“Bizkaitar batek eskuz buruz burukoa irabaztea ezustekoa litzateke, harrobi ona izan arren”

Juan Antonio Lopezek denbora asko darama pilota munduan. Muskizko Barbadun klubeko presidente hasi zen. Ondoren, Bizkaiko Eusko Pilota Federakuntzara igaro zen. Egun, presidentea da.

Nola ikusten dituzu esku pilota, pala eta zesta-punta?

Esku pilotari dagokionez, klub batzuek behera egin dute, eta beste zenbait gorabidean daude. Zesta-punta eta pala okerrago daude. Zestak garestiagoak dira; klub gutxiago daude. Pilotari futbolarekin gertatzen zaion gauza bera gertatzen zaie beste biei esku pilotarekin. Hau da, hedabideetan oso gutxi azaltzen diren kirolak dira.

Zein kirol atsegin dute gehien haur eta gazteek?

Esku pilota. Telebistan gehien hura azaltzen da, eta, orain, mundu guztiaren ahotan dago Irujok eta Olaizola II.ak etzi jokatuko duten finala. Zuk aipa ditzakezu zesta-puntan gorenean dauden kirolariak, eta oso gutxik dakite nortzuk diren. Retegi II.a eta Olaizola II.a, berriz, mundu guztiak ezagutzen ditu.

Guztiek prestakuntza bera eskatzen al dute?

Bakoitzak bere gauzak dituen arren, oso antzekoak dira. Adibidez: zesta-punta, esku bakarrarekin jokatzen da; esku pilotan, biekin. Baina, egun, kirol guztiek prestakuntza fisikoa beharrezkoa dute. Olaizola II.a, Bengoetxea VI.a eta Irujo pilotari aurretik atletak direla esan daiteke. Burua lantzeak ere berebiziko garrantzia du. Federazioan kide batek psikologo lanak egiten ditu: lasaitasuna nola mantendu, aurkariari nola aurre egin eta beste zenbait aholku ematen dizkie.

Frontoiak betetzeko orduan nabari al da krisia?

Bai, nola ez. Etziko finalerako sarrera guztiak salduta daude. Finala jokatu aurretik, ordea, partida asko daude. Orain, arazo ekonomikoak tarteko, udalek eta jendeak diru gutxiago daukate. Ondorioz, zailagoa da betetzea.

Frontoiak betetzea zaila dela esan duzu. Baina zer iruditzen zaizu Miribillako frontoi berria?

Oraingoz, Bilbo eta inguruko herrietako pilotazaleek goreneko mailako pilotariak ikusteko balio izan du. Lehen, final bat zuzenean ikusteko Donostiara, Gasteizera edo Iruñera joan behar zuten, eta, orain, ez.

Biharko pilota finalarekin bukatuko dira aurtengo herri arteko txapelketak. Zer balorazio egiten duzu?

Zesta-puntako txapelduna Markina dugu, eta Berriatua txapeldunorde. Final asko jokatu dituzten bi klub dira. Palan, berriz, Armintzari irabazi zion Sestaok —sari asko jaso ditu, eta lan handia egiten du—. Pilotan, Zaratamok eta Markinak talde gazte bikainak dituzte.

Esan duzu esku pilota dela gazte gehien duen kirola. Nolako harrobia dago Bizkaian?

Gazte onak ditugun arren, ez dago lehenengo mailan buruz buruko finala irabazteko aukera duen bizkaitarrik. Kontrakoa gertatzea ezusteko handia bezain pozgarria litzateke.

Eta profesional mailan?

Pablo Berasaluze da guztien erreferentzia. Urrutikoetxeak, gorabeherak eduki arren, buruz burukoan lan ona egin dezake datozen urteetan. Ibai Zabala atzelaria ere badaukagu. Mutil serio eta langilea da. Zaratamon, Elezkano anaiak daude; itxura ona dute.

Eta palan eta zesta-puntan?

Irautea da gure xedea palari dagokionez. EAE, Nafarroa eta Errioxako taldeek zesta-puntan jokatu duten azken txapelketan bizkaitarrek irabazi zituzten hiru partidak. Bizkaia da besteen ispilu.

Nola da posible Bizkaiak harrobi ona izan eta buruz buruko txapelketan nafarrak gailentzea?

Nafarroako federazioak lan ona egin du azken urteetan. Herri askotan kirolean jarduteko aukera bakarra frontoia da. Hori dela eta, gaztetatik pilota bizi dute.Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa, kirolerako aukera gehiago dagoenez, zailagoa da.