Frankistak herrira sartu zireneko 75. urteurrena gogoratzeko, Barakaldoko Memoria Historikorako Koordinadorak omenaldia antolatu du ekainaren 22rako.
Herriak noiz sufritu zuen erasoa?
Gerra hasi zenetik ekainaren 22ra hainbat eraso sufritu zituen. Hilero-hilero gutxienez bi bonbardaketa sufritu zituen. Ekainaren 22an sartu ziren, azkenik, frankistak Barakaldora.
Egun horren aurretik zein zen herrian zegoen giroa?
Jendea herritik ihes egiten ari zen. Ikusten zen frontea erori behar zela. Gainera, Barakaldon enpresa garrantzitsuak zeuden. Adibidez, labe garaiak. Segun zein alderdikoa izan, batzuek defendatu egin behar zirela zioten eta besteek suntsitu egin behar zirela. Hori zela eta, giroa nahiko kazkarra zen, nahasia.
Bi ikuspuntu horiek herritarren artean ere haserrea eragin zuten?
Eragin zuen, eta gaur egun ere eragiten du. Labe garaiak suntsitu ez izanak liskarra sortzen du. Horregatik ez da inoiz omenaldirik egin edo libururik argitaratu. Batzuentzat labe garaiak ez deuseztea traizioa izan zen. Beste batzuek uste zuten II. Mundu Gerran Franco alemaniarren alde agertuko zela, eta Hitlerrek gerra galtzean hemen ere askatasuna berreskuratuko genuela eta labeak beharko genituela. Erabaki horren inguruan argitasun falta dago: “Nork eta zer agindu zuen?” Gordexolako bataloiko gudariak izan ziren labe garaiak defendatu zituztenak. Inoiz ez dute hitz egin nahi izan gai honetaz.
Zer aztarna utzi zuen erasoak?
Bonbardaketetan eta frontean, orotara, 500 barakaldar hil ziren. Beldur sentsazioa zegoen populazioan. Auzo batzuk oso-osorik desagertu ziren. Bonbardaketetako batean emakume batek eskuko atzamarrak galdu zituen. Gerra ostean poliziak galdetu zion ea zer gertatu zitzaion. Kontatu zienean, torturatu egin zuten Barakaldo ez zela inoiz bonbardatua izan esan zuen arte.
Behin frankistak herrian sartuta, zer nolako errepresioa izan zen?
Etxeetan lapurretan egin zuten eta hainbat etxe eurentzat hartu zituzten. Jendea espetxera bidali zuten. Abertzale, sozialista, komunista eta anarkisten zerrendak osatu zituzten. Errepublikanoak zirena fusilatu eta putzu batetara botatzen zituzten. Askok lana galdu zuten, labe garaietan behar egitea debekatu zitzaien. Horregatik hasi ziren tailer txikiak agertzen eta asko ugaritu ziren gerora.
Futbolean ere badago anekdota.
Bai. Barakaldoko futbol taldea desagertu egin zen eta Oriamendi izena hartu zuen. Izen horrekin lehiatu zuen hainbat urtetan. Karlistak egin ziren herriko futbol taldearen jabe.
Asko izan ziren erbestera ihes egin zuten barakaldarrak?
Zenbaki zehatzik ez dakigu. Asko ez ziren inoiz bueltatu, eta beste batzuk handik hilabete batzuetara itzuli ziren. Badira itzuli ostean berriz desagertu zirenak ere. Ihes egiten ari zirela, frankistek errefuxiatuen ilarak ere bonbardatu zituzten. Ez zuten ihes egiteko eskubidea ere errespetatu.