Natalia Salazar Orbe
Emakume etxegabe bat hil zen Bilbon, domeka goizean goiz. Hainbat eragilek salatu dute gertatutakoa. Beste Bi plataformak elkarretaratzea egin zuen eguazten goizean, etxegabearen omenez. “Etxerik gabekoen duintasunaren alde” elkartu ziren Bilbon, Areatzan. Haiek azaldu dute hildakoak Angelica zuela izena eta 40 urte zituela.
Plataformatik ohar bidez jakinarazi dute hildakoa bera izan arren, “porrota kolektiboa” dela. Hausnarketa horren ostean, erakunde publikoei zenbait eskaera egin dizkiete etxegabeei arreta emateko prestatzen ari diren estrategia berriaren harira: besteak beste, genero ikuspegia izan dezatela eta jarraipen eta ebaluazio sistemak eta aurrekontu egokia aurreikus ditzatela.
Beste Birena ez da izan protesta bakarra. Eskubide Sozialen Kartak deituta, hainbat herritar elkartu ziren martitzenean, udaletxearen aurrean. Bestalde, LAB sindikatua erakunde publikoei zuzendu zaie ohar bidez, eta etxebizitza eskubidea bermatzeko neurriak eskatu dizkie. Besteak beste, uste dute etxebizitza parke publikoa indartu eta etxe hutsen gaineko kudeaketa eta kontrol publikoa eskuratu behar direla.
Atxurin, hesiak
Gainera, hainbat eragilek salatu dute emakume etxegabea hil eta hurrengo egunean Bilboko Udalak Atxuriko kantxen eremua hesitu zuela. Bilboko EH Bildu izan da horietako bat. Adierazi du udalak kantxak itxi dituela, “bertan gaua pasatzen duten eta Atxuri Harrera Sarearen bidez bizilagunen laguntza eta elkartasuna jasotzen duten etxegabeei alternatibarik eskaini gabe”.
AZET Etxebizitza Sindikatuak ere gogora ekarri du eremu horretan etxerik ez duten hainbat gaztek pasatzen dutela gaua, eta adierazi du etxebizitzaren merkantilizazioak “hil” egiten duela. Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak deituta, hainbat lagunek elkarretaratzea egin zuten martitzenean Atxuriko inguru horretan, Hesi gutxiago eta aterpetxe gehiago Atxurin lelopean.