Ibai Maruri Bilbao
Gau Irekia egingo dute bihar San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala auzoetan, “Bilboko auzo garaietako jaialdi parte hartzailea”. Sarean elkarteak sustatzen du sorreratik, eta, elkarteko kide Maria Larramendik azaldu duenez, helburu nagusia da hiru auzo horietan dauden ekintza guztiak ikusaraztea: “Inguru hau oso aktiboa da kulturalki eta sozialki. Saretze aktiboa dago. Askotariko eragileek egiten duten lana eta egiten dituzten proposamenak erakustea da jaialdiaren asmoa. Azken batean, aberastasun hau ospatzea”. Biharkoa Gau Irekiaren hamargarren aldia izango da.
Jaialdia sortu zutenetik, urtero, Sarean elkarteak deialdi bat egiten du irail aldera egitaraua osatzeko proposamenak jasotzeko. “Iristen diren proposamen guztiak sartzen ditugu. Antolatzaileon lana da jasotakoa atontzea. Askotariko proposamenak jasotzen ditugu, eta parte hartzea oso heterogeneoa da”. Esaterako, ekintza bat proposatzen duten bizilagunak daude. Hiru auzootako batean egoitza duten arlo sozialeko proiektuek eta ekintzaileek ere euren lana erakusteko aprobetxatzen dute jaialdia. Kultur eta arte mundutik ere heltzen zaizkie eskaintzak, inguruan tailer bat edo espazio bat duten eragileenak, edo auzoan bizi diren artistenak. Jarduera horiek egiteko guneak ere askotarikoak izaten direla nabarmendu du: dendak, elkarteen egoitzak, tabernak, bulegoak, azpiegitura publikoak, Bilboko Berreginen Museoa, udaltegia, Bilborock aretoa… Ia auzo guztiak eskaintzen du lekua.
Larramendik esan du urtetik urtera jaso izan dituzten proposamenak ugariagoak izan direla. 2019an, esaterako, ehun jarduera inguru egin zituzten, 90 gunetan. “Jaialdiaren ebaluazioa eta balorazioa egin genuenean, ikusi genuen asko zela, dimentsioak eskuetatik ihes egin zigula. Eta erabaki genuen hurrengo urteetan dimentsioa murriztu behar genuela”. Iaz, COVID-19aren pandemia izan zen horretara behartu zituena. Aurten, egitaraua osatzean, helburu horri eutsi diote, eta guztira hirurogei jarduera bildu ditu biharko egitarauak. “Ez daude jarduera gutxiago proposamen gutxiago jaso ditugulako, gutxiago aukeratu ditugulako baizik”. Hautatze prozesuan irizpide batzuk erabili dituzte: lehenetsi dituzte auzoko eragileen proposamenak, inguru hark dituen beharrak ikusarazten dituztenak, eta elkarlanean bidali dizkietenak, besteak beste.
Egitarau zabala
Beraz, bigarren urtez, goizetik hasiko dute jaialdia. Lehen orduetan tailerrak izango dituzte. Adibidez, Truca Recen joste tailerra eskainiko da, eta Estudio 14an, ipuin kontalariak izango dira. Sareanen egoitzan EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleen instalazioez gozatzeko aukera egongo da. Bilborocken, panafrikanismoari eta pentsamendu afrozentratuari buruzko mahai ingurua. Arratsaldean, proposamen eszenikoak, erakusketak, umeentzako antzerkia… Eguna itzali ahala, kontzertuen garaia iritsiko da. Zabalako plazan izango dira. Eta, ohitura bihurtu zaien legez, DJen emanaldiarekin bukatuko dute Gau Irekia, 23:30ean, Sarean elkartearen egoitzan.