I. Maruri Bilbao
Bilbao Historiko fundazioa 2010ean sortu zen, itsasadarraren ezkerreko eta eskumako ibarretan dauden Bilboren auzo historikoak sustatzeko, eta hamargarren urteurrena ospatzeko, hainbat jarduera egin dituzte. Azkena izan da animaziozko ikus-entzunezko bat sortzea, Mesedeetako zubiaren inguruko kondaira bat kontatzeko. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez grabatu dute, eta sare sozialen bidez hedatuko dute. Auzo historikoetako merkataritza eta ostalaritza lokaletan banatuko diren postalen bidez ere zabalduko dute kondaira.
Erdi Aroko istorio batean oinarritu dira Bilbao Historikokoak. Haren arabera, gaur egun San Frantzisko auzoa dagoen lekuan, baso mardul bat zegoen. Izaki hegodun batzuk bizi ziren han. Tarteka, egun Bilbo Zaharra den inguruan zegoen herrixkara eta hiribildu berriko hareatzetara joaten ziren, bikoteka. Bakarrik eta babesgabe topatzen zituzten herritarrengana hurbiltzen ziren: izakiok haiek ukitzen zituztenean, aldartea aldatu, eta zorioneko eta maitatu sentitzen ziren.
Beste kondaira asko bezala, hau ere ahaztuz joan zen Bilbon, harik eta XIX. mendean Ernesto Hoffenmeyer ingeniariak bere idatzi batzuetan jaso zuen arte. 1883an, Mesedeetako zubia eraiki zuen Hoffenmeyerrek, Mesedeetako Amaren elizaren ondoan. 1936ko gerrako eraso batean suntsitu egin zuten zubia. Manuel Gil Santibañez ingeniariak berreraiki zuen, 1937an. Hoffenmeyerren idazkia topatu zuen, eta, hura omentzeko, zubian dauden zortzi faroletako bakoitzean izaki hegodunen bikote bana ipini zuen.
Zorte ona, zubian zain
Orain arte Bilbao Historikoko presidente izan den Unai Aizpuruk esan du gaur egun ere irudi horiek han daudela “bilbotarren, bizkaitarren eta mundu osoko pertsonen zain, haietako baten bularraldea ukitzen duena zorte oneko eta maitatu senti dadin”. Abenduarekin batera, Borja Elorzak hartu dio lekukoa Aizpururi fundazioaren presidentetzan.