Natalia Salazar Orbe
Ezkontzeko gizon bat aurkitu edo lortzeko gai ez den birjina”. Hala definitzen zuten 1838an emakume alpinista. Garbiñe Okerantza Bizkaiko Mendizale Federazioko Emakumea eta Mendia batzordearen sortzaile eta arduradunak ekarri du gogora datua. “Gure aurrekoek lan handia egin zuten emakumeok gaur egun gauden tokian egon gaitezen”, adierazi du. Ildo horretatik, emakumeak mendian ikusarazteko asmoz, Berdintasunaren aldeko Gailurrak izeneko lehenengo martxa antolatu dute biharko. Urduñako plazatik aterako dira, eta Txarlazo mendia izango dute helmuga.
Ez da lehiarako martxa izango. Bestelako xedea du ibilaldiak. “Martxaren helburua da mendiko jardueratan emakumeen parte hartze aktiboa sustatzea eta bultzatzea”, azaldu du Okerantzak. Hain zuzen, emakumeak mendira gerturatu nahi dituzte.
Horregatik, “parte hartzeko eta aldarrikapenerako erronka” proposatu du federazioak, “gure kirola festaz janzten den jardunaldi batean emakumeak ikusarazteko”. Hala ere, argi utzi nahi izan dute proiektua “inklusiboa” dela. Beraz, mendizale guztiei dei egin diete parte hartzeko.
Gaur egun emakumeak mendian ibiltzea ohikoa den arren, Okerantzak gogorarazi du emakumeek bizkar zorroak “erantzukizunez” betetzen dituztela, “hala nola, seme-alaben zaintzaz, gurasoen zaintzaz… Horrek guztiak eragina du. Dena den, gure esku dago hori aldatzea”. Horregatik jo du garrantzitsutzat biharko egitasmoa.
Ikusgaitasun handiagoa
Emakumeen presentzia gero eta handiagoa da. Askok meritu handiak egin dituzte lehiaketetan, gainera. Besteak beste, Silvia Trigueros mendi korrikalari barakaldarrak 330 kilometroko Tor Des Geants lasterketa irabazi zuen, hirugarrenez, Alpeetan, irailean. Oihana Azkorbebeitia abadiñarra, berriz, hirugarren sailkatu da aurtengo mendiko lasterketen munduko kopan.
Emakume kirolarien lorpenak gero eta ikusgarriagoak direla ezin ukatu. Dena den, Okerantzak uste du oraindik bidea urratu beharra dagoela: “Zorionez, gauzak ari dira aldatzen. Baina, batez ere, hedabideetan oraindik oihartzun handiagoa daukate gizonezkoen jarduerek”.
Biharko ibilbidearekin beste urrats bat egin nahi dute. Txarlazo mendia aukeratu dute lehen martxa honetarako, “edonorentzako egingarria den mendia” delako. Hala azaldu du federazioko kideak: “Mendietara maiz joaten diren mendizaleez gain, mendira joatera ohituta ez daudenak eta familiak parte hartzera animatu nahi ditugu”. Ibilbidea erraza dela esan du; “dena den, kontuan hartu behar dugu hamabi kilometrokoa dela, eta gutxi gorabehera 650 metroko desnibela dagoela”.
Martxan parte hartzeko beharrezkoa zen aurretik izena ematea. Federatuek hiru euro ordaindu behar dute, eta federatu gabeek, bost. Antolatzaileek nahi dute emakumeek, mendira gerturatuta, “helburu berriak” lor ditzatela. Jai giroan antolatu dute biharko egitasmoa, eta asmo argia du, Okerantzak esan duenez: “Egun polita izatea nahi dugu, denok mendiez gozatzeko aukera izan dezagun”.
Emakumendi egitasmoa
Lehiatan gero eta handiagoa den emakumeen mendiko presentziari pozgarri deritzo Okerantzak. Eta “oso garrantzitsua” irizten dio Trigueros eta Azkorbebeitia bezalako erreferenteak izateari: “Federazioan uste dugu beharrezkoa dela gazteek emakumeok ezagutzea”. Horregatik, aurten Emakumendi proiektua jarri dute abian. Ekinbide horren helburua da “mendia hainbat esparrutatik bizi duten emakume bizkaitarren ahalegina, dedikazioa eta beren burua gainditzeko izpiritua agerian jartzea, eta duten balioa ematea”. Hainbat jardunetan ibilitako emakumeak izango dituzte gogoan, “hala nola klubetako presidenteak, bide zidorretako teknikariak, mendiko lasterketetako arbitroak eta kirolariak”.
Hori guztiori gauzatuko duen proiektuaren berri eman du Okerantzak: urtebetean Bizkaiko emakume bat ezagutarazteko bideoak zabalduko dituzte.