Natalia Salazar Orbe
Eraso matxistak salatzeko, manifestaziora deitu du gaurko Barakaldoko Argitan emakumeentzako aholku etxeak. Herrian gertatzen ari den “eraso matxista oldeagatik” protesta egiteko egingo dute mobilizazioa. 19:30ean aterako da herriko plazatik, Indarkeria matxistaren aurrean erantzun kolektiboa, elkartasuna eta autodefentsa feminista lelopean.
Barakaldon bertan emakumeen kontrako hiru indarkeria kasu zenbatu dituzte aurtengo lehen zortzi egunetan. Azkena joan den asteburuan gertatu zen. Argitanek zerrendatu ditu horiek guztiak: hilaren 6an, bikotekide ohiari eraso egin zion gizon bat atxilotu zuten, eta urtarrilaren 2an, beste gizon bat atzeman zuten taberna batean, sexu abusuengatik. Urtarrilaren 8an, beste gizonezko bat atxilotu zuten. Denda batean lapurretan harrapatu zuen saltzaileak; emakumeak kargu hartu zion, eta 20 urteko gizonak sexu erasoak egin zizkion.
Horiez gain, Portugaleten hilaren 7an gertatutako erasoa ere ekarri dute gogora: “37 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, emakume bat bortxatzeagatik”.
Icebergaren tontorra
Ezagutzen diren eraso matxistak “icebergaren tontorra” besterik ez direla uste du Argitanek. Hala azaldu du Mireia Saiz bertako kideak: “Erasoek ez dute etenik. Batzuen berri jakiten da, atxilotuak daudelako, baina, benetan, arazoa askoz larriagoa eta sakonagoa da. Horregatik jarraitu behar dugu kalera ateratzen”.
Saizek gogora ekarri du arazoa Barakaldoz gaindikoa dela. “Egiturazko arazoa da. Indarkeria matxista emakumeok gizarte patriarkal eta matxista honetan bizi ditugun desberdintasunen eta diskriminazioaren ondorio zuzena da”.
Eraso oldearen arrazoiei buruz galdetuta, Argitaneko kideak uste du “patriarkatua indarkeriazko erreakzioa izaten ari dela mugimendu feministaren aurrera pausoen aurrean. Alde batetik, horrek irakurketa positiboa du, baina, bestetik, kalera ateratzen jarraitzera ere behartzen gaitu. Salatzen eta kontzientziatzen jarraitu behar dugu hau ez dela normala”.
Ideia hori azpimarratu du: “Eraso matxistak eta indarkeria matxista ezin ditugu normalizatu gertakari hutsak balira bezala. Eta hori gertatzen ari da: emakumeen aurkako indarkeria normalizatzen ari da, eta ez zaio aitortzen eta ematen benetan duen lehen mailako arazoaren izaera. Gizarte moduan dugun arazoa da, egiturazkoa da, eta merezi duen garrantzia eman beharko litzaioke, gero behar bezalako erantzun bat eman ahal izateko”.
Esan du kolektibo feminista gisa euren betebeharra “kaleetan egotea” dela, “kolektiboki ahalduntzeko eta oihuka aldarrikatzen jarraitu ahal izateko hau ez dela normala, eta hondatzen gaituen eta emakumeoi krudelki eraso egiten digun indarkeria matxistak aurrean izango gaituela”. Ozen aldarrikatuko dute Barakaldon ez dela “erasorik geratuko erantzunik gabe”.
Bizkaiko Ezkerralde osoko gizarte kolektibo guztiei mobilizazioarekin bat egiteko deia egin diete. “Batera indartsuago garelako eta modu kolektiboan erantzuteko gaitasuna dugulako”, esan du Argitanek. “Autodefentsa feminista” aldarrikatu du.
Deia erakundeei
Emakumeentzako aholku etxea erakunde publikoei ere zuzendu zaie. “Politika publiko integralak, benetakoak eta eraginkorrak” eskatu dizkiete “indarkeria matxistaren pandemiarekin bukatzeko”. Saizek uste du erakunde publikoak ez direla ari egiten egin beharko luketena arazoari irtenbidea emateko. “Baliabide falta izugarria dago, eta indarkeria matxistaren biktima izan diren edo eraso matxistak pairatu dituzten emakumeak artatzeko ikuspegi feminista falta handia ere bai”.
Adierazi du erasoez gain sistemak eta erakundeen egiturek ere emakumeen kontrako indarkeria darabiltela. “Erakundeak adabakiak jartzen besterik ez dira ari. Indarkeria matxista autopropaganda egiteko erreminta gisa darabilte. Hori onartezina da”.