Gipuzkoako frontea erori ostean, hiriburua defendatzeko, hesia osatu zuen Euzko Jaurlaritzak Bilbo inguruko mendilerroetan. Frankistek Burdinazko Hesia deitu zioten, behin apurtu ostean euren lorpenari garrantzia handiagotzeko. Baina, egiari zor, erasoa hasi zutenean azpiegitura militar hau bukatzeke zegoen, eta altzairuzko bunkerrak egin baziren ere, gune batzuetan lubaki lerroak baino ez zeuden alanbrez, enborrez eta sakuz babestuta. Gainera, altxamenduak errepublikanoen bandoan harrapatu zuen Alejandro Goikoetxea ingeniari eta militar monarkikoak traizio egin eta frankistei eman zizkien hesiaren planoak. Hartara, sublebatuek bazekiten zein ziren ahulguneak.
Duela 75 urteko ekain hartan, errepublikanoek Morga eta Mungialdean zuten defentsa hesiaren aurreko aldea. Frankistek, hesian sartu bezperan, izugarrizko bonbardaketa egin zuten artileria eta hegazkinak erabilita. Gauean, errepublikanoek kontraerasora jo zuten, eta posizioak berreskuratu zituzten. Baina ez zioten luzaroan eutsi. Ekainaren 12ko bonbardaketekin hesia hautsi zuten.
“Kantoibaso ingurutik sartu ziren frankistak. Behin hesiaren barruko aldean, batzuek ezkerretara eta besteak eskumatara jo zuten, eta errepublikanoak atzetik harrapatu zituzten. Hori ikusita, atzera egin behar izan zuten”, gogoratu du Txema Pico Lezama Bizirik taldeko kideak. Hesia gainditu ostean bailara osoa ordu gutxitan hartu zuten. Bitartean, Portugalete bonbardatu zuten ekainaren 13an. Besteak beste, Mungia, Lemoiz, Plentzia eta Gorliz frankisten esku geratu ziren, ekainaren 14 eta 15 artean; Getxo, 16an. Hesirik gabe, Bilbo babes barik geratu zen eta astebetean hiriburura sartzea lortu zuten frankistek. Artxandan izan ziren azken borrokak.
Egun hariek gogoan hainbat ekitaldi egin dira aste osoan Txorierrin. Asteburuan ere egingo dituzte. Martitzenean, Lezama Bizirik elkarteak berak, Oxagoiti Kultur Elkarteak eta Eskolako Gurasoen Elkarteak deituta, hainbat lezamar Kantoibasora abiatu ziren. Handik Gaztelumendira jo zuten, frankistek jarritako oroitarrira.
Oroimenaren garrantzia
Faxisten garaipena gogoratzea du helburu gurutze hark. Horregatik, martitzeneko ekitaldian plastiko beltz batekin estali zuten, Guernica koadroaren kopia bat jarri, graffitia margotu eta krabelin gorriz apaindu. Eraso hartan hil zirenen izenek ere aipamen berezia izan zuten. “Batzuetan badirudi pelikula batean gertatutakoaz ari garela. Baina horren atzean pertsonak daude, euren izen eta abizenekin. Horregatik uste dugu garrantzitsua dela biktimen nortasuna ezagutzera ematea”. The Times-eko kazetari George Steerek erasoaz idatzitako kronikaren zati bat ere irakurri zuten.
Picoren hitzetan kronika horretatik aparte ia-ia frankistek idatzitakoak dira hesia apurtu zeneko kontakizun bakarrak. “Lekukoek isilik gorde dute bizitakoa. Etxean inork ez zuen horrelako gairik aipatzen”. Isiltasun horren adibide, iaz Larrabetzun geratutakoa gogoratu du. Euzko Gudarostea babestera etorritako asturiar milizianoak erahiltzen eta lubakian lurperatzen zituztenean lekuko izandako umeak, hil aurretik, bilobari kontatu nahi izan zion. Ordura arte ez zuen inorekin horretaz berbarik egin. Pasa den domekan omendu zituzten Larrabetzu 1937-2012 elkarteak deitutako ekitaldian.
Babes hesi honen inguruan gerra mendi tontor eta muinoetan burrukatu zen; herrietan erasoak ez ziren hain bortitzak izan. Hala ere, Lezaman, kasurako, udaletxea bonbardatu zutela ekarri du gogora. “Burdinazko Hesia apurtu aurretik izan zela uste da; Bilbo bonbardatu zuten garaietan”. Ostean, errepresio bortitza sufritu behar izan zuten, beste edozein lekutan bezala.
Bilboren defentsa sistema hau 1936an hasi ziren eraikitzen. 100 kilometro luze zen, Berango eta Somorrostro artean, hiriburua inguratuz. Oso ondo eraikita zegoen errepide eta bideei zegokienez. Komunikazio onak zituen munizioa garaiz jaso ahal izateko. Eraikuntzan jende askok parte hartu zuen, baita Txorierriko herritar andanak ere. Osotara, 14.000 langile ibili ziren beharrean. Hamahiru arkitekto, hamabi industria ingeniari, meatzetako ingeniari bi, nekazaritza ingeniari bat, hiru aparejadore, hamasei kontratista izan ziren obra diseinatu zutenak. Gaur egun hainbat ingurutan ikus daitezke lubakiak. Beste leku askotan basoak landatzean hondatu egin direla dio Picok, hobi komunak tartean. Gogoratu duenez, eurak urtero garbitzen dute 200 metro lubaki agerian utzi eta jendeak ikusi ditzan, Gaztelumendi eta Urresti arteko tardean. Administrazioek horien zaintzan erakusten duen utzikeria salatu du.
Hesi hura hobeto ezagutzeko, Berangon ere badago aukera. Berangoeta kultur etxeko erakusketa aretoa Burdinazko Hesiaren interpretazio zentro bihurtu dute, Sancho Beurko elkarteari esker.