Tradizio biziaren hedatzaileak

Tradizio biziaren hedatzaileak

Amaia Igartua Aristondo

Formatua eta izena moldatuta, erabateko etena saihestu zuen Galdakaoko Musika Bizian jaialdiak iaz. Antolatzaileak, Andra Mari dantza taldeak, Bizi Musika egitasmoa sortu zuen, eta urriko eta azaroko zapatuetan aritu ziren Izaro, Oreka TX eta Joseba Tapia, besteak beste, Torrezabal kultur etxean; entzuleek jesarrita aditu zituzten parte hartzaileen doinuak, halabeharrez. Estatu propiorik gabeko herrialdeetako musikariekin osatzen du egitaraua festibalak, baina, 2020an, osasun neurrien ondorioz, ezin izan zuten nazioarteko artistarik ekarri Euskal Herrira.

Aurten, ordea, ez dute formatu alternatiboetara jo beharrik izan: Musika Bizian bere horretan itzuliko da bihar eta etzi, zazpigarren aldiz dagoeneko, ohiko formatuan eta ohiko tokian —Galdakaoko Iturrondo plazan kokatutako karpa handi batean—. 2019ko aldiarekin alderatuta, bi aldaketa baino ez dira egongo: emanaldi bakoitzak 600 pertsonako edukiera izango du, eta une oro maskara eraman beharko da jantzita karparen barruan. Antolaketa “zaila” egin zaien arren, pandemia aurreko jaialdira ahalik eta gehien hurbiltzen ahalegindu dira, Jon Gomez Garai Andra Mari dantza taldeko musikariak azaldu duenez. “Barra jarriko dugu, jatekoa ere egongo da, eta kontzertuak zutunik ikusi ahal izango dira”.

Kontzertuak 20:00etan hasiko dira jaialdiko bi egunetan. Gaur, I Beddi Siziliako taldea igoko da aurrena oholtzara; hurrena, Xabi eta Kristina Solano eta Kimuak Dantza Kolektiboa ariko dira, eta beste hainbat musikarik lagunduko diete agertokian. Zapatuan Kurdistango Adir Jan taldeak emango du lehen kontzertua, Feroe uharteetako Danny Baldursson musikariak joko du ondoren, eta Skakeitan talde euskaldunaren abestiekin bukatuko da jaialdia.

Hein batean, iazko asmoekin bete dute aurtengo egitaraua; hainbat arrazoirengatik, ezin izan zituzten musikariok programatu 2020ko egitasmo alternatiboan, eta 2021ean ekartzea erabaki dute, Gomezek dioenez. “Iazko egitaraua aurtengora atzeratu dugu. Agian, iaz ekar genitzakeen Xabi eta Kristina Solano eta Kimuak dantza taldea, baina Skakeitan ekartzeak ez zuen zentzurik, leku itxi batean egin zelako eta jendeak jesarrita egon behar zuelako”. Kanpoko taldeei dagokienez, urtebete egon behar izan dira zain ezagunak zituzten musikari horiek ekartzeko.

Kontzertuez gain, bestelako ekintza batzuk ere egingo dituzte, eta horretan ere itzuli dira lehengora: emanaldien aurretik, 19:00etan, Taberna Ibiltaria taldearen ikuskizuna egongo da karpan bertan gaur, eta Beti Jai txaranga ariko da bihar Iturrondo plazako inguruko kaleetan, ordu berean. Bihar, halaber, musika tradizionalen egileen azoka egongo da 12:00etatik aurrera.

Musika Bizian 2

Folka baino gehiago

Jaialdia 2014an antolatu zuten lehenbizikoz, eta ordutik estatu propiorik gabeko 22 herrialdetako musikariak izan dituzte Galdakaon: Euskal Herrikoez gain, Quebec, Eskozia, Katalunia, Galizia, Bretainia, Korsika, Man uhartea, Sahara eta Palestinako artista edo taldeak entzun ahal izan dituzte, besteak beste. Hain zuzen ere, jatorri aniztasuna da jaialdiaren irizpide orokorra egitaraua taxutzeko orduan, Gomezen arabera. “Ahalegintzen gara herrialdeak ez errepikatzen, eta, oraingoz, lortzen ari gara”.

Halaber, asmoa beti izan da euren hizkuntzan abesten duten artistak ekartzea. Kasu batzuetan, haien kulturako musika tresna tradizionalak erabiltzen dituztenak lehenetsi dituzte, baina ez beti, Gomezek zehaztu duenez. “Egia da folka dela nagusi, baina ez da folk jaialdi bat, askotariko publikoa eta gazteak erakarri nahi ditugulako”. Hori horrela, lehen egunean doinu tradizionaletara jo ohi du festibalak, baina haiengandik urruntzen ahalegintzen da bigarrenean.

Egitaraua atontzeko beste irizpideetako bat da hori. “Barikurako, saiatzen gara folk ukitua duten taldeak ekartzen, formatu lasaiagoa dutenak”. I Beddi taldea jo dute egoki egun horretarako. 2005. urtean sortu zen Siziliako musika tradizionala berpizteko asmoz, eta ordutik dabiltza berreskuratutakoa nazioartean hedatzen. Hala nola harmonikarekin, mandolinarekin eta soinuarekin laguntzen dituzte hitzak. Orobat, Xabi Solano ere doinu tradizionaletatik abiatzen da, nahiz eta modernoagoekin batzen dituen, eta dantza tradizionaletan oinarrituta daude, halaber, Kimuak Dantza Kolektiboaren koreografiak.

Zapatuan ere talde “lasaiago” batekin hasten direla dio Gomezek. Aurten, Kurdistango Adir Janekin. “Kantariaren izena darama taldeak, eta arrakasta handia du. Musika alaia da, eta ez du doinu elektronikorik”. Queer poesia, folka, mistizismo sufia eta rock psikodelikoa nahasten dituzte abestietan.

Larunbateko bigarren emanaldia zubi bat izaten da, nolabait, aurreko lasaitasunaren eta osteko zalapartaren artean, eta Feroe uharteetako Danny Baldursson izango da aurten katebegi hori. Musika elektronikoa egiten du. “Erritmo aldaketa egiten dugu, gaua joan dadin pixkanaka-pixkana erritmo biziagoak hartzen”. Hala, Skakeitan taldearen bizitasunak itxiko du aurtengo jaialdia.

Musika Bizian 3

Euskal taldeekin bat eginda

Galdakaoko Andra Mari dantza taldearen ildoari erreparatuta, ia saihetsezina dirudi Musika Bizian bezalako jaialdi bat sortu izana. 65 urte baino gehiagoko ibilbidea du, Gomezek gogoratu duenez, eta denbora horretan euskal dantza eta musika berreskuratzen eta transmititzen aritu da lanean, besteak beste. Bide horretan, nazioarteko jaialdi askotara joan izan dira —beti Euskal Herriaren ordezkari gisa, Gomezek azpimarratu duenez—, eta beste hainbat kulturarekin egin izan dute bat haietan, lehendik ezezagunak zituztenak, asko.

“Konturatu ginen badaudela gure egoeran dauden beste kultura eta hizkuntza batzuk; alegia, ez daukatenak estatu propiorik euren hizkuntza eta musika babestu eta hedatuko duenik. Sare sozialetan eta komunikabideetan agertzen diren herrialde gehienek estatu propioa daukate”. Arreta gutxiago jaso ohi dutenen adibideak eskaintzen ditu jaialdiak.