere egongo. Ez lukete hitz egingo gutaz. Kaleak dira gure armarik handiena”. Jendea gogotsu dagoela adierazi du, eta, “siestak alde batera utzi, eta kalera atera” behar dutela.