Historia oparo bat bizkarrean

Historia oparo bat bizkarrean

Amaia Igartua Aristondo

Segizioa osatzen dute Busturiko Ekoetxea Urdaibaiko hormetan: intsektuek alderik alde zeharkatzen dute aretoa, eta hondo zuriak are nabarmenagoak egiten ditu gorputz beltz mardulak eta horiek inguratzen dituzten marko orobat ilunak. Bizkarra erakusten dute, baina estalkien xehetasunak ez dira betikoak; animaliak ez dira beren horretan erreproduzitu ilustrazioetan. Erliebe naturalen beharrean, exoeskeletoek bestelako marrazki batzuk agertzen dituzte: batzuek, usadio multzoa; besteek, jaki andana bat, edo eraikinak; badaude bi hanketan bermatutakoak ere, makila eskuan eta zapatak oinetan ibilian doazenak.

Intsektuek badaramate edo badoaz. Bi eginkizun horiek dituzte Arantza Eziolazaren erakusketan: Historia garraiolariak eta ibiltariak. Lehenak Euskal Herriko tradizioak, elikagaiak, hiriak eta beste hainbat elementu erakusteko erabili ditu artistak; bigarrenak Antonio Machadoren ibiltarien olerkian daude inspiratuak, eta, ahapaldi ezagunenek dioten moduan, ibiliz ari dira bidea egiten. “Asko miresten dudan poeta bat da, eta denok irakurri dugu noizbait olerki hori. Gainera, intsektuak humanizatzeko modu polita iruditu zitzaidan”. Guztira, 30 ilustraziok baino gehiagok osatzen dute bilduma, eta martxoaren 6ra bitartean ikusi ahal izango dira Ekoetxean.

“Beti gustatu izan zaizkit intsektuen formak, koloreak eta distirak”, dio Eziolazak. Alabaina, lilura ez ezik, “higuina” ere eragin izan diote animaliok, eta sentimendu hori uxatzeko ekin zion haiek marrazteari: “Terapia moduan hasi nuen: paisaiekin betetzen nituen, adibidez, ea modu horretan haiei aurre egiteko gai nintzen”. Piezetako batzuk Gasteizko Ataria interpretazio zentrokoei erakutsi zizkien, eta erakusketa oparoago bat egitea proposatu zioten; horretarako, 30 bat intsektuko bilduma egin beharko zuen, adierazi ziotenez. Han erakutsi zen lehen aldiz, iazko udaberrian.

Hainbeste izanik, iruditu zitzaion loturaren bat sortu beharko zuela, haiek bateratuko zituen hari bat: “Garrantzitsua zen istorio bat konta zezaten, eta, Euskal Herrian gaudenez, otu zitzaidan bertokoa erabil nezakeela, intsektuak bete nitzakeela gure ohiturekin, hiriburuekin…, aldarrikatzeko modu bat ere badelako”. Irizpide horri jarraituta taxutu du proiektuaren lehen zatia, garraiolariena.

Era berean, aurretik onduak zituen marrazki batzuk ere gehitu ahal izan ditu bildumara, “ikus zedin zer bilakaera izan duen prozesuak”. Marrazkiek helburu terapeutikoa baino ez zuten garaian, haien gorputz osoa betetzen zuen bestelako irudiekin. Erakusketarako sortzen hasi zenean, ordea, diseinua ere aldatu zen, hein batean: “Pentsatu nuen ematen ari nintzaien baino garrantzi handiagoa zutela intsektuek”. Hori aitortu zien, horrenbestez: “Erabaki nuen kakalardoen buruek berez dituzten testurak beren horretan utziko nituela, puntuak, poroak edota orbanak izan ohi dituztelako, besteak beste”.

Ibilbide historiko landua

Bi urteko lanaren emaitza da erakusketa: hori behar izan du sakon dokumentatzeko, eta informazioa ilustrazioetan kondentsatzeko. “Euskal Herriaren historiari buruz asko irakurri dut; ordu asko eman ditut informatzen, eta espero ez nituen gauza mordoa ikasi ditut”. Erakusketako lehen animalian Euskal Herriko hainbat sinbolo pilatu ditu: Anthaxia scutellaris baten bizkarrean ageri dira arrano beltza, lauburua, Bizkaiko Batzar Nagusiak eta Gernikako arbola, esaterako. Halaber, antzinako gatazken memoria ere badarama intsektu horrek: Roldan marraztu du, Le chanson de Roland olerki epikoko protagonista; Orreagako (Nafarroa) bataila kontatzen du testu horrek, non Karlomagnok amore eman behar izan zuen baskoien aurrean, diotenez. “Amaiurren errepresentazio bat ere badago, Nafarroako independentziaren azken gotorlekua izan zena”.

Historia garraiolariak 2

Ibilbideak Euskal Herriko hiriburuetatik jarraitzen du, eta, ondoren, kulturaren eta tradizioaren hainbat ertzi erreparatzen die. Euskal gutiziei eskainitako intsektuan, Bizkaiko txakolina ordezkatzen du Gaztelugatxek, eta, orobat, Astigarragako udaletxean mamitzen da Gipuzkoako sagardoa, besteak beste; lurralde bakoitzeko, elikagai bana. Musika tresnak garraiatzen dituzte beste animalia batzuek, baita kirolak ere: pilota, estropadak, sokatira, herri kirolak… Mus jokoa ere ageri da, eta perretxikoak biltzeko ohitura ere izan du gogoan Eziolazak. Eta Ekoetxeari eskainitako bat gehitu du bilduman: eraikina eta hainbat hegazti marraztu ditu Oreina alpestris batean.

Intsektuen aukeraketa ez da ausazkoa izan: “Denek dute gaiarekin zerikusia. Adibidez, perretxikoen kakalardoak onddo jakin batzuetan jartzen ditu arrautzak, eta harenak dira onddoa biltzean topatzen ditugun larba zuriak”. Morea den intsektu mota bat erabili du Nafarroako patxaranaren ilustraziorako, esaterako. Dena dela, Euskal Herrian aurki daitezkeenak erabili ditu kasu guztietan: “Interesgarria iruditzen zitzaidan hemengo intsektuak ezagutzea”.

Bisita gidatuak

Identifikagarriak izatea: irizpide horretan oinarrituta sortu ditu irudiak Eziolazak. Baina, halere, badaude ezkutukoagoak diren xehetasunak ere, lehen begi kolpean atzematen edo ulertzen ez direnak. Era berean, elementuetako askok testuinguru oparoa dute, argazki eta testu andana bat miatzearen ondorioz; irudi bakar batean garatu ezin daitezkeen datu eta kontakizunak, alegia. Adibidez, patxaranaren intsektuko ilustrazioetarako, edariaren inguruan idatzitako aipamen zaharrenaz baliatu da: “Elezahar batek dio horrela egin zela famatua: erregina bat hilzorian zegoen tripakada baten ondorioz, eta, patxarana eman ziotenean, berpiztu egin omen zen”.

Gisa horretako xehetasunak eta bitxikeriak ezagutarazteko, pare bat bisita gidatu antolatu dituzte Ekoetxean. Lehena urtarrilaren 16an izango da, eta bigarrena, otsailaren 26an.

Historia garraiolariak 3