Ibai Maruri Bilbao
Joan den astelehenean ospatu zen Domu Santu eguna. Milaka bizkaitar euren etxetik joandakoak oroitzera joan ziren herrialdeko hilerrietara. Baina badira gura arren nora jo ez dutenak ere. Esaterako, dolu perinatala egiten ari diren familiak. Orain, ordea, Derioko eta Zamudioko lurretan dagoen Bilboko Vista Alegre udal hilerrira jo dezakete. Izan ere, Bilboko Udalak eta Esku Hutsik elkartekoek dolu mota horri eskainitako gune bat sortu dute, eta astelehenean ireki zuten. Bizkaian atondu den lehenengoa da. Egoera horretan dauden Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sendiek osatzen dute elkartea.
Elkarteko presidente Maria Gonzalez Gomezek esan du haurdunaldian, erditzean edo jaio eta gutxira hil diren haurtxoen hutsuneak etxekoei sortutako dolua “ikusezina” dela: “Ez digute uzten gure umeez berba egiten; beraz, isiltasunean bizi dugu dolua. Lege aldetik, umea ezin dugu erregistratu familia liburuan. Batzuetan, umetxoaren gorpua ere ez dizute ematen”. Horregatik, haiek gogoratzeko gune baten beharra ikusten zuten, bakean eta euren umetxoekin egoteko leku baten beharra. Beste edonork etxeko hildakoekin egin dezakeena egin nahi dute.
Dolua egiteko eta oroimena gordetzeko leku bat eskatu zioten Bilboko Udalari. “Bakardadea sentitzen zutela esan ziguten. Guk oso ideia ona dela ikusi genuen”, kontatu du Yolanda Diez Saiz Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo zinegotziak. Era berean, biek uste dute gizarteak familia horien dolua aintzat hartzeko modu bat ere badela; orain arte ezkutuan egon dena agerikoagoa da orain.
Inguruan halako lekurik ez dagoen arren, beste toki batzuetan ohikoagoak direla esan du Gonzalezek; Katalunian, berbarako, hilerri askotan dituzte. “Normalean, arbolatxo bat eta plaka bat jartzen dituzte. Baina gure hau oso ederra da, arretaz sortutakoa”, azaldu du elkarteko buruak. Euren ideiak azaldu zizkieten zinegotziari eta Bilbo Zerbitzuak udal enpresakoei. Udalekoek Bilbo Artera jo zuten. “Uste genuen hilerriko ohiko lekuetatik kanpoko zerbait izan behar zuela. Lorategi bat, alegoria batekin. Pentsatu genuen arte lehiaketa bat egin genezakeela, eskultura bat jartzeko”, gogoratu du Diezek. Biek esan dute aurkeztutako proiektuak “sekulakoak” izan zirela. “Kostatuta”, bi hautatu zituzten, baten ordez.
Mungia etorbideko atetik sartu eta eskumara dago gunea, hilerri zibil izandakoan. Zurezko pergola eder bat du sarbide. Aurrerago lorez estaliko duten landareak ipini berri dituzte. Guneak forma biribila ematen dioten jesarleku semizirkular bi ditu alboetan, lorez apainduak. Familiek gura zuten esertzeko lekua izan zezala. Erdian, Bilbo Artekoek egindako eskultura dago: harrizko suontzia eta brontzezko sugarra. Aurrez aurre, burdinazko horma bat ipini dute; hori da bigarren eskultura. Zulotxoz beteta dago; horietan plastikozko hoditxo garden batzuk sar daitezke. “Hoditxoetan ume horien oroimenak gorde ahal izango dira: jarri ezin izan zenizkion haur oinetakoak, neba-arreben izenak, gurasoen argazkia…”, azaldu du Diezek.
Printzipioz, Bilbokoentzako da, Bilboko udal hilerria den neurrian, baina zinegotziak zehaztu du bizkaitar guztiek erabil dezaketela Bilbo Zerbitzuetakoekin hitz eginda. Egoera horretan dauden familiei erakundearekin harremanetan jartzeko eskatu die Diezek, eta ordua hartzeko, langileek tokia erakutsi eta funtzionamendua azal diezaieten. Era berean, Bilboko Udala Osakidetzaren Bizkaiko ESI erakunde sanitario integratuekin eta ospitaleekin berbetan dabil, zerbitzua ezagutu dezaten, gero haiek familiei horren berri eman ahal izateko.
Beharrean bidelagun
Elkarteak ere osasun arloko profesionalekin lan egiten du. Orain ospitalez ospitale dabiltza, langileek zer behar dituzten eta zer zerbitzu eman nahi duten jakiteko, eta hori lortzen laguntzeko. Gonzalezek salatu du Osakidetzak oraindik ez daukala zehaztuta halako kasuetarako protokolorik. Espero du laster elkartu ahal izango direla arduradunen batekin. Bien bitartean, familiari egokitu zaizkion osasun langileen pentzudan geratzen da zer arta jasotzen duten. “Ospitale batzuek, hala erabakita dutelako, ez dute gorpua ere ematen”.
Haurtxoa galdu duten familiei, “ez dago taupadarik” esaten diete ospitalean. “Hori entzuten duzunean, esku hutsik irteten zara ospitaletik; hortik dator gure elkartearen izena. Orduan sortzen da egon daitekeen sentipenik gogorrena. Ez dago hitzik umea hil zaien gurasoak izendatzeko; badaude umezurtz, alargun… Guretzat, ez dago ezer. Horrek erakusten du zein ikusezinak garen. Gizarteak asko du egiteko”.
Heriotza “ikusezinak” dira, baina ez dira gutxi. Diezek emandako datuen arabera, lau familiatik bati gertatzen zaio. “Ez dut Euskadiko estatistikarik, baina Espainian, urtero, haurdunaldiaren 22 eta 41. asteen artean 2.500 umetxo hiltzen dira. Kopuru horretan ez dira sartzen haurdunaldi hasierako asteetan hil direnak; ezta umea txarto zetorrelako edo amaren bizitza arriskuan zegoelako haurdunaldia eten behar izan dutenen kasuak ere”.
Uste du erakundeak kontzientzia hartzen hasi direla. Bilbokoa ez da kasu bakarra. Urrian, argazki erakusketa bat eta jardunaldi bat antolatu dituzte Getxon, Villamonteko kultur etxean. “Gure asmoa da erakusketa beste herrietara ere eroatea. Gure min hau ikusgai egin behar dugu, gure umeengatik, gugatik, eta etorkizunean dolu hori sufritu beharko dutenengatik”.