Autogestioaren bidetik kudeatutako gizarte etxe bat nahi du Basetxe Gaztetxea elkarteak Trapagaranerako. Irati Aranburu (Trapagaran, 1993) hango kidea da, eta hark azaldu ditu proiektuaren nondik norakoak.
Gaztetxe bat zegoen lehen, eta orain gizarte etxe bat izango da Trapagaranen. Zein aldaketa sortuko ditu herrian proiektu berri horrek?
Herriarentzat irekita egongo dela. Herriko jendeak modu normal batean ikusiko du lekua, ez gaztetxe moduan soilik. Herritar guztientzat zabalik egongo da, guztiok erabil dezagun. Gaztetxea, gainera, okupatutako eraikin batean dago. Arratoiak eta itoginak ditu. Lan handia egin da lekua leheneratzeko. Eta pauso handia da orain herritarron esku leku berri bat izatea.
Zelako ibilbidea izan du gaztetxeak?
Hamar urte baino gehiagoko ibilbidea dauka. Hasieran, gure proiektua baino ez zen, baina orain lanean ari gara gazteen lokalekin ere.
Zein lan egin da lokaletako kideekin?
Lan handia egin da. Orain, guztion artean Lonjero Eguna antolatu dugu, eta, hor, lokaletako kide guztiek parte hartzen dute. Zapatuan ospatuko dugu.
Horrez gain, Trapagarango jaietan lan handia egiten dugu. Antzinako ohitura bat ere berreskuratu dugu: Carrascolienda-rena [inauterietan koplak abesteko ohitura]; Bigarren Errepublikara arte egiten zen, eta orain dela gutxi berreskuratu dugu. Herriko jendeak ere parte hartzen du gaur egun. Dena den, beste hainbat lan ere egin du Basetxe Gaztetxea elkarteak.
Zaballako hiltegian egongo da gizarte etxea, baina, oraingoz, proiektu bat baino ez da, ezta?
Joan den zapatuan aurkeztu genuen proiektua prentsaren aurrean. Zaballako auzokideei ere aurkeztu diegu. Orain, udalean erregistratuko dugu, eta elkartez elkarte ari gara guztia aurkezten.
Irakaskuntzan ere garrantzia daukala uste dugu. Beraz, besteak beste, bertoko ikastolara eta institutura ere joango gara atxikimendu bila. Garrantzitsuena da herrira zabaltzea eta herritarren erantzun on bat jasotzea.
Proiektua zabaltzeko kanpaina ekainaren 23an bukatuko da. Guztiok parte hartzeko moduko egun bat antolatu dugu ordurako: Parte Hartze Autogestionatuaren Eguna. Futbolariek futbolean jokatuko dute, beste batzuek ipuinak kontatuko dituzte… Azken batean, modu parte hartzaile batean ariko gara hiltegia lortzeko jardueretan. Manifestazio zaratatsu bat ere egingo dugu.
Udalak zer-nolako jarrera du?
Oraindik ez dugu berbarik egin haiekin. Proiektua erregistratu egin behar dugu, eta gero ikusi beharko da zer deritzoten. Dena den, nahiko aurreratua dago prozesua, eta uste dugu erantzuna ona izango dela.
Orduan, proiektuari buruz ez duzue hitz egin oraindik udalarekin?
Gaztetxearen proiektua aurrekontuetan sartu dute. Oraindik, hala ere, ez dugu haiekin berbarik egin. Proiektua aurkeztuko diegu, ezagut dezaten eta erabakiak har ditzaten hortik aurrera.
Eta zer uste duzue gertatuko dela?
Herritarrak alde daude. Beraz, udalak proiektuaren alde egingo duela uste dut.
Berezia izango litzateke udalak era horretako autogestio proiektu batean parte hartzea. Beste esperientziaren baten berririk baduzue?
Bai. Garatu nahi dugun proiektua lantzeko, hainbat elkarrizketa izan ditugu. Ortuellan ere egon zen antzeko kasu bat. Trapagaranen bertan ere egon dira antzeko esperientziak. Larreinetan eta Trapagarango beste auzo batzuetan, bertako bizilagunei eman dizkiete lokal batzuk. Beraz, gurea ere gauzatu daiteke.
Gainerako herritarrek zein leku izango dute proiektu horretan?
Azken batean, proiektua herritarrentzat izango da; edozein jarduera egin nahi duenak lekua izango du.
Zer-nolako erantzuna ari zarete jasotzen aurkezpenetan?
Oraingoz, oso ona. Jendea proiektuaren alde dago, eta ulertzen du gizarte etxearen beharra dagoela.
2011ko azaroan, gogoeta bat hasi zenuten, eta ondorioztatu zenuten gaztetxearen egoera eta segida ez zeudela normalizatuta. Zergatik?
Herritarrek jakin badakite Carrascolienda-k eta antzeko jarduerak gaztetxeak berreskuratu dituela eta guk antolatzen ditugula, eta normal-normal parte hartzen dute jarduerotan eta beste batzuetan. Hala ere, gaztetxera bertara, ez doaz. Okupatutako etxe bat izanik, mesfidantza sortzen du, eta ez da normaltzat hartzen.
Asmoa iragarri duzue jakintza eta denbora trukean oinarritutako tailerrak egiteko. Zertan datza asmo hori?
Gaztetxean, hainbat kultur jarduera egiten dira gaur egun: bertso eskola, alboka tailerra, dantzak… Uste dugu era horretako jarduerak ondo etorriko direla.
Horrez gain, gure gaztetxea San Gabrielen dago orain, eta garrantzi handia izan dugu han. Lehenago, hango jaietan ez zen egoten ia jenderik. Orain, ordea, auzoetako jaiei indarra eman diegu. Gaztez beteta daude gaur egun. Zaballan gauza bera egin gura dugu; hara ere, gero eta gazte gehiago eramaten ari gara.
Ezinbestekotzat jo duzue balioetan oinarritutako proiektu bat izatea. Zein oinarri ditu?
Autogestioa funtsezkoa da. Azken batean, gaztetxean autogestioaren esperientzia izan dugu, eta oso ona izan da. Parte hartzailea ere izango da.
Lokala zelan antolatu nahi duzue?
Bilera gela bat, areto nagusi bat eta musikariek entseguak egiteko lokal bat ere nahi dugu. Dena den, oraingoz, egitura aztertzeko dago.
Bien bitartean, gaztetxeak martxan jarraitzen du?
Bai. Bestea lortu arte, han jarraituko dugu. Auzokide batzuk kexatu egin dira, eta arriskua dago lokala edonoiz erortzeko. Hala ere, oraingoz, han jarraitzeko asmoa daukagu.