Herriko plazan bertan dago Foruko udaletxea, jaietan eta bestelako ospakizun handietan foruarren topagune izaten den lekuan. Herriarentzat “hain garrantzitsua” den Tourseko San Martin eliza eta frantziskotarren komentua eta haren dorrea ikus ditzake Jane Eyre Urkieta Foruko lehenengo andrazko alkateak udaletxeko balkoira azalduta.
Herri txikia da, baina ondare historiko eta kultural baliotsua dauka Foruak, arestian aipatutakoei historiaurreko aztarna ugari gorde izan dituzten kobazulo ugari eta erromatar garaiko herrixka gehitu behar baitzaizkie. Horretaz gain, Foruko aztarnategi hori Bizkaiko erromatar monumentu nagusia da, bere hedadurari zein bere egoera onari esker.
Altxor horien garrantziaz jabeturik, zirkuitu bat eratu eta bisita gidatuak antolatu nahiko lituzke udalak, baina bere garaian egiten zirenak baino “dinamikoagoak eta erakargarriagoak”. Hori lortze aldera aldundiarekin harremanetan dabiltzala azaldu du alkateak, udalak ez baitu ahalmenik zeregin horretan ariko den pertsona bat kontratatzeko.
Izan ere, beste hainbat udalentzako moduan, garaiak ez dira batere onak Forukoarentzat. 1.099.107 euroko aurrekontua onartu du berriki 2012rako, eta “ezinbestean” murrizketak egin beharrean izan da. “Zenbateko horretatik, 354.000 euro langileen gastuetara bideratzen da, eta, bestetik, aurreko udalak eskatutako maileguei ere aurre egin behar diegu. Hori horrela, nahikoa murriztuta geratzen da azkenean aurrekontua”, azaldu du.
Alkateak dio inbertsioetarako apenas dagoela dirurik, “baina aurrerantz” doaz, “ahal den neurrian”. Hala, udalaren premisetako bat zerbitzuak mantentzea izan dela azaldu du. “Esaterako, hondakinak batzeko sistema aztertzeko diru laguntza eskatu du udalak foru aldundian, jakiteko zer behar den, zertan inbertitu behar den…”.
Horrez gain, bi inbertsio nagusi egingo ditu Urkietak gidatzen duen gobernuak. Udalaren jabetzakoa den Baldatika auzoko San Bernardo baseliza espazio sozio-kultural bilakatzeko lanei dagokiena da horietako bat. “Duela urtebete amaitu genuen lehenengo fasea, kanpoko aldeari dagokiona, eta orain bigarrena egin behar dugu: baseliza ludoteka eta kultur etxe antzeko zentro bilakatzeko lanena”.
Zaharrentzako zerbitzu batera bideratu du Foruko Udalak bigarren inbertsio garrantzitsuena. Hain zuzen, sua detektatzeko gailuak ipini ditu 104 etxetan, eta, horrekin batera, “nagusiek zein beharrizan daukaten aztertzeko ikerketa bat” egin dute.
Hiri antolamendua
Hiri antolamendurako plangintza berria aspalditik daukate esku artean Foruan, aurreko agintalditik. Alkateak azaldu duenez, oposizioarekin hainbat bilera egin zituzten, ados jarri ahal izateko, baina, “zoritxarrez”, akordurik ez zuten lortu. Bilduk proposamena bertan behera gera zedin nahi zuen; EAJk, ostera, aurrera egin nahi zuen. Bada, “orain aldundiaren esku dago egitasmoa”.
Aldaketa nabarmenak aurreikusten ditu plangintza horrek. Esate baterako, frantziskotarren gunean kultur etxe berri bat, erretiratuen etxea eta etxebizitzak egiteko asmoa azaldu dute, betiere, komentuaren dorrea eta frantziskotarren etxea mantenduta.
Zenbait atal, dena den, bertan behera utzi dituztela azaldu du Urkietak. “Gaur egungo kultur etxea eraistea eta bertan frontoiaren zati bat finantzatzeko balioko luketen zortzi etxebizitza eraikitzea zegoen jasota aurreproiektuan, baina gaur egun ez gara gai frontoi hori egiteko. Batetik, ez daukagu finantzaketa nahikorik, eta, bestetik, herritarrek frontoi erraldoi baten beharrizanik ez dagoela esan dute”. Hori horrela, Joan Mari Torrealdai kultur etxea mantentzeko konpromisoa hartu du udalak.
Antzinako zurrategian ekomuseo bat egiteko egitasmoa ere alboratuta dago, oraingoz. “Inbertsio handia behar da, eta ez da garaia”. Bestalde, zikoina zuriaren interpretazio zentroa berriro martxan jarri nahiko luke udalak, Leader programan sartuta.
Ia industriarik ez daukan herria da Forua, eta bere lurretan dagoen Rinder Industrial enpresako arduradunek abendurako ateak itxiko dituztela iragarri dute. Horren inguruan kezka agertu du Urkietak, baina enpresa horren atzean dagoen lursail bat jarduera ekonomiko eta industrialerako aurreikusten dutela dio. “Plangintzari behin betiko onespena ematean, ea aukerarik dagoen enpresak erakartzeko bertara”. Egitasmo hori udalaren finantzaketarako baliabide garrantzitsua litzatekeela deritzo alkateak.
Oztopo ekonomikoak nabarmenak diren arren, erronkei aurre egiteko gogotsu dago Urkieta, herri txiki bateko alkate izateak ematen duena balioetsiz. “Herritar guztion artean ditugu harreman estuak. Izan ere, herri txikietan hartu-emanak pertsonalagoak dira, eta bizilagunen euren ahotik dakizu zein beharrizan daukaten”. Zeregin horretan, egunero-egunero egoten da udaletxean Jane Eyre Urkieta, hitzorduekin funtzionatu baino nahiago baitu herritarra udaletxera joatean hari berehala arreta ematea.