Hiriak artearekin biribiltzea

Hiriak artearekin biribiltzea

Amaia Igartua Aristondo

“Pandemiaren erruz, etxe barruan sartu behar izan genituen normalean kanpoan egiten ditugun ohiko jarduera asko, eta tarte horretan faltan sumatu ditugu kalea eta espazio publikoa, desiraz begiratu ditugu”. Hala ere, askotan nahikoa da ezaguna denetik apur bat aldentzea hura begi berriekin ikusteko, eta erreparatu gabeko ertzak eta, are, arantzak antzemateko. Eta alde hori ere aintzat hartu du Gorka Rodriguez Oleak, Bilboko Urbanbat fest jaialdiko zuzendariak: “Itxialdiak agerian utzi du kaleak gabezia asko dituela, eta berriro irten garenean, ohartu gara oinordetzan jasotako hiriak, ofizialki planifikatutako eguneroko hiri horrek, ez dituela betetzen zeregin guztiak”.

Egoera horren inguruan hausnartuko du, oro har, jaialdiaren hamargarren aldiak, azaroaren 5etik 21era, zuzendariak azaldu duenez. Hizpide izango dute nola “moldatu” daitekeen hiria betebeharrak ase ditzan, eta jomuga izango dute hiriaren “etxekotzea”: hain zuzen, “hiria etxearen luzapena bilakatzea”. Hirigintza eta arkitektura du oinarrian festibalak, baina gogoetok helarazteko bestelako diziplinetara ere jotzen dute, batik bat artistikoetara, eta askotariko uztarketen gune bat hautatu dute aurten ekintza gehienak antolatzeko: Zorrotzaurre uharteko Terminal fabrika artistikoa.

Rodriguez Olearen iritziz, gabeziak “azken hamarkadetako” berak dira, baina orain “gehiago nabarmendu dira”. Identifikatuak dituzte: “Oso modu produktibistan diseinatu izan dira hiriak, ekonomia makinak bihurtu dira, eta etxeko esferara mugatu dira zainketak eta harremanak. Horrekin lotuta, oso nabarmena da mugikortasun pribatuak betetzen duen tokia: autoak, garraioetarako azpiegiturak… Bestalde, naturarekiko harremana eta errespetua galdu ditugu, eta erabat kutsatu dugu hiria ekoizpen beharrei erantzuteko”.

Kalea bilakatu denez “ekoizpen harremanetarako, leku batetik bestera mugitzeko eta kontsumitzeko tokia” bakarrik, “espazio publikoa birpentsatzeko beharra dago”, zuzendariaren arabera. “Berreskuratu beharko genuke harremanetarako eta berrikuntzetarako leku eta esparru politiko eta kultural moduan”.

Urbanbat fest 2

Hori dena nola helarazi

Urbanbat fest “ez da hirigintzaren eta arkitekturaren inguruko kongresu bat edo ohiko topaketa bat”, Rodriguez Oleak azpimarratu duenez. “Jaialdi kultural baten moduan planteatzen dugu. Gogoeta horiek guztiak egiteko, beste begirada batzuk behar ditugu, eta artearen eta kulturaren lengoaiek asko aberasten dute hausnarketa. Sortzen dituzten subjektibitate berri horiek oso garrantzitsuak dira guretzat”.

Esaterako, azaroaren 6tik 21era arte erakusketa bat izango da Terminalen, CCCB Bartzelonako Kultura Garaikideko Zentrotik ekarritako Polis. Espazio Publikoko Europar Sarien 7 ikasketa, David Bravok komisariatutakoa. “Beste hainbat lekutan diseinatu dituzten hiri jasangarriagoak, pertsonei egokituagoak eta demokratikoagoak aldarrikatzen ditu, eta adibideak ematen ditu, posible dela erakusteko”. Denera, 28 lan dira, zazpi ataletan banatuak: memoria, mugikortasuna, nahasketa, urertzeko hiri eremuak, ertzak, merkatuak eta demokrazia.

Erakusketaren inaugurazioan —azaroaren 6an, 19:00etan—, beste diziplina bat batuko zaio eskaintzari: sukaldaritza. Urtero proposatzen diote Sergio Rivera Terminaleko sukaldariari sor dezala jateko zerbait jaialdiaren ardatzaren inguruan, eta aurten pintxo sorta batean mamituko du hiriaren gabezien inguruko gogoeta. “Narratiba bat sortzen du sukaldaritzaren bidez”.

Azaroaren 19an, berriz, Pedro Torrijosek hitzaldi bat emango du Terminalen; kontakizuna izango da, orobat. Izan ere, ikus-entzunezko kodea erabiliko du, “hitzaldiaren eta komentatutako pelikulen arteko nahasketa” den formatua, zuzendariaren hitzetan. Sare sozialetan garatzen du moldea Torrijosek. “Astero istorio bat kontatzen du fikziozkoak diruditen arkitektura ia-ia ezinezkoei buruz. Jaialdian istorio bat kontatuko digu hainbat filmetako sekuentziak erabilita”.

Musika ere uztartuko da arkitekturarekin, musikari zein arkitekto diren hiru lagunen eskutik, azaroaren 20an. Bidegurutzeak: musika eta arkitektura solasaldian, Nuria Molinerrek, Ibon Bilbaok eta Antonio Giraldezek bere esperientzia helaraziko dute, eta Ama Sayk kontzertu batekin biribilduko du ekitaldia.

Urbanbat fest 3