Zierbena Beti eta Bildu, oposiziotik gobernatzen

Zierbena Betik eta Zierbenako Bilduk udala oposiziotik gobernatzeko akordioa lortu dute. Alegia, osoko bilkuretan elkarrekin onartzeko gaiak adostu dituzte. Izan ere, EAJren udal taldean izandako barne gatazken ondorioz Marcelino Elorza alkate jeltzalea gutxiengoan geratu da, zinegotzi bakarrarekin.

Apirileko osoko bilkuran geratu zen agerian zatiketa: EAJk Zierbenako Udalean dituen bost ordezkarietatik hiru ez ziren agertu, berariaz. Hala, oposizioak egindako proposamen guztiak onartu ziren. Alkateak udal gobernutik bota zituen. Hori horrela, Bilduk eta Zierbena Betik udala gobernurik gabe geratu dela ohartarazi dute.

Ezohiko oso bilkura deitzeko eskatu dute. Bilkura horretan zer eztabaidatu nahi duten ere erabaki dute Zierbena Betik eta Bilduk: paduretako proiektua behin-behinean gelditzeko eskaera, alkatearen “milioi askoko soldata” gutxitzeko edo kentzeko proposamena, eta oso bilkurak hilero egiteko eskaera. Bi alderdiok herritarrei dei egin diete euren proposamen, kezkak eta arazoak ezagutarazteko, eurek bilkuretara eraman ahal izateko.

Bilduren eta Zierbena Betiren esanetan, egungo egoera “kazike politika” baten ondorio dira, eta eurak horren “biktima” sentitu dira. “Zinegotzi moduan ditugun eskubideak ukatzen zaizkigu. Informazioa ezkutatzen digute eta gure parte hartzea murrizten ahalegindu dira, horretarako barne araudia aldatuz”, salatu dute. Gainera, alkateak dekretu bidez gobernatu duela ohartarazi dute, “eskotean ordaindu dugun 68.000 euroko soldatarekin eta dietekin aberastu den bitartean”.