Aurten ere sarean egingo dute Udagoieneko Ostera zikloa

Aurten ere sarean egingo dute Udagoieneko Ostera zikloa

O. Enzunza Mallona

Euskara eta memoria historikoa ardatz gisa hartuta, gaur abiatuko da Udagoieneko Ostera Hegan kontzertu zikloa. Euskaltzaleen Topaguneak eta Bizkaiko Foru Aldundiak euskal sortzaileei plaza bat eskaintzea da zikloaren asmoa, eta, pandemiaren ondorioz, aurten, iaz bezala, online eskainiko dituzte kontzertu horiek. Hala, gaur hasi eta datozen hiru asteburuetan jarraian, kontzertu bat jarriko dute sarean ikusgai, Udagoieneko Osteraren webgunean: Topagunea.eus/udagoieneko-ostera-2021.

Aurten, Mikel Urdangarinen, Xarmanak taldearen eta Olatz Salvadorren doinuen bitartez, “iraganeko pasadizoetara jauzi egitea”, helburu hori izan dute antolatzaileek. Dagoeneko grabatu dituzte hiru kontzertuak, eta, horretarako, Bizkaiko hiru gune esanguratsu aukeratu dituzte: Otxandioko Andikona plaza, Barakaldoko Munoa jauregia eta Ondarroako Saturraraneko pasabidea. Izan ere, kokaleku horiek altxamendu frankistak bortizki erasandako tokiak izan ziren bere garaian.

Gaurtik domekara bitartean, Mikel Urdangarinen kontzertua egongo da ikusgai webgunean; hurrengo asteburuan, Xarmanak taldearen txanda izango da, eta, hurrengoan, berriz, Olatz Salvadorrena.

Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatuaren hitzetan, kulturaren bitartez euskararen erabilera “hauspotzea” da kontzertu zikloaren helburu nagusietako bat. Horrez gainera, Jasone Mendizabal Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak oroimen historikoaren garrantzia nabarmendu du: “Iraganean gertatutakoa gogoratzea izan da aurtengo edizioaren helburuetako bat, atzo gertatutakoa ez dezagun ez gaur ez bihar ahantzi”.

Joan den urtean, Eñaut Elorrietaren, Zea Maysen eta Izaki Gardenak taldearen kontzertuez gozatu ahal izan zen Udagoieneko Ostera Hegan kontzertu zikloaren baitan. Horiek Bizkaiko hiru museotan grabatu zituzten: Balmasedako La Encartada museoan, Muskizko El Pobal burdinolan eta Bermeoko Arrantzaleen Museoan.