Ibai Maruri Bilbao
Joan den barikuan, Larrabetzun, gazte batzuek pankarta bat zabaldu zuten herritik irteten ari zen Bizkaibuseko autobus baten aurrean, eta bidea moztu zioten pare bat minutuz. “Zerbitzu publiko duina. Nazkatuta gaude“, irakur zitekeen zabaldu zuten pankartan. “Ekintza sinboliko bat izan zen”, zehaztu du Garraioa Irauli taldeko Etxahun Artetxek. Bizkaiko herriarteko autobus zerbitzu publikoak eurenean aldaketa batzuk egin ditzala gura dute, benetan dituzten mugikortasun premiak ase ditzan.
Azaldu duenez, Ernai gazte erakundearen Euskal Herrian Bizi izeneko dinamikaren barruan hasitako gogoeta prozesuan sortu zitzaien garraio publikoari lotutako kezka eta egoera aldatzeko beharra. “COVID-19aren pandemiagatik geldituta izan dugu, baina, ikasturte berriarekin batera, lantalde bat sortzea pentsatu dugu”. Hala, Larrabetzuko, Lezamako eta Zamudioko gazte talde batek sortu du Garraioa Irauli.
Eskaera nagusia Larrabetzuko herritarrek aspalditik duten aldarrikapena da. Sinadurak biltzen ari dira Larrabetzun, herritarren babesa jasotzeko. Azaroaren 12ra arte dago horretarako aukera. Bizkaibusek zonaka sailkatzen ditu Bizkaiko herriak, Bilbo erdigune hartuta. Lehen zona da hiriburua; handik zenbat eta gehiago urrundu, goragoko zenbaki bat egokitzen dio herriari, eta urrutikoenak bosgarren zonakoak dira. “Larrabetzu administratiboki Txorierri eskualdean dago, Lezama, Zamudio eta Deriogaz batera. Beste herriak bigarren zonakoak dira, baina Larrabetzu hirugarrenean dago”, azaldu du Artetxek.
Zona beraren barruan egiten diren bidaiak zona aldatuta egiten direnak baino merkeagoak dira. “Institutura Deriora joaten gara. Galdakaon ditugu anbulatorioa eta ospitalea —bigarren zonan dago hura ere—. Egunerokoan behar ditugun zerbitzu garrantzitsuenak inguruko herrietan dauzkagu. Baina, beste zona batean daudenez, guk garestiago ordaintzen dugu autobusez joanez gero”.
Albokoek baino garestiago
Kalkuluak egin dituzte. Deriora institutura Bizkaibusez doazen ikasle bi alderatu dituzte: bata Larrabetzukoa —hirugarren zonakoa—, eta bestea mugakide den Lezamakoa —Derio bezala, bigarrenekoa—. Gazte 70 izeneko Barik txartel pertsonalizatua dute biek. Larrabetzuarrak 42,70 euro gastatzen ditu hilean institutura joaten; lezamarrak, 37 euro. Ikasturtea amaitutakoan, lezamarrak larrabetzuarrak baino 68,4 euro gutxiago ordaindu ditu. Hamalau larrabetzuar joaten dira egunero institutura. Artetxek esan du Bizkaibusek 957,6 euroko etekina ateratzen duela zona ezberdinean egoteagatik. Bilbora Bizkaibusez joatea ere Txorierriko gainontzeko herrietakoek baino garestiago ordaintzen dute: 1,90 euro balio du bidaiak Larrabetzutik; 1,50 Zamudiotik, Lezamatik edo Deriotik. “Eskualdean trenik ez duen herri bakarra gara; beraz, ez dugu beste alternatibarik”.
Bigarren aldarrikapena ere ikasketei lotuta dago. Izan ere, EHUko Leioako campusera egunean autobus bakarra dute Larrabetzuko, Lezamako eta Zamudioko ikasleek: 07:00etan dute ikastera joateko, eta 14:15ean etxera bueltatzeko. “Lehen eskolak 08:30ean edo 09:00etan hasten dira. Goiz da 07:00etako autobusa. Eta askotan beranduago ere has zaitezke. Beraz, gehienak edo autoz joaten dira, edo Erandiora autobusez eta han beste bat hartzen dute”. Beraz, garestiago.