Oker hasi, bikain bukatu

Final bat irabazten hasteak garrantzi handia dauka. Baina bukatutakoan garaile izan eta buruan txapela janztea da edozein kirolarik duen desioa eta ametsa. Bizkaiko herri arteko pala finalean antzeko zerbait gertatu zen. Sestao eta Armintza zebiltzan txapelaren lehian. Lehenengo norgehiagokan, 21 urtez azpikoan, gogoz ekin eta merezimenduz nagusitu ziren armintzarrak. Bigarrenean, pala zabalean, Sestaok berdintzea lortu zuen. Azkenak, pala laburreko partidak erabakiko zuen aurtengo txapelduna; hirugarrena ere Sestaok irabazi baitzuen. Finala oker hasi zuten, baina garaipena lortuz bikain bukatu zuten Ezkerraldeko ordezkariek. Uribe-Butroeko taldeak, berriz, lehiari primeran ekin eta nahi ez bezala bukatu zuen.

Finalaurrekoetan Getxo kanporatuta iritsi zen Armintza finalera. 3-0eko emaitzak adierazten duen bezala, erraztasun osoz gailendu ziren. Iazko txapeldunek, sestaoarrek, lan gehiago izan zuten iazko txapeldunordeak, sopeloztarrak, lehiatik at uzteko. 2-1ekoarekin lortu baitzuten txapelketako norgehiagoka nagusian sartzea; finalean, alegia.

Joan den barikuan Miribillako Bizkaia frontoian zegoen jarrita ordua, 18:30ean. Bi ordezkarien senide eta gertuko herritarrak joan ziren kirolariak animatzeko gogoz. Adin guztietako jendea bildu zen. Haurrak, gazteen lagunak, gurasoak eta, nola ez, aiton-amonak. Norberak bere herriko kideei oihu egiten zien. Armintza hedaduraz Sestao baino txikiagoa da, baina bizilagunengan ez zen batere nabaritu. Izan ere, Uribe-Butroekoek gogoz eta indar betez animatu zituzten herrikoak.

Finaleko aurreneko partida atzerapen apur batekin hasi zen. Kirolariek giharrak behar bezala berotu zituzten, minik ez hartzeko. Sestaoarren ordezkariak Zulueta eta Prieto ziren. Armintzarrenak, berriz, Zubiri eta Urrutia. Epaileak txanpona airera bota, eta urdinez jantzita zeudenei egokitu zitzaien aurreneko sakea, Uribe-Butroekoei.

Gazteen artean finalak dakarren presioa eta urduritasuna antzematen zen. Batez ere, Ezkerraldeko jokalarien artean. Sakea baliatuta, 0-3 aurreratu ziren urdinak. Jarraian zabaleko txapara bota zuen pilota Zubirik, eta gorriek aurreneko tantoa egin zuten. Sestaoarrei, baina, ez zien pozak askorik iraun. 4-0eko partzialarekin, 1-7 aurreratu baitziren armintzarrak. Orduantxe etorri zen gorrien bigarrena. Urdinak eroso zeuden, hala ere, tantoak bata bestearen atzetik eginez.

Partida erdi aldera iristear zela, sestaoarrek jarraian tanto bi egin zituzten. Hori gutxiegi zen, ordea, lehia iraultzeko. Hamarreko aldea da gorriek aurka eduki zuten txikiena: 15-5. Urdinak 5-24 irabazten zihoazela etorri zen gorrien seigarrena. Apur bat lasaitu zirenean emaitza txukuntzea lortu zuten. Ordu erdi eskas iraun zuen norgehiagokak, eta 12-35 emaitzarekin nagusitu ziren Uribe-Butroekoak.

Ezkerraldekoen erantzuna

Agirre eta Vega sestaoarren (gorriz) eta Abaroa eta Garciaren (urdinez) artekoa izan zen hurrengo partida. Aurrekoa baino luzeagoa eta zirraragarriagoa izan zen; hasieran bai, behintzat. Bigarrengoan ere armintzarrei egokitu zitzaien lehen sakea. Abaroa eta Garcia hasi ziren 0-1 irabazten. Gorriak, sakea berehala berreskuratu, lehia berdindu, eta aurretik jarri ziren, 3-1. Partida hasieran lehia orekatua zen oso. Hiruna, launa, bosna, seina eta zazpina berdindu baitzuten. Ondoren, 7-10 jarri ziren aurretik armintzarrak. Berehala berdindu zuten sestaoarrek.

Bizi-bizi zihoan lehia. Horrela jokatzen denean hutsegiteak ugari izaten dira. Batzuetan, goiko edo beheko txapara joaten da pilota. Beste askotan, zabaleko marratik kanpora. Zenbaitetan, aurkariak ez du sakea erantzuten, edota pilota gehiegi arrimatu eta kale egiten da. Horma-biko ederra egin zuen Agirrek, sestaoarren aurrelariak, partida erdi aldera.

Lehia paretsu joan zen 16-14 arte. Gorriek hamazazpigarrena egin zutenean, erabat hautsi zen oreka. Jarraian, beste hiru tanto egin zituzten; urdinek bakarra, ordea. Ordutik, sestaoarrek ez zuten behin ere aurrea galdu. 24-18ra gerturatu ziren, baina armintzarrei kosta egiten zitzaien markagailua estutzea. Gorriak 30era iritsi zirenean, jarraian lau tanto pilatu zituzten urdinek: 31-23. Jarraian, pilota txapa behera bota, eta berriro zailtasunak etorri zitzaizkien armintzarrei. Lehia. 33-25. Beste lau tanto egin zituzten Uribe-Butroekoek, baina gutxiegi norgehiagoka irabazteko. Bukaeran, 35-28ko emaitzarekin nagusitu ziren sestaoarrak. Bigarren partida irabazita eman zioten lehiari buelta ezkerraldekoek.

Hirugarren partidan, pala laburrekoan, 40 tanto jokatu behar dira. Sestaotik Basabek eta Egiak jardun zuten, eta Uribarrik eta Mendizabalek Armintzatik. Aurreneko sakea gorriei egokitu zitzaien, baina lehenengo tantoa urdinek egin zuten. Berdinketarik gutxi egon arren, parean joan ziren bi herrietako ordezkariak. Hamahiruna, hamabosna, hamaseina eta hamazazpina joan ziren. Gorriak jarri ziren aurretik, 21-17.

Urdinek 21-20ra gerturatzea lortu zuten, baina gorriak, 10-0eko partziala eginda, 31-21 jarri ziren aurretik. Armintzarren tanto bati hiru eginez erantzuten zioten sestaoarrek. Markagailua 33-21 zegoela etorri zen Uribe-Butroekoen susperraldia; 33-27 hurbilduta, bete-betean sartu ziren lehian. Hortik aurrera, beste tanto bi baino ez zituzten eskuratu armintzarrek, eta norgehiagoka 40-27ko emaitzarekin irabazi zuten Ezkerraldekoek.

Hiru ordu inguru iraun zuen finalak. Irabazleak irribarrea ahoan zutela zeuden pozez gainezka. Galtzaileak triste zeuden garaipena hain gertu edukitzeagatik. Sestaoko sei ordezkariei federazioko kideek garaikurra eman eta txapela jantzi zieten. Armintzarrek txapeldunordeei dagokien garaikurrarekin konformatu beharra eduki zuten. Finala galdu arren, ukaezina da Uribe-Butroekoek egindako txapelketa ona.

Eskuzko finala, bihar

Herri arteko esku pilota finala bihar arratsaldean jokatuko da, Arrigorriagako frontoian. Txapela irabazteko gogoz irtengo dira jokalekura Markina eta Zaratamoko kideak. Aurrenekoek Galdakao kanporatu zuten finalaurrekoetan. Arrankudiaga, berriz, bigarrenek. Hiru norgehiagokatan neurtuko dituzte indarrak: kadete, gazte eta senior mailatan.