Ibai Maruri Bilbao
1936ko gerran hil eta identifikatu gabe hobiratu zituzten gizon-emakumeei duintasuna itzuli nahi die Urduñako Udalak. Horretarako, Duintasuna izeneko kolunbarioa sortuko du udal hilerrian. Obra kontratuak adjudikatu ditu, eta datozen hilabeteetan hasiko dituzte lanak. 80.000 euroko aurrekontua izango du; Gogora Memoriaren Euskal Institutuak ipiniko du diru hori. Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioak beste 25.000 euroko laguntza emango dio, hilerriko nitxoak ateratzeko eta han dauden gorpuak ateratzeko. 72 gorpurentzako lekua izango du.
Elgoibarren (Gipuzkoa) topatu du Urduñak eredua. 2017an, halako beste kolunbario bat inauguratu zuten herri hartako Olaso hilerrian: 44 hobitan zeuden 57 pertsona hobiratu zituzten kolunbarioan. Urduñak beste horrenbeste egin gura du, hirian egon zen espetxe eta kontzentrazio esparru frankistan hildakoei behin betiko aitortza eta omenaldi duina eskaintzeko. 1937tik 1941era egon zen zabalik, Bizkaiko, Aragoiko (Espainia) eta Kataluniako fronteetan frankistek preso hartutakoak ikuskera frankistaren arabera “hezteko”.
Kartzelak 5.000 lagunentzako lekua zuen, baina 50.000 preso ere igaro ziren handik zabalik egon zen urteetan. Espetxe zentral eta kontzentrazio esparru horretan, ofizialki, 24 heriotza baino ez ziren izan 27 hilabetean. Historialarien arabera, zaila da sinestea hain gutxi hil zirenik. 1938ko eta 1939ko neguak bereziki gogorrak izan ziren, eta bildutako lekukotzek diote heriotzak oso ohikoak zirela, batez ere gosearen eta hotzaren ondorioz. Hildako horietako askoren gorpuak hilkutxetan sartu eta udal hilerrian lurperatzen zituzten. Gutxienez, 225 hil ziren, zenbaketa berrien arabera.
Gorpuak bilatzeko egindako lan nagusia 2014ko abuztukoa da orain arte. Espetxe zentralean gatibu egonda hil ziren hamalau pertsonaren gorpuzkiak atera zituen Aranzadi zientzia elkarteak udal hilerritik. Bi ilaratan lurperatuta topatu zituzten. Uste dute, gutxienez, beste 70 egon daitezkeela oraindik hormigoizko zolaren azpian.
Hiru begirada
Proiektua Urduñako hilerriaren kanpoaldean dagoen udal lursail batean gauzatuko dute, kolunbarioak jarriko diren pabiloietarantz doan ibilbide sinple baten inguruan. Diseinu teknikoak hiru nitxo talde horietako bakoitza Urduñako toki berezi baterantz kokatu du: lehena, gaur egungo Antiguako Ama Birjinaren ikastetxera begira dago, Josefinoena, gerran espetxe gisa erabili zen eraikinera; bigarrena, Txarlazo mendirantz eta Urduñako Ama Birjinaren monumenturantz; eta, hirugarrena, Urduñako gainerantz eta haren magal malkartsuetarantz. Asmoa da lubaki itxura ematea gune osoari.
Gerran hildakoen omenezko harria alboan izango du kolunbario berriak. Plaka bat ipiniko diote, 225 hildakoen izen-abizenekin. Testu bat ere izango du, lekuaren esangura azaltzeko, euskaraz, gaztelaniaz, galizieraz, frantsesez, ingel esez eta katalanez. Iñigo Arregi artistaren Duintasuna izeneko 3,50 metroko eskulturak osatuko du gunea, eta frankismoaren errepresaliatuei omenaldia egingo die.