Javi West Larrañaga
Zornotza, Iurreta eta Durango lotuko ditu Bizkaiko lehen bizipista edo bizikleten autobidea izango denak. Barikuan eman zuten lanen hasieraren berri Zornotzan Andoni Agirrebeitia herriko alkateak eta Unai Rementeria ahaldun nagusiak. Haiekin egon zen Christian Prudhomme Frantziako Tourreko presidentea.
Mugikortasunaren trantsizioa “mundu mailako erronka” bat dela adierazi du Rementeriak, eta aldundiaren helburua dela hurrengo belaunaldientzat “Bizkaia hobe bat” uztea. Txirrindularitza Euskal Herrian oso errotuta dagoela esan du: “Kirol arloan bizikletaren nazio bat gara Euskadin”. Zaletasun hori mugikortasunera mugitu behar dutela azpimarratu du, Herbehereetan eta Belgikan eskoletatik irteten ikusi izan dituen neska-mutilen tropelak ekarri ditu gogora Rementeriak. Esan du oraindik “bide luzea” geratzen dela hori Bizkaian ikusteko. Uste du tematu beharko dutela eta hainbat sentsibilizazio kanpaina egin beharko dituztela bizikletaren onurak gizarteari helarazteko, baina, haren ustez, bizikleta pistarena “pauso garrantzitsua” da.
Rementeriak klima aldaketarekin lotu du azpiegituraren beharra: “Denoi dagokigu planetaren alde egitea, eta pauso bakoitzak edo pedalkadak laguntzen du”. Erantsi du ez dutela nahi inor bizikleta erabiltzera derrigortu: “Ez diogu inori bizikleta inposatu nahi. Bakarrik nahi dugu bizikleta benetako aukera bat izatea denontzat, eta, horretarako, honelako azpiegiturak behar ditugu”.
Alde horretatik, ahaldun nagusiaren arabera,”bizikleten autobideak” ez ditu bakarrik Zornotza, Iurreta eta Durango lotuko. “Hiru herri handi lotzen ditu, sei auzo, lau industrialde, ikastola bat [Lauaxeta] eta garraiobide publikoen zerbitzuak”, adierazi du Rementeriak, eta gaineratu du garrantzitsuena “pertsonak konektatzea” dela.
Eskualdean bizikletaren alde egindako “apustua” izan du aipagai Bizkaiko ahaldun nagusiak, eta “goraipatzekoa” dela esan du. Bide beretik jo du Agirrebeitia Zornotzako alkateak, eta adierazi du txirrindularitzaren zaletasun handia dagoela euren herrian. Gogora ekarri du bertako txirrindularitza taldetik atera direla Marino Lejarreta, Mikel Zarrabeitia edota Beñat Intxausti.
Frantziako Tourra, lagun
Frantsesez eman dio ongietorria Rementeriak Christian Prudhomme Tourreko presidenteari, eta esan dio ezinezkoa dela proiekturako aliatu “handiagorik” lortzea. Prudhommek adierazi du antzeko hainbat proiektutan lan egin dutela, eta lehen aldia dela Frantziako Estatutik kanpo halako proiektu bat inauguratzen duena: “Asko interesatzen zaigu bizikleta profesionalaren eta egunerokoaren arteko lotura”.
Bideak 7,5 kilometro izango ditu luzean, 3,5 metro zabal bizikletentzat, eta 1,85 oinezkoentzat. Iragarri dutenez, motordunen trafikotik guztiz bereizita egongo da. 2023ko lehen hiruhilekorako amaituta egotea aurreikusi dute, eta 12,7 milioi euro kostatuko da.