Ibai Maruri Bilbao
Lendoñobeiti, Lengoñogoiti, Belandia eta Mendeika herriek Larruzabalgo Batza osatzen dute, eta, Urduña hiriarekin batera, Urduña udalerria. 1516ko maiatzaren 4an, Larruzabalgo Batza haritz zahar baten azpian bildu zen, haien ondasunak, eskubideak, usadioak eta ohiturak arautu eta defendatuko zituen testu juridiko bat onartzeko. Espainiako Diputatuen Kongresuak Toki Araubidearen Oinarrien Espainiako Legeari 2013an egindako erreformak arriskuan ipini zituen, izaera juridikoa kendu zielako. Horregatik, Urduñako Udala Larruzabalgo Batzako lau herriotako kontzejua foru arau bidez legeztatzea eskatzen hasi zen. Zazpi urteren ondoren, joan den astean onartu zuten Bizkaiko Batzar Nagusiek foru araua. “Ia negar egin nuen. Oso momentu hunkigarria izan zen guretzat. Orain, behintzat, legezko aitortza dugu”, esan du Lendoñobeitiko alkate Mercedes Elejaldek. Bizkaian dauden udalerriak baino lurralde eremu txikiagoko erakunde bakarra da; 150 biztanle inguru dituzte.
Foru arau berriak Lendoñobeiti, Lendoñogoiti, Belandia eta Mendikako auzo alkateen hautaketa arautzen du: nor izan daitekeen alkategai, noiz hautatu behar den, zelan bozkatuko den, zelan zenbatuko diren botoak, eta zelan ordainduko diren hauteskunde gastuak. “Oso garrantzitsua da, baina ez da nahikoa”, ohartarazi du Urduñako Udaleko Obra eta Zerbitzu zinegotzi Juanjo Sanzek. Beste foru arau bat gura du Urduñako Udalak, falta direla uste duten beste arlo batzuk ere arautzeko. “Lau kontzejuetako bakoitzari ahalak eta eskumenak aitortu beharko zaizkie, zelan antolatuko diren arautu beharko da, prozedura juridikoen xedapenak, kontzejuen ogasuna, ondasunak… Azken batean, Arabako Batzar Nagusiek 1995ean onartutako foru arauaren antzekoa behar dugu Bizkaian ere”. Zinegotziak aitortu du Arabak arautzeko premia handiagoa izan dutela, herrialde historiko hartan 330 kontzeju daudelako.
Urduñako lauretan kontzejua irekia da: herrian bizi diren erroldatu guztiek dute parte hartzeko eta auzo alkatea hautatzeko aukera. Haiek denak izan daitezke hautatuak, gainera. “Alkateak administrazioko izapidegile hutsak dira; kontzejuak erabakitakoa betetzea da euren lana”, zehaztu du zinegotziak. Hala aukeratu zuten duela hemezortzi urte Elejalde. Agintaldia bukatzean, hogei urte egingo ditu alkate gisa.
Aurrekontuetan, parte
Euren lurraldea kudeatzeko hainbat eskumen dituzte lau alkateek, bideen, basoen eta uraren kudeaketetan. “Gure arbasoek utzitako baliabide naturalak dira. Baita gure arteko errespetua ere. Hori guztia zaintzen eta gordetzen dugu”. Aberastasun natural handia dute, baina baliabide gutxi hura kudeatzeko. “Eskerrak gure herritarrak oso konprometituak diren. Landa inguruan jendea oso ohituta dago auzokoari laguntzera. Horregatik, zerbait komuna egin behar denean, denontzat ona denean, gehienek esku hartzen dute”. Egin beharreko hori egiteko profesionalen bat kontratatu behar dutenean, orduan etortzen zaie gastua. Diru laguntzak eskatzen dituzte.
Urduñako Udalak 25.000 euro ematen dizkie urtero. Biztanleriaren arabera banatzen da lauren artean: gehien Belandiak jasotzen du, 9.000; gutxien, Lendoñogoitik, 4.000. “Urtero, lauretako bakoitzari eurek zehazten duten obra baten erdia finantzatzen diegu”, azaldu du Sanzek. Baina ohartarazi du ez dela nahikoa. Horregatik, eskatzen ari diren foru arau berriak, Bizkaiko 112 udalek bezala, diru laguntza publikoetarako eskubidea aitortzea gura dute. Hau da, foru aurrekontuetan Larruzabalgo Batzako lau herriak ere kontuan hartzea.
Elejaldek esan du berak erakunde publikoen babesa izan duela bere ibilbidean. Kargua lehenengoz hartu zuenean Lendoñobeiti “egoera txarrean” egon zela gogoratu du. “Dena zegoen egiteko”. Esaterako, eliza, baseliza, dorretxea eta zubiak, denak zeuden konponketa beharrean. “Orain atzera begiratu eta pentsatzen dut ezingo nukeela egin; garai hartan egoera ekonomikoa askoz oparoagoa zen. Apurka-apurka, gogor lan eginda, eta diputazioaren laguntzarekin, herria altxatu genuen”.