Olatz Enzunza Mallona
Ezagutu, saretu eta indartu. Hiru helburu horiek izango ditu oinarri asteburuan Portugaleteko Sastraka gaztetxean egingo duten okupazio egonaldiak. Euskal Herriko eta nazioarteko okupazio mugimenduak eta herri mugimenduak batzea da jardunaldien asmoa. Horrez gainera, elkarren arteko “sinergiak” ere sortu nahi dituzte. Gaur arratsaldean emango diote hasiera egonaldiari, eta, domekara arte, askotariko ekintzez osatutako egitaraua prestatu dute antolatzaileek: “Formakuntzari garrantzi berezia eman nahi izan diogunez, hitzaldiek eta tailerrek hartuko dute lekurik handiena”. Hala ere, horiez gainera, askotariko kontzertuak, ikuskizunak eta liburu aurkezpenak ere egongo dira.
Gaztetxeko asanbladetan sortutako “kezka bat” izan da okupazio egonaldiak antolatzeko abiapuntu nagusia. “Hamazazpi hilabeteko ibilbidean funtzionamenduari, talde antolaketari eta beste hainbat konturi buruzko zalantza asko eta asko sortu zaizkigu, eta, nolabait esateko, gabezia bat geneukala ikusi genuen”, azaldu dute asanbladako kideek. Egoera hobetze aldera, konponbide bila hasi ziren, eta, horretan sakonduz joan ziren pixkanaka: “Geure burua trebatu nahi genuen, eta, aldi berean, sareak sortu nahi genituen Bizkaian eta Euskal Herri osoan”. Okupazio egonaldia izan da horren emaitza, eta, haren bidez, helburu horiek bete asmo dituzte: “Horretarako da egonaldia: elkarren artean saretzeko, harremanak sortzeko, jendea ezagutzeko, trebatzeko eta aisialdi eskaintza txiki bat emateko”.
Hiru eguneko egonaldia aurrera eramateko, lau lantalde sortu dituzte: formakuntza, azpiegitura, aisialdi eta janari lantaldeak. “Talde horietako bakoitza bere aldetik ibili da lanean, eta, astean behin, guztia koordinatzeko elkartzen ginen”, azaldu dute. Zehazki, 100 lagun inguru agertuko dira asteburuan jardunaldietara, eta dena koordinatzeko “ezinbestekoa” izan da talde horiek sortzea. “Oso harrera ona izan dugu; izan ere, jende dezentek eman du izena jardunaldietan”.
Harrerarekin eta aurkezpenarekin emango diote hasiera egonaldiari, 17:00etan. 19:00etarako, hiru ekitaldi antolatu dituzte: Komunikazio estrategiak espazio autogestionatuetan hitzaldia, Zerrailen mundu miresgarria tailerra eta Pinillos okupa y hahita proiekzioaren aurkezpena. Hura amaitzean, bertso afariaz gozatzeko aukera egongo da, Jone Uria eta Unai Mendiburu bertsolariekin. Eguneko jardunaldiekin amaitzeko, berriz, DJ Txirrita egongo da, gauerdian hasita.
Biharko eta etzirako ere askotariko ekintzak antolatu dituzte. “Ideia ona iruditu zaigu asteburu bakarrean halako formakuntza betekada jasotzea. Informazio asko barneratuko dugu, baina, aldi berean, jende askorekin banatzeko aukera izango dugu”. Halaber, Sergio Crespo Griforen arte erakusketa ikusgai egongo da asteburu osoan.
“Errusiar mendi bat”
Portugaleten gazteentzako gunerik ez zegoela iritzita, Karmengo Amaren ikastetxea gaztetxe bilakatu zuten duela hamazazpi hilabete inguru; zortzi urte zeramatzan hutsik. Eraikina okupatu eta hilabete eskasera, ezezagun batzuek su eman zioten eraikinari, eta ordurako egindako lanaren zati handi bat txikituta geratu zen. Geroztik, proiektua indartzea lortu dute pixkanaka-pixkanaka; oro har, balorazio positiboa egin dute: “Ibilbide honetan gauza asko ikasi ditugu, baina, aldi berean, arazo askori aurre egin behar izan diegu”, esan dute. Hilabete “gogorrak” izan badira ere, guztietatik irakaspen bat lortu dutela nabarmendu dute: “Denetarik egon da: haserreak, poza, negarrak… Oso hilabete biziak izan dira, zentzu guztietan; errusiar mendi bat bezalakoa izan da”.
Aurrera begira, “halako ekitaldi gehiago” egiteko asmoa dutela adierazi dute Sastraka gaztetxeko kideek. “Irailean eginda utzi genuen ikasturteko plangintza, eta lanean ari gara”. Gaur-gaurkoz, buru-belarri dabiltza asteburuko okupazio egonaldiekin, baina, hura igarotzean, “zerbait egonkorragoa” sortu nahi dute. “Era berean, barruan dauden lantaldeak hauspotzea izango da gure aurrera begirako asmo nagusia”.