Natalia Salazar Orbe
Hamazazpigarren ikasturtea estreinatu du Galdakaoko Berbalagunek. Hamaikagarrena du Basaurikoak. Durangaldekoak 21 urte bete ditu jada. Bizkaiko eskualde guztietan abiatu dute taldean euskara praktikatzea helburu duten Berbalagunen ikasturtea. Hasi dira aurkezpen saioak egiten; baita jaiak eta jarduerak ere. Joan den astean Barakaldon antolatu zuten Mintzodromoan 250 lagunek hartu zuten parte.
Berbalagunak antolatzen dira jarduera baten inguruan osatutako taldeetako kideek euskaraz egiteko eta praktikatzeko. Bi helburu bereizi ditu Edorta Lopez Rey AEK-ko Praktikatu zerbitzuko koordinatzaileak: “Batetik, ikasketa prozesuan laguntzea. Esaterako, Bermeora joan eta euskaraz ikasi duenak praktikatzeko balia ditzake taldeok. Beste herri batzuetan —esaterako, Santurtzin—, berriz, helburua da hiztun komunitatea handitzea”.
Euskara ahulago dagoen eremuetan indartsu dagoenetan baino jarduera gehiago antolatzen dituzte Berbalagun talde guztiek elkarren berri izateko eta herriko euskaldunek elkar ezagutzeko. “Horregatik, herri horietan euskara praktikatzeko agendak potenteagoak izaten dira. Ondarroan, esaterako, hiruzpalau topaketa eta mintzodromo bat egiten dira; baina Zallan edo Ortuellan jarduera gehiago egiten ditugu”.
Taldeak eurak astean behin elkartzen dira, gutxienez, ordubetez. “Hala ere, normalean gehiago batzen dira, edo topaketak luzatzen dituzte. Lagun kuadrillak ere sortu dira taldeotatik. Harremanak sortzen dira, bikoteak… Azken batean, harreman afektiboak dira, eta harreman afektiboak eraginkorrak dira. Jendea gustura badago, eutsi egiten dio horri. Azkenean, harreman agentzia baten lana egiten dugu guk, euskara praktikatzeko harreman agentzia baten lana”.
Berbalagunak euskaldun zaharrak edo euskaraz ondo dakitenak euskaraz aritzera bultzatzeko bidea ere badira. “Eta asko harreman berriak egitera ere hurbiltzen dira. Natura ezagutzeko edo running egiteko taldeetan helburua da jarduerok euskaraz egitea. Bestela, agian, ez lituzkete antolatuko. Beraz, dena da baliagarria”, esan du Lopezek.
Horretarako, berbalagunek denetariko taldeak osatzen dituzte. Hala azaldu du Lopezek: “Denetarik dago, talde txikiak zein handiak; jarduerak egiteko elkartzen diren taldeak, esaterako, mendira joateko, kirola egiteko, eskulanak egiteko, yoga eta terapia saioak egiteko… Berbalagunak ez dira batzen bakarrik taberna batean kafea hartzeko”.
Askotariko profilak
Herri edo eskualde batzuetan eta beste batzuetan izena ematen dutenen profila desberdina da. “Euskara ahulago dagoen eskualdeetan 40 urte ingurukoek hartu ohi dute parte, eta gehienak emakumezkoak dira. Ia denak euskaltegietan edo eskoletan euskaldundutakoak izaten dira”, adierazi du Lopezek. Herri euskaldunetan, berriz, nagusiagoak aritzen dira Berbalagun taldeetan.
Ikasleak, langileak, langabeak, gazteak, helduak, jubilatuak… Denetariko herritarrak elkartzen dira euskaraz berba egitera. Galdakaon, iazko kiderik gazteenak 20 urte zituen; eta zaharrenak, 85.
Egitasmoaren bilakaerarekin pozik azaldu da Lopez. “Iaz, pandemiak jo arren, 2.985 lagunek hartu zuten parte Berbalagun taldeetan, Bizkaian”. Azaroaren 21erako Kirola eta Natura egitasmoa antolatu dute. 100 lagunentzako lekua zuten eta bete dute jada kopurua. Kanpaina orain abiatu duten arren, urte osoan zehar eman daiteke izena Berbalagun taldeetan parte hartzeko.