Natalia Salazar Orbe
“Airearen kalitateak jarraitzen du hoberantz egiten, urtetik urtera”. Hala ondorioztatu du Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak aztertuta. 2020ko Airearen Kalitatearen urteko txostenean jasotako datuak jakinarazi ditu. Baina, Bizkaian, Durangairea plataformak errealitatea manipulatzea leporatu dio: “Ez du esaten egia”. Izan ere, Durangoko airearen kalitatearen bilakaerak ere hobera jarraitzen duela ondoriztatu du txostenak.
Plataformak hainbat zehaztapen egin dizkio Jaurlaritzaren txostenari. Besteak beste, kritikatu egin du 2020ko datuak aztertu eta horien ondorioen berri ematea: “Urte horretan [pandemiak eraginda] dena egon zen geldirik. Neurketak ez dira sinesgarriak”.
Durangaldekoez gain, Erandioko bizilagunek ere denbora asko daramate airearen kalitateaz kezkatuta. Erandioko Auzokideok elkarteak jakinarazi berri du Bizkaiko Fiskaltzak ikertu egingo duela herriko kutsaduraren egoera. Elkarteak berak jarri zuen salaketa. Haien esanetan, Befesa enpresaren isuriek eragindako kutsadura goraka doa, eta kalte handiak sortzen ditu hainbat auzo eta eremutan. Aluminio industrian sortutako hondakinak birziklatzen ditu enpresak. Gainera, Aire Zaintzaileak programak ondorioztatu du penintsulako hiri handietan baino kutsatuago dagoela Erandioko airea.
Jaurlaritzak emandako datuen arabera, neurtu dituzten kutsatzaileek eta neurgailuen ezarpenak airearen kalitatearen inguruko Europako araudia betetzen dute. Araudi horrez gain, Jaurlaritzak esan du Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioak ere kontuan hartzen dituela.
Jaurlaritzaren ikerketaren emaitzen arabera, karbono monoxidoaren neurriak oso txikiak dira estazio guztietan. Ordu-balio handienak dituen estazioa Erandioko trafiko estazioa da, BI-711 errepidetik gertu dagoena. Erandion eta Bilboko Maria Diaz Haron bentzoapirenoaren maila oso txikiak erregistratu dituzte. Aipamenik ez dago Befesari.
Durangori dagokionez, txostenak dio bertako estazioak Bizkaiko beste hirigune batzuekin alderatuta, PM10 partikulen “maila antzekoak edo baxuagoak” jasotzen dituela. PM 10 eta PM2,5 partikulak dira biriketara iristeko gaitasuna dutenak eta bihotzeko eta biriketako gaixotasunak okerrarazi eta hantura eragin dezaketenak.
Hala, Durangon airearen kalitatea neurtzen duen estazioan PM10 partikulak behera egiten ari direla ondorioztatu du txostenak. PM2,5 partikulei dagokienez, ez dute antzeman antzeko ezaugarriak dituzten beste estazio batzuetan baino maila altuagorik.
Bentzenoa da durangarrak azken urteetan kezkatu dituen elementu kimikoetako bat. 2017ko airearen neurketek piztu zituzten alarmak herrian. 1.500 kilogramo hidrogeno zianuro isuri zituzten urtebetean; bentzenoa, 7.639 kilogramo; amoniakoa, 6.189 kilogramo; metanoa, 41.576 kilo; karbono dioxidoa, 1.908.226,352 kilo; oxido nitrosoa, 18.242 kilo; sufre oxidoa 42.227 kilogramo; metanoa ez beste konposatu organiko lurrunkorrak, 242.812 kilogramo, eta kloroa eta konposatu ez-organikoak, 1.943 kilogramo.
Egoera hori ikusita, foro bat osatu zuten udaletxean, eta azterketa bat egiteko eskatu zioten Tecnaliari ere. 2019ko ekainetik 2020ko maiatzera bitartean egin zuen azterketaren arabera, bentzenoren 700 ug/m3-ko gertaera puntualak izan ziren. Araudiak urtean 5 ug/m3-ko batezbestekoa ezartzen du. Durangoko Udalak azterketaren emaitzak aurkeztu zizkion Jaurlaritzari. Azken horrek, berak egindako airearen kalitateari buruzko azterketa baten behin-behineko emaitzak aurkeztu zizkion joan den maiatzean, datu osoak lau astetan helarazteko asmoa iragarrita. Udalak oraintsu salatu du oraindik zain daudela. Orain, berriz, Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako airearen kalitateak hobera egin duela adierazten duen txostena aurkeztu berri du.
Eusko Jaurlaritzak argitaratu berri duen azterketan onartu du 2017. urtearen bukaeran bentzeno mailak antzeman zituztela industria ingurune batetik hurbil dauden etxebizitzen inguru batean. Horren isurien erantzule gisa bi enpresa identifikatu zituen Jaurlaritzak, eta horiek neurri zuzentzaileak ezarri zituztela azaldu dute txostenean.
Pausoak eskatu dituzte
Durangairea kexu azaldu da. Ez du uste arazoa isolatua denik: “Ez dugu salatzen enpresa bakar bat. Airearen kalitatearen arazoa orokorra da. Durangaldean enpresa asko daude kalte egiten diotenak airearen kalitateari”.
Egoera horren aurrean, Durangaireak “lanean jartzeko” eskaera egin dio Eusko Jaurlaritzari; neurriak har ditzan nahi dute. Eta Durangoko Udalari aurkeztekoa zen azterketa osoa helaraz diezaiola ere nahi dute. Jaurlaritzari egia ez esatea ere leporatu diote: “Datuak nahasten ditu berak nahi duena zabaltzeko”. Datu guztiak kontuan ez hartzea ere leporatu diote: “Neurketen %30 ez dira agertzen. Kasualitatez, desagertu egiten dira emisioak gora egiten hasten direneko neurketak”.