Ibai Maruri Bilbao
Francisco Franco diktadorearen aliatuek 40 aldiz bonbardatu zuten Bilbo 1936ko gerrak iraun zuen bitartean. Lehen aire erasoak 1936ko irailean izan ziren. Hilaren 25ean aurrenekoa, Emilio Mola jeneralak aginduta. Italiako armada faxistak egin zuen: 7-8 hegazkin ibili ziren goizean, eta beste lau arratsaldean. Hiri osoan barrena kalte itzelak eragin zituzten. Zortzi herritar zauritu ziren, baina, zorionez, ez zen inor hil. Biharamunean, berriro bonbardatu zuten. Ondoren, erasoak eten ziren, 1937a hasi arte. Hain zuzen, joan den martitzenean 85 urte bete ziren Bilbo hirugarrenez bonbardatu zutenetik. Bilboko Oroimena mugimenduak egitarau berezia prestatu zuen. Besteak beste, 12:00etan ekitaldia egin zuten udaletxe parean. “Bakarrik dago gauza txarrago bat… Ahanztura” eta “frankismoaren inpunitateari tolerantziarik ez” irakur zitekeen pankarta banarekin elkarretaratzea egin zuten. Horrez gainera, krabelin gorriak bota zituzten Udaletxeko zubitik itsasadarreko uretara, biktimak omentzeko asmotan.
Arratsaldean, berriz, Legión Cóndor, pasado y presente de un crimen de guerra eta Sirena hotsak dokumentalen emanaldiak egin zituzten, eta Euskal Herrian bonbardaketek eragindako biktimak gogoratzeko solasaldia egin zuten, Bilboko Zazpikaleetan Malatesta Kultur Lubakiak duen tabernan. Kondor Legioaren erasoek hirian eragindako kalteei buruzko erakusketa bat ere atondu dute, eta leku berean egongo da ikusgarri hilaren 14ra arte.
1937ko urtarrilaren 4 hartan, Alemaniako armada naziak hartu zuen parte: arratsalde hasieran, Junker Ju52 eta Heinkel He52 modeloetako hogei bat hegazkinek airez eraso zioten Bizkaiko hiriburuari. Junkerretako bat eraistea lortu zuten errepublikanoek. Han zihoazenetatik lau hil egin ziren. Bi bizirik irten ziren; bata, Urizar dorrearen inguruan lur hartu zutenean hil zuen herritar talde batek, jipoituta, eta bestea, Karl Gustav Schmidt, preso hartu zuten, eta Carlton hotelera eroan —han zuen egoitza Eusko Jaurlaritzak—. Cecilia Garcia de Guilartek elkarrizketatu zuen Schmidt, eta elkarrizketa hura Nurenbergeko epaiketetan froga moduan erabili zuten gero.
200 hildakotik gora
Aire erasoak kalteak eragin zituen Santo Domingo aldean, Begoñako tranbiaren inguruan, Iturribide kalean, Campo Volantin pasealekuan, Uribarrin eta Lezamarako tranbian. Euzkadi egunkarian agertutako berriaren arabera, 1937ko urtarrilaren 4ko bonbek zazpi lagun hil zituzten. Hala ere, eraso hark hildako gehiago eragin zituen gerora: milizianoak eta herritar taldeak Bilboko kartzeletan zeuden preso eskuindarrei oldartu zitzaizkienean hil zituztenak dira. 225 izan ziren biktimak; gehienak, fusilatuta. Gerora, frankistek heroi bihurtu zituzten, eta Francoren erregimenak Bilboko Martirien plaza izena ipini zion Plaza Barriari, haien omenez. Hiriko hainbat kaleri ere haien izenak ipini zizkieten.