Tokiko artisautza hauspotzeko erak

Tokiko artisautza hauspotzeko erak

Amaia Igartua Aristondo

Erretxinaz ondutako bitxiak, kolore leuneko platerak, ilustrazioz estalitako hormak, edota lurrinez betetako ontziak, baita feminismoa irizpide etiko eta estetikotzat hartuta sortutako kamisetak eta kirol jertseak ere, besteak beste. Askotariko sorkuntzak biltzen ditu Chic Marketek, baina antzeko erroetan bermatuak: “Kalitatezko eta tokiko artisautzan”, Estibaliz Yuguero bitxien diseinatzaileak eta merkatuko antolatzaileak zehaztu duenez. Adriana Rufrancos bitxigilearekin batera sortu zuen, hain justu Bilboko eta inguruko artisauei erakustoki egoki bat eskaintzeko. Asteburu honetan eta datorrenean egingo dute merkatua, Bilboko Kapelagile kaleko 12. zenbakian, ostiralean (16:00-20:00), zapatuan (10:00-20:00) eta igandean (10:00-15:00).

Duela bi urte sortu zuen bere marka Yuguerok, BaRock Jewelry, eta urte eta erdi ere ez ditu Rufrancosenak, Adricalyptica Designek. Euren ekoizpenak saltzeko leku bila, hainbat merkatu bisitatu dituzte azken urtebetean, pandemiak utzi dien heinean: bigarren eskuko azokak, produktu ez-profesionalenak, baita oso garestiak ziren zenbait ere, non uztartuta zeuden tokiko produktuak eta inportatutakoak. “Gureak ezin ziren lehiatu Txinatik ekartzen zituztenekin, askoz merkeagoak zirelako”.

Behaketa horietatik ondorioztatu zuten bestelako erakusleihoak behar zituztela, bai haiek, bai eta antzeko “filosofia” zuten beste ekoizle batzuek ere, Yugueroren arabera. “Gure helburu nagusia da ikusgaitasuna lortzea, eta horretarako modurik onena gu biltzea da. Nahiz eta marka txikiak garen, bakoitzak bere jarraitzaileak ditu”. Gisa horretako produktuek kontsumitzaile “fidelak” dituela azaldu du diseinatzaileak, eta Euskal Herrian badago horien eskaririk, dioenez. “Asko estimatzen dira. Jendeak oso gustuko ditu, ez dutelako objektu bat erosten, altxortxo bat aurkitzen dutelako. Eta ez bakarrik hirietan, inguruko herrietan ere ondo funtzionatzen dute”.

Lahrukaren diseinuak

Aukeraketa oparoa

Ilustrazioak, oihalgintza, zeramika edota bitxigintza; askotariko produktu motak bilduko dituzte Chic Marketen, eta aniztasuna irizpide hartuta egin dute aukeraketa eta distribuzioa, hain justu. Kapelagile kaleko lokala txikia denez, merkaturako apuntatu ziren marka guztiek ezingo dute euren lanak erakutsi, baina abenduko hiru astetan egiteak eman die aukera bederen gehiagori lekua egiteko. Hamar bat marka egongo dira asteburuero. “Gabonetan saltzen dugu gehien, eta aprobetxatu nahi dugu”, dio Yuguerok.

Marka horietako bat da BaRock Jewelry. Yuguero arkitektoa da ikasketaz, eta hura izan du ogibide ere hamar urtez. Harik eta diseinu parametrikoa ezagutu zuen arte; aldagai bidez funtzionatzen duen teknika bat. “Nire lengoaia estetikoa aurkitu nuen”. Horrekin jarraitzeko bidea izan zen bitxigintza: hainbat tamainatako sorkuntzak egin daitezke teknika horrekin, eraikinak eta altzariak, esaterako, baina baita eskala txikiagokoak ere: bitxiak, adibidez.

BaRock Jewelry

Hiru dimentsioko diseinuan ere formakuntza jaso duenez, bi esparruak uztartu zituen. “Bitxientzako pila bat diseinu nituen, eta inprimagailuak atera zituztenean aukera izan nuen bururatutako hori guztia fisiko bihurtzeko”. Pixkanaka hasi zen bitxiak taxutzen; gero, marka sortu, eta hasierako bildumak kaleratu zituen.

“Nire inspirazioa beti da natura, asko erakartzen naute patroi naturalek”. Diseinu parametrikoaren teknikarekin, forma orokor bat ezarri, eta hortik milaka bariazio lor ditzake; ez dago bestearen berdina den diseinurik. “Nire bitxiek beti dute bizirik dauden sentsazioa, natura bezala eboluzionatuz joango balira bezala. Azkenean, saiatzen naiz natura imitatzen, eta horrela sortzen ditut bitxiak”. Ordenagailuko programa berezi batekin zehazten du irizpidea, eta, ondoren, inprimatu, garbitu, sikatu eta gogortzen uzten du pieza. Hurrena, limatu, prestatu, eta zilarrarekin lotzen du bitxia.

Azaldu duenez, dagoeneko bitxigintzaren sektorean ohikoak dira teknologia digitalak. “Inprimaketa asko erabiltzen da, baina beste material batzuekin: nylonarekin, adibidez”. Erretxina lantzea ez da ohikoa, ordea. “Beste gauza batzuetarako erabiltzen da, baina oso material ona da bitxiak egiteko ere, gogorra eta arina delako: arrakadak egiteko orduan garrantzitsua da pisutsuak ez izatea; pisua badute, ez direlako erosoak”.

Edonola ere, Chic Marketeko diseinatzaile gehienek artisautza klasikoa egiten dute. Rufrancosek, esaterako, eskuz egiten ditu arrakadak, eta badaude zeramika modu tradizionalean lantzen duten diseinatzaileak, eta kaikuak josten dituztenak ere, besteak beste. BaRock Jewelry eta Adricalyptica Design ez ezik, beste zortzi diseinatzaileren produktuak ere eskuratu ahal izango dira gaurtik igandera bitarte: Gigil design (bitxi denda), Ixaboiak (xaboiak), Keep Real Clothing (moda), Lurrarium (landareak), Memiimo (estanpatuak), Uda Bilbao (poltsak) eta My Wonder Pack (loreak).

LaPreTAda zeramikak

Datorren asteburuan, berriz, hauek egongo dira, Yugueroz eta Adrianaz ez ezik: Baztan (emakumeentzako moda), Beletxara (moda), Carumenu (poltsak), Clino Art (ilustrazioa), Enara (tapizak), Kuttu Art (bitxigintza), LaPreTAda (zeramika), Lurky Cotton (haurrentzako arropa), Nagos Atelier (oihalak), Wild Waves (poltsak) eta Zioru (poltsak). Aurrerantzean, asmoa dute azoka hilean edo bi hilean behin antolatzeko, eta Bilbotik kanpo ere egiten hasteko asmoa dute.