Ibai Maruri Bilbao
Ez dut beldurrik. Aurretik jarri izan dizkidaten beste txertoen modukoa da hau ere”, zioen Begoña del Olmok, iazko abenduaren 27an. Bizkaian COVID-19aren aurkako txertoa hartu zuen lehen pertsona izan zen Del Olmo. GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeak Elorrion duen zentroko egoiliarra zelako hautatu zuten. Harekin batera, bertako behargin Itxaso Garcia ere txertatu zuten. Oro har, itxaropenaren irudia izan zen hura, iazko Gabonetan. Uste zen, 2020aren aldean, 2021a bestelakoa izango zela, txertoek egoerari buelta ematen lagunduko zutela. Eta ezberdina izan da, neurri handi batean. Baina, seguruenik, ez espero bestekoa. Arlo askotan atzera eta aurrera ibili dira, nahi eta ezin. Baita urtearen hondar honetan ere, ohiko Gabonen antzekoak ospatzeko ilusioa itzali egin baita.
Txertaketa
Del Olmoren eta Garciaren ondotik, Bizkaiko adinekoen egoitzetako egoiliar eta langile guztiak edo gehienak txertatu zituen aldundiak. Martxoaren erdi alderako, bigarren dosia hartua zuten. Horri esker, martxoaren 1ean bisitak eta paseoak berreskuratu ziren daborduko txertaketa bukatuta zeukaten egoitzetan. Berehala hasi zen txertoaren eragina igartzen: urtarril gogorraren atzetik, otsailerako nabarmen egin zuen behera kutsatze berrien kopuruak egoiliarren artean. 2020an sentitutako beldurra uxatzen hasi ziren adineko asko.
Euren etxeetan bizi ziren 100 urtetik gorako bizkaitarrak ere txertatzeari ekin zion Osakidetzak, otsailean. Mungiako ferialekuan atondu zuten horretarako lekua, osasun zentroaren aurrean: han zuten txertatze gunea adin horretako bizkaitar guztiek. Autoz joaten ziren, eta jaitsi gabe hartzen zuten ziztada. Haien atzetik etorri ziren 90 urtetik gora zituztenak, 80tik gorakoak… Hamarkadaz hamarkada, abuzturako 12 urtetik gorako bizkaitar guztiek izan zuten txertoa hartzeko aukera: abuztuaren 31n herritarren %79k hartua zuten.
Ez zen erraza izan. Aste batzuetan espero baino txerto gutxiago iristen ziren; besteetan, gehiago. Gainera, AstraZenecaren txertoa emateari utzi zioten apiril hasieran, haren albo kalte izan zitezkeen hainbat tronbosi kasu agertu zirelako munduan. Ia 150.000 lagun geratu ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lehen dosia AstraZenecarena jarrita eta bigarren dosiarekin zer gertatuko zen jakin gabe. Azkenean, udan txertatu zituzten, eta aukeran eman zieten AstraZenecaren pauta osatu, ala Pfizer edo Modernaren txertoa hartu bigarren dosian. Arinago txertatu zituzten bigarrena hautatu zutenek.
Txandak saltatuta
Urtarrilaren 15ean hasi zen Osakidetza osasun langileak txertatzen. Lehenengo, birusaren aurkako lehen lerroan zeudenek hartuko zuten ziztada, eta, haiekin amaitzean, txertoak ailegatu ahala, gainerakoek hartuko zuten. Baina hurrengo astean ezustekoa iritsi zen: Bilboko Santa Marina eta Basurtuko ospitaleetako zuzendari kudeatzaileek dimisioa eman zuten, ez zegokien arren txertoa hartu zutelako. Jose Luis Sabas eta Eduardo Maiz dira, hurrenez hurren; biak Bilbon zinegotzi izandakoak. Maizek aitortu zuen orduan bota egiten zen seigarren dosia hartu zutela berak eta etxekoek. Sabasek, ordea, bere burua justifikatu zuen; Santa Marina eri kronikoen ospitalea da, eta horrek berezi egiten zuela zioen. Horregatik, osasun langileekin batera, eraikinera sartzen zen edonor txertatzeko erabakia hartu zuen: txertaketa hasi osteko asteburu hartan txertatu ziren, besteak beste, salmenta makina betetzera joan zena, banatzaileak, hainbat sindikatutako ordezkariak eta ospitaleko kapilaua.
Oldarraldiak
Joan diren Gabonei begira, Jaurlaritzak mugak ipini zituen, baina epidemiologoek aholkatu baino malguagoak izan ziren. Hala, urtarrilean kutsatzeak nabarmen ugaritu ziren: hirugarren olatua iritsi zen. Herrien itxiera perimetrala eta ostalaritza zarratzea agindu zituen EAEko gobernuak. Bermeo izan zen txarto pasatu zuenetako bat. Gabon zahar egunean piztu zen alarma eurenean, eta hainbat astez zona gorritik irten ezinik egon ziren. Baheketa egin behar izan zuen Osakidetzak. Baita Zaldibarren ere. Otsailean, oro har, egoera hobetzen hasi zen.
Martxoan, joera aldaketa bat ikusi zen, gorakoa. Apiril hasierako Aste Santuko oporrek kezka sortzen zuten. Bisitariz bete ziren kostaldeko herriak. Murrizketak ezarri zituzten berriro, baina orduan ere epidemiologoek eskatu baino malguagoak. Edonola ere, elkarrekin bizi ez direnak elkartzea debekatu zen. Iazko gizonezkoen futboleko Espainiako Kopako finala ere jokatu zuten Athleticek eta Realak, zapatu santuz. Bakoitzak bere etxean ikusi behar zuen partida, baina denek ez zuten bete. Opor osteak ekarri zuen buelta: laugarren oldarraldia izan zuen izurriak. Berriz ere, udalerrien itxiera perimetrala eta ostalaritza mugatuta. Ondarroa izan zen herri kolpatuenetako bat.
Egoerak hobera eginda, maiatzaren 9an, Espainiako Gobernuak bertan behera utzi zuen alarma egoera. Nolabaiteko normaltasuna iritsi zen. Maskararen erabilera eta distantzia soziala leuntzen hasi ziren, apurka. Uda zetorren, eta 2020an falta izan ziren oporrak itzuli ziren. Joan-etorriak erruz ugaritu ziren uztailean eta abuztuan. Bizkaitarrak kanpora joan ziren, eta kanpokoek Bizkaia bete zuten. Gaueko aisialdia zarratuta, kale edana ugaritu zen. Gorlizko pinudian izan ziren arazorik nabarmenenak Bizkaian. Kantabria aldean (Espainia) ere bai, neurri handi batean, hara joandako bizkaitar udatiarrek eraginda. Nerabeen artean zegoen orduan intzidentzia altuen, eta haiek egin zituzten bosgarren olatuaren erantzule.
Ikasturte berria lasai hasi zen. Baina umeen eskolara bueltak kezka sortzen zuen, txertatu gabe zeudelako 12 urtetik beherakoak. Azkenean, aurreikuspen ezkorrak bete egin dira: seigarren olatua haurren eta euren gurasoen artean nabaritu da gehien: 12 urtetik beherakoetan eta 40-49 urte arteko helduetan. Umeen txertaketak egoera bieratzen lagun dezakeela uste dute: espero da kutsatzeak %16 apalduko direla.
Hirugarren dosia eta umeen txertoa
Uda bukaeran berriro agertu zen birusa adinekoen egoitzetan. Hainbat ikerketaren arabera, hilabeteak pasatu ahala, txertoak sortutako immunitatea indarra galduz joaten da. Beste herrialde batzuetan legez, adinekoak txertatzen hasi zen Osakidetza irailean. Hilaren 20an banatu zituen hirugarren dosirako lehen txertoak. Gerora, 60 urtetik gorakoak txertatzen dabil, gripearen aurkako txertoarekin batera. Egun bizi-bizi dagoen seigarren olatuak umeen artean duen eragina ikusita, asteon hasi da Osakidetza 5 eta 11 urte artekoak txertatzen.
Jaiak
Bigarren urtez ez da udako jairik izan, eta zerbait egin duten lekuetan egitarau kulturala eskaini dute. Bilbon, esate baterako, ez zen Aste Nagusirik izan. Bilboko Irria jaialdia ospatu gura izan zuten Bilboko Konpartsek, baina, bosgarren olatua zela eta, udalak ekitaldietako asko egiteko baimenak ukatu zizkien, eta gutxi batzuk egin zituzten. Hiriburuari “irria lapurtu” izana egotzi zioten Juan Mari Aburto Bilboko alkateari.
Urrian, osasun larrialdi egoera kendu zuen Eusko Jaurlaritzak. Beraz, ospakizunetarako tartea zabaldu zen. Adibidez, Bilbon ez zuten Begoñako Amaren erromeriarik ospatu, baina urteroko su festa itzuli zen basilikaren inguruetara urriaren 11ko gauean: pandemia hasi zenetik Bizkaian izandako lehena zen. Sanfaustorik ere ez Basaurin eta Durangon. Beraz, lehen jaietako batzuk Armintzako (Lemoiz) San Tomas jaiak izango ziren, urriaren 15etik 17ra. Balmasedan ez zuten putxera lehiaketa famatua egin San Severino egunean. Azaroan sanmartinak ospatu zituzten hainbat herritan, besteak beste, Zamudion eta Arrietan. Joan den barikuan iragarri zuen Bilboko alkateak datorren martitzenean ez dela San Tomas azokarik egingo.
Aurrez aurrekoak, bueltan
Bizkaiko zinemaldi nagusienak online egin zituzten iaz. Aurten, streaming bidezko lanak eta aurrez aurreko ekitaldi mugatuak uztartu dituzte, besteak beste, Zinebi, Euskal Zine Bilera, Fant eta BBK Mendi Film Festival jaialdiek. Iazko martxotik ateak itxita eduki ondoren, urrian ireki zituen berriro Bilboko Kafe Antzokiak.
Durangoko Azoka ere eredu mistoan egin dute. Abenduaren 3tik 7ra, Internetez erosteko aukera eskaini dute, iaz egin bezala: 1.300 erosketa egin dira hala, eta, guztira, 5.400 lan erosi dira. 4tik 8ra, berriz, Landako guneko ateak zabaldu dituzte, aurrez ordua hartu zuten 25.000 lagunek erakusmahai artean ordu eta erdi igaro zezaten. Streaming kateari dagokionez, guztira, 21.000 lagun konektatu dira zuzeneko kanal bietan. Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, berriz, osorik aretoetan egin da; bihar izango da finala.
Kirolean ere ikusleak itzuli dira. Bilbon, San Mamesen abuztuaren 21a zegoen gorriz markatuta: zaletuak harmailetatik ikusi ahal izan zuten gizonekoen Athletic-Bartzelona Espainiako Ligako partida. 2020ko martxoaren 1ean sartu ziren azkenekoz han.
COVID ziurtagiria
Txertatze osoa betetakoan Osakidetzaren webgunetik deskarga daitekeen agiria da COVID ziurtagiria. Europa mailako balioa du, eta udatik eskuratu daiteke. Hainbatek eskuratu zuten oporretan kanpora joateko. Abenduaren 3tik, Bizkaian ere behar da gaueko aisialdirako eta ostalaritza lokal batzuetarako. Europako beste herrialde batzuetan sekulako protestak sortu ditu neurriak, “askatasuna” mugatzen duelakoan. Bizkaian ere izan da manifestazio bat, Bizitza plataformak deituta: azaroaren 27an egin zuten, Bilbon, Osasuna eta askatasuna lelopean. Hala ere, gizarteak, oro har, pandemiari aurre egiteko neurriak arazo barik onartu eta bete ditu Euskal Herrian. Eusko Jaurlaritzak arlo gehiagotara hedatu du asteon ziurtagiria: ostalaritza osora, kultur ikuskizunetara, ospitaleetara eta adinekoen egoitzetara…