Hitzetatik harago jo eta ekiteko aldarrikapena

Hitzetatik harago jo eta ekiteko aldarrikapena

Natalia Salazar Orbe

“Minduta, amorratuta eta nazkatuta”. Hala atera da kalera aurten mugimendu feminista. Nahikoa dela aldarrikatu du urte osoan, hainbat mobilizaziotan. Hitzetatik harago joateko deia egin dute. Aurtengoa ere urte beltza izan baita emakumeentzat. Izan ere, gizon batek emaztea hil zuen Sestaon, eta eraso matxisten jarioa etengabea izan da; taldeko bortxaketa bi ere salatu dituzte, Plentzian eta Bilbon.

Urtea hasi eta aste gutxira, otsailean, hil zuen senarrak Conchi Gonzalez, Sestaon. 57 urteko gizonaren gorpua aurkitu zuten lehenengo, Bilboko itsasadarrean, Sestao parean. Familiari heriotzaren berri ematera joan zirenean aurkitu zuten emaztearen gorpua, indarkeria zantzuekin.

Maguette Mbeugou, berriz, 2018ko irailean hil zuen Bara N. senarrak. Epaiketa egin zuten azaroan, eta herri epaimahaiak hilketa haren erruduntzat jo zuen gizona. Labankadaz eraso zion andreari, eta lepoa moztu; gorpuak 80 zauri baino gehiago zituen, bost aiztorekin eginak. Lau delituren egiletzat jo dute: hilketa, ohiko tratu txarrak, bi alaben lesio psikologikoak eta adingabeen abandonua. Izan ere, gizonak ihes egin zuenean amaren gorpuarekin bakarrik utzi zituen haurrak, eta horregatik ebatzi dute adingabeei lesioak eragin zizkiela. 37 urteko espetxe zigorra ezarri diote.

Mbeugou biktimak 25 urte zituen. Epaiketan fiskaltzak “barkamena” eskatu zion biktimaren familiari, “sistemak huts egin ziolako”. Izan ere, emakumeak senarraren aurkako salaketa jarri eta babesa eskatu zuen, baina ukatu egin zioten, eta gizona absolbitu zuten. Sortzez senegaldarra zen Mbeugou. Mugimendu feministak egin zituen protestetan andre migratuentzat arreta hobea eskatu zien erakundeei.

Martxoaren 8a

Aldarri horixe bera nagusitu zen martxoaren 8ko mobilizazioetan ere. Bilbon borroka feministak, inoiz baino gehiago, “antirrazista eta deskoloniala” izan behar duela aldarrikatu zuten. Zaintza lanen erantzukizun kolektiboaren beharra azpimarratu zuten: zaintza sistema publiko, doako eta unibertsala eskatu zuten. Zaintza ereduaren aldaketa hori lortzeko, beharrezkotzat jo zituzten borroka feminista eta antiarrazista. Milaka andre atera ziren kalera martxoaren 8ko deialdietara batzeko. Ez zen aurreko urteetako jende pilaketarik ikusi, manifestazioetan segurtasun distantziei eutsi zietelako.

Azaroaren 25eko protestak ere jendetsuak izan ziren. “Minduta, amorratuta eta nazkatuta” atera ziren kalera milaka emakume. Mugimendu feministak argi eta garbi esan zuen ez duela diskurtso hutsalik eta promesa maizturik nahi. Indarkeria matxista errotik erauzteko ekintzetara pasatzeko deia egin zuten.

Izan ere, aurtengoa ere eraso eta indarkeria matxistaz betetako urtea izan da. 17 urteko neska batek talde bortxaketa bat salatu zuen, Plentzian, abuztuaren bukaeran. Sorginen Alabak Plentzia eta Gorlizeko mugimendu feministak deituta, ehunka lagunek elkarretaratzea egin zuten Aski da zioten orriak eskuan hartuta.

Irailean beste talde bortxaketa baten salaketa egin zuten, Bilbon. Emakume batek salatu zuen hainbat gizonek drogatu eta bortxatu egin zutela. Horiez gain, bestelako eraso matxisten hainbat salaketa gehiago egon dira Bizkaian. Besteak beste, ekainean 24 urteko gizon batek labanaz eraso zion haurdun zegoen bikotekide ohiari, Basaurin.

Bestalde, Bizkaiko Probintzia Auzitegiak udan ebatzi zuen Bizkaiko Foru Aldundiko lau funtzionario absolbitzea Irune Costumerok jarritako salaketatik. Prebarikazio delituaz, eta Costumeroren alabaren aurkako tratu txarrak eta lesio psikikoak egiteaz absolbitu zituzten.

Costumerok salaketa jarri zuen 2017an, GAS gurasoen alienazio sindrome faltsua argudio gisa hartuta, alabaren zaintza kendu ziotelako. Auzitegiaren erabakiaren berri izan ostean, Costumerok esan zuen argi zegoela erabakiaren asmoa: “Epaia abisu bat da gainontzeko ama guztientzat, geldi egon daitezen”.